2024-04-25
HomeEkintza SozialaKutxaren batzordeko ELA eta LABen ordezkariek ez dute parte hartuko Banku-Fundazioaren Patronatua...

Kutxaren batzordeko ELA eta LABen ordezkariek ez dute parte hartuko Banku-Fundazioaren Patronatua izendatzeko prozesuan

ELAk eta LABek ez diote babesik emango Kutxabanken pribatizazioari.

Kutxarentzako Estatutu-proiektuan, zeina EAJ, PSE eta PPren artean adostu duten, esaten da Kutxa Banku-Fundazioaren Patronatuan langileen ordezkariak izango direla. Bihar, hilak 17, Enpresa-Batzordearen bilera bat deituta dago gai hau aztertzeko. ELAk eta LABek uste dugu izendapen hori egiteak Estatutuak onestea esan nahi duela, eta bidenabar Kutxa Banku-Fundazio bihurtzea.

ELAk eta LABek hasieratik adierazi dute Kutxabanken kapital pribatua sartzeko aukeraren aurka daudela, eta salatu egin dute Kutxak likidatu eta Kutxabank pribatizatzeko prozesua (Bizkaia eta Araban hau aurreratuta dago, Kutxak banku-fundazio bihurtu baitira; halaber, patronoak ere izendatuta daude: hauek inolako kontrol publiko eta sozialik gabe erabakiko dute akzioen salmenta).

Bizkaia eta Araban egin duten gauza bera orain Gipuzkoan proposatzen dute, azaleko aldaketa txiki batzuk gorabehera, jendarteari sinetsarazteko gauzak hobeto egingo direla.

ELAk eta LABek goitik behera baztertzen dute norabide horretan urrats gehiago egitea, eta Euskal Kutxen izaera publiko eta sozialaren defentsa exijitzen dugu; kutxetan jasotako aurrezkia euskal jendartearentzat erabilgarri izan behar da, ez akziodunen onerako. Aurrezkiarekin zer egin behar den Euskal Herrian erabaki behar da, ez banku handien bulegoetan.

Jarraitu beharreko bidea botereen mesedetan erabakitzen duten alderdi politikoek (EAJ, PP eta PSE) eta zenbait sindikatuk hautatu duten estrategia salatu behar dugu: CCOOek eta Gipuzkoako Pixkanakak Kutxabank Euskal Kutxen pribatizazioan lankide izatea erabaki dute, erakundeon izaera publiko eta sozialaren lepotik; horrela babesa ematen diote langileen baldintzen okertzeari eta enplegu galerari.

Behin eta berriz esan dugu Kutxabankek hartutako bideak baduela alternatibarik; honi buruzko eztabaida soziala hasi beharra zegoela adierazi izan dugu. Horren ordez aukera bakarra jarri dute mahai gainean, inolako eztabaidarik gabea. Kutxako Patronatuan langileen ordezkariak izendatzea Mario Fernandez Kutxabankeko buruak daraman atzerabiderik gabeko egintzen logikaren baitan dator; esaterako, hark jendaurrean adierazi zuen -baita gero errepikatu ere- Kutxabanken kapitalaren %70, gutxienik, kapital pribatuaren esku jartzeko borondatea.

Astia badago; alternatibak ere bai, hil honetan bertan argitaratu diren ikerketek adierazten duten moduan. Hots, gauzak bestela egiteko aukera badago, baldin eta borondate politikorik egotekotan.

Euskal Herrian, 2014ko irailaren 16an
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.

Lan osasuna bermatzeko prebentzioa jorratzea premiazkoa dela aldarrikatu dugu sindikatuok

Gaur, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan gauden honetan, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde, HIRU eta CGT (Nafarroan) sindikatuok osatzen dugun intersindikalak irmoki salatu dugu langileok gure osasuna jokoan ipintzen dugula, bizitza duin baterako diru sarrera nahikorik bermatzen ez duten enpleguetan.

Nafarroako Arartekoak Hezkuntzari gomendatu dio Lanbide Heziketan diharduten PTak ere “saritu” ditzala

LABek eskatuta, Patxi Verak zuzentzen duen erakundeak Hezkuntzari eskatu dio beharrezko neurriak har ditzala Lanbide Heziketako PTei ere aplikatzeko DBHra atxikita daudenek jasotzen duten soldataren %5,45eko osagarria.