2025-12-16
HomeEkintza SindikalaLABek kontzentrazioa egin du biltegien pribatizazioan eta enpleguaren suntsiketan aurrera egiteko Osakidetzako...

LABek kontzentrazioa egin du biltegien pribatizazioan eta enpleguaren suntsiketan aurrera egiteko Osakidetzako zuzendaritzak eta enpresek egindako bileraren aurrean

Gaur, Osakidetzako zuzendaritza hainbat enpresarekin biltzen hasi da Osakidetzako biltegien pribatizazio proiektuarekin aurrera egiten jarraitzeko. Osakidetzako zuzendaritzak pribatizazioarekin tematuta jarraitzen duela salatzeko mobilizatu gara. LAB sindikatuak OARC/KEAO-ri aurkeztutako helegiteen aurrean eta OARC/KEAO-k berak prozesuaren kautelazko gelditzea erabakitzeko aukeraren aurrean ezikusiarena eginez.

LABek kautelazko geldiaraztea eskatu du. Hala ere, zuzendaritzak aurreranzko ihesaldian jarraitzen du eztabaida eta halako neurriko proiektua ezartzeko beharrezkoa den negoziaketa eragotziz. Iurretako plataforma logistikoak, zuzendaritzak diseinatu duen bezala, plantillan eragin handia izango du hainbat kategoriatako lanpostuen desagertaraztea ekarriz, hala nola, zelariak, administrari-laguntzaileak, gidariak, zerbitzuetako langileak…

Plataformaren kostua 130 milioi ingurukoa da. Osakidetzako zuzendaritza, publikoa den eraikina egin eta haren ustiapena eta kudeaketa enpresa pribatuei oparitzera ausartzen ari da. Hau da, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako arduradunek hainbeste goraipatzen duten eta osasun publikorako hain kaltegarriak diren Isabel Diaz Ayuso bezalako pertsonaien kudeaketa EAEn imitatzen ari diren publikoa eta pribatuaren arteko elkar hartzearen beste adibide bat.

Ez dago arrazoirik plataforma logistikoaren ustiapena pribatizatzeko, Osakidetzako kontratazio-zerrendetan milaka langile daude eskatzen zaien tokira lan egitera joateko. Gainera, gaur egungo 48 biltegietako langileak ikusten ari dira zuzendaritzak, berriro ere, arriskuan jartzen dituela sektore publikoko lanpostuak, zehaztasun falta, omisio, anbiguotasun eta faltsukeriak dituzten pleguen bidez.

Osakidetzako oraingo eta aurreko zuzendaritzaren politika pribatizatzaileak ez dira berriak, ezta euren plantillaren gaitasunarekiko mespretxua ere. LABetik, orain arte, 30 kanporatze-plegu inpugnatu ditugu, 160 milioi euroko kanporatzeen geldiaraztea izan dutenak ondorio moduan.

Proiektu honen iluntasuna erabatekoa da. Ez da azalpen bat ere eman mahai sektorialean eta Legebiltzarretik informazioa eskatu denean, EAJk modu anbiguoan eta gezurrekin erantzun du.

Ohartarazi behar dugu, beraz, proiektu hau ez doala soilik plantillaren interesen aurka edota osasun publikoa indartzearen aurka. 130 milioi euroko aurrekontua duen proiektu honek, herritarrei bizkarra emanez, gure osasunarekin eta lanpostuekin negozioa egitera datozen enpresen eskuetan amaituko du.

Osakidetzako zuzendaritzari biltegien pribatizazioa bertan behera utzi eta sindikatuekin negoziazio-prozesu bat hasteko exijitzen diogu. Osakidetzako kate logistikoa optimizatzeko, dagoeneko kontratatuta dituen eta gaur egun lan logistikoak ondo egiten ari diren profesionalekin egitea eskatzen dugu.

Egintza burutuen aurrean, publikoaren eta pribatuaren arteko esku-hartzearen aurrean eta enpleguaren suntsiketaren aurrean, mobilizazioa baino ez zaigu geratzen.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Langileon Donostia eraikitzera goaz!

Donostiar gehienon lan eta bizi baldintzak etengabe okertzen ari dira eta eraiki hitza da azken aldian gure hirian hitzetik hortzera dabilena. Turismoan oinarritutako postalezko hiria da eraikitzen ari direna, hain zuzen ere, gutxi batzuen interesak hiritarron beharren gainetik jarrita.

Presoen etxeratze bidea ezin da gehiago atzeratu

ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, HIRU, EHNE eta Etxalde sindikatuek elkarretaratzeak egin dituzte gaur Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean, “Ezin da gehiago luzatu,...

Zerbitzu publikoetan euskaraz lan egin eta bizi ahal izateko bermeak exijitu ditu LABek Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Euskarafoboak diren alderdi eta sindikatuen aurrean, euskaraz lan egitea eta euskaraz artatua izatea eskubide gisa tinko defendatzeko ordua da. Horregatik, Nafarroako administrazio publikoetan euskarak...