2026-09-29
HomeEkintza SozialaLABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera...

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

LABen, Izarkomen eta Goienerren iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak diren oinarrizko beharrizanen gaineko kontrol herritar eta komunitarioa berreskuratzea. Baita eredu jasangarriagoak, interkonektatuak eta burujabeak eraikitzea, Euskal Herria ardatz izango dutenak, eta euskal herriko langile klasearen energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubide bezala bermatzera bideratuak.

Hiru erakundeontzat, funtsezkoa da eremu publikotik eraldaketa honetan aurrera egiteko baldintza ekonomiko, politiko eta sozialak bermatzea. Halaber, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen paradigmapean kokatzen diren Goiener eta Izarkom bezalako kooperatibek paper garrantzitsua jokatzen dute telekomunikazioen eta energia sektorearen oligopolioari aurre egin eta aipatu alternatiba gorpuzteko: trantsizio ekosoziala, energia eta telekomunikazioen demokratizazioa eta jasangarritasuna, zerbitzu hauek euskaraz eskaintzea, eta burujabetzan aurrera egitea.

Sistema itzali eta alternatibak pizteko elkarlana

2025eko apirilaren 28ko itzalaldi handiak oligopolioen esku dauden azpiegitura kritikoekiko erabateko menpekotasuna eta gure gizartearen zaurgarritasun sakona utzi zituen agerian. Egoera horren aurrean, urteurrenean “Itzali sistema, piztu alternatibak” manifestua sustatu zuten Izarkom eta Goienerrek eta besteen artean LAB sindikatuak babestu zuen, oinarrizko zerbitzuen kontrol demokratikoa eta sare autonomo nahiz komunitarioak eraikitzeko premia aldarrikatuz.

Elkarlanaren fruitu LABen telekomunikazioak eta egoitzetako energia hornikuntza osorik Izarkom eta Goienerrek egiten dituzte egun. Izarkomeko kide Iker Garaialdek aipatu duenez garrantzitsua da erakustea ekonomia sozial eraldatzaileko alternatibak ez direla norbanakoei zuzendurikoak bakarrik, baizik eta erakunde handiagoei ere zerbitzua emateko baldintzetan direla egun Euskal Herrian.

LABeko kide Iratxe Delgadoren hitzetan, asko dira burujabetza eta eraldaketa sozial klabetan ekonomia sozial eraldatzaileko eragile hauekin konpartitutako ikuspegiak, baloreak eta elkarlan espazioak dinamika sozial ezberdinetan; horrekin batera, LAB hitza eta ekintza da, eta beraz, telekomunikazioen eta energiaren oligopolioetatik askatzeko, sindikatu gisa emandako urratsaren balio politikoa azpimarratu du.

Goienerreko Maria Arretxek aurreratu duenez, LABeko eraikinetan autokontsumo instalakuntzak ezartzeko dagoen potentziala arakatzen ari dira, energia kontsumoaren eremuan garaturiko elkarlana energia berriztagarrien ekoizpenera ere hedatzeko helburuarekin. Hiru erakundeek aurrera begirako elkarlan aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dute. Bizitzeko funtsezkoak diren ondasun eta zerbitzuen kontrola oligopolioen esku kontzentratzen ari delarik, izaera ezberdinetako eragileen arteko elkarlana jarri dute balioan, betiere lan eta bizi-baldintza duinen, burujabetzaren eta trantsizio ekosozial justuaren norabidean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

CCOOk Gipuzkoako zerbitzuguneen sektoreko langileak saldu ditu

Sektorean indar gutxiengoan egonik, AEGA patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu du.