Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.
Komunikabideek bitartez jakin ahal izan da atzo Babacar Welle, senegaldar jatorriko bizilaguna, hil zutela Hondarribian, Udaltzainek arauzko armaz hiru tiro egin izanaren ondorioz. Ezer baino lehen, LAB sindikatuak elkartasuna adierazten die bere familiako eta komunitateko kide guztiei.
Tamalez, hau ez da kasu isolatu bat. Indarkeria poliziala hauspotzen duen segurtasun ereduaren beste adibide bat da, ekidin zitekeen muturreko gertakari lazgarria. Gogoratu dezagun orain gutxi, ekainaren 24an, Ander Sáenz Torrontegi Santurtziko gaztea hil zela bertako udaltzainen esku-hartze bortitz baten ondorioz.
Babacar Welle Hondarribiko zerbitzu sozialek artatu izan duten bizilaguna izan da, osasun mentaleko arazoak zituena eta udaltzainentzako ezaguna, aurrez gertaturiko esku-hartzeak tarteko. Edonola ere, ez dago udaltzainen neurrigabeko indarkeria hori justifikatzeko inolako arrazoirik; ez atxiloketek edota aurretiazko ikerketek, ezta arma zuri bat eramateak ere ez dute zilegi bihurtzen. Horregatik guztiagatik, gertakariak argitzea eta esku-hartzean jardun zuten udaltzainen eta beren arduradun zuzenen zein politikoen ardurak argitu daitezela exijitzen du LABek, halako gertakari larririk berriz ere gertatu ez dadin.
Ditugun zerbitzu publikoak ahulak direla agerian uzteaz gain, kasu honek erakusten du, beste behin ere, segurtasun ereduaren zein polizia ereduaren inguruko urgentziazko eta errotiko aldaketak ezinbestekoak direla esku-hartzeetan prebentzioa, pertsonen babesa eta eskubideen errespetua lehenets daitezen. Horretarako, LABek gatazkak konpontzeko bitartekaritza metodoetan oinarrituko den formazioa exijituko du, udal langile diren polizien profilak eta funtzioak zehaztuz, eta formazio interkultural eta antiarrazista eskatuko du, baita hautaketa prozesu propioak adostea eta gardenak izango diren kontrol mekanismo zorrotzak ezartzea ere.
Halaber, LABek kezkaz bizi du azken hilabeteotan Euskal Herriko hiriburu eta udalerri garrantzitsuenetako batzuen ordezkaritza politikoa dutenen narratiba, gero eta arriskutsuagoa dena, begirada eta praktika gero eta arrazistagoak naturalizatzea ahalbidetzen baitu.
Abuztuan Bilboko alkateak eginiko adierazpenak gogorarazi ditu sindikatuak, kale salmentan aritzen diren pertsonei talde kriminaleko kide izatea egotzi baitzien, manteroak estigmatizatuz. Uztailean, berriz, Donostiako alkatearen eskutik Kaleko Afari Solidario (KAS) proiektua debekatu egin zen eta, ondoren, hura sostengatzen duten pertsonen kriminalizazioa etorri zen. Horrelako adierazpenek, neurri batean, indarkerian eta ordena sozialaren ezarpen zorrotzean oinarritzen diren polizien abusuzko jarrerak areagotzea dakarte.
Arauzko-armaz eginiko hiru tiro ez dira inolaz ere beharrezkoak edo ezinbestekoak. Berriki Donostiako bizilagun batek balkoi batetik espaloian eserita zegoen gazte migratu bati botatako aire konprimatuzko tiroak ere guztiz onartezinak dira. Horrek guztiak logika sakon bati erantzuten dio: gero eta modu arriskutsuagoan indartu eta zabaltzen den arrazakeria estrukturala -euskal erakundeetan, segurtasun indarretan, gure auzo eta herrietan- eta horren ondoriozko muturreko indarkeria. “Ez dezagun onartu inbasioaren erretorika eta horrek dakartzan ondorioak Euskal Herrian normalizatzea”, ohartarazi du LABek.
Amaitzeko, LABek elkartasuna adierazi die Babacar Welleren familiari eta Hondarribiko komunitate senegaldarrari; era berean, bat egiten du gaur arratsaldeko 17:00etan Martxoak 8 plazan egingo duten elkarretaratzearekin.

