2024-04-25
HomeOharrakEkintza SindikalaLAB sindikatuaren agerraldia gipuzkoako batzar nagusietan

LAB sindikatuaren agerraldia gipuzkoako batzar nagusietan

Langileontzak ondorio sozial oso larriak izaten ari den krisi sakon baten erdian gaude eta Gipuzkoan ere badu eragina noski. Langabeziaren datuak izaten dira adierazgarrienak eta egoeraren gordintasuna azaltzen dutenak: Gipuzkoan 45.337 langabe daude, 21.478 gizon eta 23.859 emakume, %13,47. Horietarik %40k ez dun inolako prestaziorik jasotzen, langabezi prestazioa %37ak jasotzen du eta beste %21ek subsidioa.

Madriletik Gipuzkoako langileoi inposatzen ari zaizkigun erreforma eta murrizketa desberdinek lan harreman eta jendarte eredua goitik behera aldatu dute. Langabeziara kondenatzen gaituzte, negoziazio kolektiborako eskubidea lapurtu digute, zerbitzu publikoak suntsitzen dira eta garatu ahal izateko oztopoak jartzen dira eta horrela langileon eskubideen kontrako zerrenda amaigabe bat. Azken batean, jendartearen prekarizazio orokorra ematen ari da.

Epe motzean, ez dago indikadore bakar bat ere, egoerak hobera egin dezakeela pentsatzera eraman gaitzakeenik, kontrakoa baizik. Eta hori da batez ere azken egun hauetan ikusten ari garena, bankuen erreskatea dela eta. Argi dagoena da berriro ere banketxeak diru publikoarekin lagunduko dituztela eta bai ala bai erreskate hau langileok ordainduko dugula, murrizketa berri eta handiagoak izango direlako.

Lurrikara ekonomiko honen erdian, krisiaren inguruan egiten ari den kudeaketa guztiz antidemokratikoa da. Erabakiak elite ekonomiko txiki batek hartzen ditu, herritarren inolako parte hartzerik gabe eta erabakiak inposatu egiten dira. Erabakiguneak ez daude gobernuentan, instituzioetan, parlamentuetan… orokorrean, salbuespen bat edo beste kasu, hauek men egiten dute eta kapitalaren zerbitzura jartzen dira. Ez dago egoera honetara ekarri gaituzten kapital finantzieron edota multinazional handien aurkako erabaki bakar bat ere. Krisia langileok ordaintzea erabaki politiko bat da.

Kapitalismoa lan harremanetan nahi duena egiteko erabateko aldebakartasuna legeen bidez lortzen ari da, erabateko desoreka ematen da patronalaren mesedetan. Negoziazio kolektiboaren bidez lortutako akordioek balioa galtzen dute, enpresariei nahi dutenean soldatak murriztu edota lan baldintzak aldatzeko erraztasun guztiak ematea bermatzen dizkielako legediak, edota admnistrazioaren papera desagertu egiten da, orain ERE bat onartzeko ez da lan delegaritzarik behar, eta ez da argudio sendorik eman behar jendea kaleratzeko nahi dutenean ia doan jendea kaleratu dezakete.

Eta enplegua galtzeko beldurra, langabeziaren arriskua, bihurtu da lantokietan langileen kontrako xantaia elementurik nagusiena. Langileek enplegua kolokan ikusten badute, mehatxua izan edo ez, soldatak murrizteko edota lan baldintzetan atzera eginarazteko anestesia bihurtzen ari da beldur hori. Enplegua kolokan ikusten denean, bestelako eskubideen alde borroka egitea zaila suertatzen da.

Testuinguru honetan patronalak orokorrean eta ADEGIk ere bai, hartutako bidea epe motzeko irabaziak ateratzea da, langileoi ahalik eta zuku gehien ateratzea, lan erreforma desberdinek eskaintzen dizkieten aukerak azken muturreraino eramanaz.

Azken batean lehiakortasuna lortzeko eta irabazi tasak mantentzeko bide bakarra langileen lan kostuen murrizketan aurkitzen da. Guk argi dugu lehiakortasuna ezin dela lan kostuen murrizketaren kontura bermatu, beti egongo direlako merkeago produzituko duten herrialdeak. Bestelako eztabaida batzuk egin behar dira, langileen eskubideak bermatuko dituen lan harreman eredua eraikitzeko ze nolako garapen eredua behar dugun eztabaidatu behar da, ze nolako politika industriala egin behar den, nolako sektore publikoa eta zerbitzu sozialak behar ditugun etab. Azken batean enplegua non eta nola sortu daitekeen, berrikuntza, prestakuntza, inbertsioak dira landu behar direnak eta ez kapital humanoari inolako garrantzirik ematen ez dion lan harreman eredua.

Negoziazio kolektiboan Herrialdeko hitzarmenak hiltzen uzteko erabaki politikoa hartu dute, negoziazioak enpresa eremura mugatuz eta honela euskal herriko langileen gehiengoa negoziazio markorik gabe utziz, estatuko konbenioen menpe. Beraz momentu honetan garrantzi eta balio politiko handia du negoziazio kolektiboaren defentsak.

LABen hasieratik argi izan dugu, erreformak ezartzen dizkigun joko arauak ez ditugula ontzat emango eta proposamenak egin ditugu negoziazio kolektiborako marko propioa eraikitzeko. Proposamenaren helburua negoziaziorako markoa blindatzea eta lortutako akordioek balioa izan dezaten da, enpresariei adostutakoa aldebakarrez aldatzeko aukerei mugak ipiniz.

Oso kritikoak gara enpresarien jarrerarekin. Konfrontazioaren aldeko hautua egin dute. LABek argi du konfrontazioa indartu behar dela, mobilizazio soziala indartu behar dela lantokietan eta lantokietatik kanpo, azken urteetan burutako borrokari segida eman behar diogula eta berriro ere urte gogorrak ditugula aurrean.

Euskal Herriko langileen gehiengoak, lanaren eta aberastasunaren banaketa justuago batean oinarritzen den beste eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzea nahi du. Lan harreman eredu berri bat nahi du, euren interesak defendatzeko modu bakarra delako.

Urrats berrietan sakondu behar dugu, alternatibaren bidean. Proiektu ekonomiko eta sozial desberdinak posible dira eta horiek aurrez aurre jarri behar ditugu, kapitalismoarekin aurrez aurre jarri behar dugu beste eredu sozial eta ekonomiko baten beharra.

Espainiar ekonomiaren menpe jarraitzea zama handi bat bilakatu da euskal ekonomiarentzat. Honek herri ariketa bat egitea eskatzen du, krisiari irtenbide propio eta demokratikoa eman behar zaio, herri moduan. Eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzea euskal herriko eragile politiko sindikal eta sozialen esku dago. Bada garaia Euskal Herriak behar dituen eztabaidak egiten hasteko eta krisi honetatik ateratzeko behar beharrezkoak diren akordioak eraikitzeko.

Euskal Herriak hartu behar ditu erabakiak langileen parte hartzea bultzatuta. Testuinguruak burujabetza politiko eta ekonomikoaren aldeko borrokan sakontzeko aukera berriak eskaintzen ditu. Burujabetza prozesua azkartu behar da. Azken batean aldaketa sozialak burutzeko aldaketa politikoak behar direlako. Guk argi dugu, euskal herriko interes ekonomiko eta sozialentzat, irtenbidea ez dela Iñigo Urkulluk planteatu duen Estatu Ituna. Irtenbidea Euskal Herrian dago.

Instituzioek ere paper eta zeregin garrantzitsua dute jendartearen gehiengoaren mesedetan izango den eredu sozial eta ekonomiko berri baten eraikuntzan. Elite ekonomikoei mesede egiten dieten erabakiak alde batera utzi behar dira eta langileen parte hartzea sustatu behar da erabakietan.

Gipuzkoa Aurrera izan zen aurreko legegintzaldian sortu zutena, bertan ez zegoen langileen parte hartzerik, ez zegoen sindikaturik eta hori guretzat onartezina da. Beraz erabaki egokia iruditzen zaigu bertan behera utzi izana.

Egungo instituzioek mugapen legal handiak dituzte eredu ekonomiko eta sozial alternatibo bat eraikitzeko. Hori ezin da aitzakia izan, ordea, bestelako politika publiko batzuk egiten hasteko eta eredu aldaketaren mesedetan jartzeko.

Ematen ari den zentralizazioak, uniformizazioak, erreskateak etab. inoiz baino ageriago uzten dute instituzioetatik iniziatiba politikoa hartu eta gatazka politikoa sustatu behar dela hemen eredu ekonomiko eta soziala erabakitzeko bitarteko juridiko eta politikoak eskuratu ditzagun. LAB horretan bidai lagun izango da.

Donostian, 2012ko ekainaren 27an

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.