Sektorean indar gutxiengoan egonik, AEGA patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu du.
CCOOk Gipuzkoako gasolindegietako langileak saldu ditu, patronalarekin eragin mugatuko akordioa sinatu baitu. Hilabeteetako blokeo egoeraren aurrean, borroka sindikala eta kapitalarekiko konfrontazioa bilatu beharrean, gehiengoak ez errespetatzearen hautua egin du.
Nabarmena da LABek, ELAk eta UGTk osatzen duten gehiengoaren aurka patronalak eta CCOOk egin duten kanpaina zikina. Lerroburuan aipatu bezala, azken horiek sektoreko langileengan eraginik izango ez duen akordioa erdietsi dute, zer eta langileek historikoki aldarrikatu dituzten hainbat neurriri bizkar emanez, hala nola lanaldi murrizketa esanguratsuari, igande eta jaiegun berezietako plusari, kontziliaziorako behar bezalako baldintzei eta, finean, aberastasunaren birbanaketa justuagoari. Ekintza antidemokratiko horrek, gainera, hurrengo lau urteak baldintzatuko ditu sektorean.
LABen ustez, Gipuzkoan hitzarmen duina lortzeko borrokara jo beharra zegoen, eta aldarrikapen horri eutsi dio 2026ko urtarriletik oraintsura arte. Gainerako sindikatuak batzeko zailtasunak zailtasun, uztailean, ELA eta UGT sindikatuek LABen erronkari eutsi eta borroka zikloa batera aktibatzeko beharra ikusi zuten. Ordea, gaurko traizioak sektorearen gehiengo zabalak (%70’27ak) zuen borrokatzeko grina zapuztu du.
Negoziazio guztian zehar CCOO gezurretan aritu da eta gainontzeko sindikatuoi leporatu digu hitzarmenaren negoziazioaren blokeoa. Are, sindikatu horrek adierazi du “sektoreko langile gutxi batzuen erruz” ez dagoela hitzarmenik. Bada, horixe da, hain zuzen ere, CCOOk egin duena. Hots, sindikatu batek sektoreko langileak batasunerantz bideratu ordez, bereizketara bideratzea. Horrek duen esanahi sinboliko negatiboa ikusgarria da.
LAB sindikatuak Euskal Herriko langile klasearen artikulazioan eta askapenean lan egiten jarraituko du eta Gipuzkoako zerbitzuguneetan ere beste hainbeste egingo du. Hauteskunde sindikalen epealdi trinkoa den garaiotan, argi dago sektoreko langileek gogoeta egin beharko dutela bi ereduren artean aukeratzeko. Lehena, CCOOrena; langile klasea saltzen duena. Bigarrena, LAB sindikatuak lideratzen duena; langile klasearen defentsan aritzen dena.

