2026-06-20
HomeZerbitzu PublikoakEnplegu PublikoaArabako enpresetan gertatzen den diskriminazioa eta iruzurrarekin amaitzeko eskatu dugu

Arabako enpresetan gertatzen den diskriminazioa eta iruzurrarekin amaitzeko eskatu dugu

LABek irailean egindako agerraldi batetik abiatuta, gaur, kontratazioan ematen diren iruzurra eta diskriminazioari buruzko mozio bat eztabaidatu dute Arabako Biltzar Nagusietako Plenoan. Hori dela eta, elkarretaratze bat egin dugu Probintzia Plazan, aldundiaren aurrean, Araban enplegu duina aldarrikatzeko.

Gaur, hilak 29, mozio bat eztabaidatu eta onartu da Arabako Biltzar Nagusietan, enpresetako kontratazioan ematen diren iruzurraren eta diskriminazioaren inguruan. Mozio honen abiapuntua sindikatuaren agerraldi bat izan zen, pasa den irailean Enplegu Batzordean Arabako lan merkatuaren azterketa eta gure kontratazio proposamena aurkeztu baikenituen. Hori dela eta, elkarretaratze bat burutu dugu Arabako Foru Aldundiaren aurrean “Ni fraude ni discriminación, ARABAn ENPLEGU DUINA” lelopean.

Lehenik eta behin, salatu nahi dugu Arabako Biltzar Nagusiek beste alde batera begiratu dutela denboraz luzez eta soilik eztabaida bertara eraman dugunean hitz egin dela honetaz. Kontratazioan dauden iruzurra eta diskriminazioa aspalditik datozen arazoak dira eta LABen ustez, erakunde publikoek behingoz esku hartu behar dute beraiek ezabatzeko.

Hala eta guztiz ere, positiboki baloratzen dugu mozioa adostasun handiz onartu izana. Ikuskaritzak tresna eta bitarteko gehiago behar dituela uste badugu ere, LABen aburuz iruzur eta diskriminazioaren kontrako mozio hau abiapuntua izan daiteke erakunde publikoek esku hartzeko Patronalak eta, oro har, enpresa handiek mantentzen duten jokabideei aurre egiteko eta behingoz egoera larriak konpontzeko. Ildo horretatik, eta mozioaren 3. puntuaren deialdiari helduz, LABek, zenbaitetan beste sindikatu batzuekin batera jada enpresa batzuetan proposatu du kontratazio eredua alde guztien artean adostea, irizpide garden, objetibo eta ez-diskriminatzaileak aintzat hartzeko.

Edonola ere, ezin dugu ahaztu Arabako erakundeek eta PNV, PSE eta PP alderdiek hilabeteotan erabateko babesa ematen dietela Patronala eta herrialdeko enpresa handiei, noiz eta Ikuskaritzak berak beraien iruzurra ebatzi duenean, noiz eta diskriminazioa eta entxufismoa inoiz baino ageriagoa direnean. Eta ez hori bakarrik, enpresa iruzurtiak eta diskriminatzaileak txalotzeaz gain, Patronalaren TRIPARTIOAk (PNV-PSE-PP) zergak jaitsiko dizkiete, herritarron kaltetan.

Horregatik, LABek lanean jarraituko du mozio hau paper hutsean ez gelditzeko eta erakundeen inplikazioa bultzatzeko. Aldi berean, gure kontratazio-proposamena zabaltzen jarraituko dugu, bai gizarte eragileen artean bai enpresetan, iruzurra eta diskriminazioa ezabatzeko eta azken batean Araban enplegu duina, kalitatezkoa eta bermeekin lortzeko.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...

HHEEetako zerbitzu orokorretako langileak beharra sortzen denean bertan ordezka ditzaten exijitzen dugu

Dagoeneko bi ikasturte oso daramatzagu Nafarroako Gobernuko haur eskoletako zerbitzu orokorretako langileen ordezkapenak egiteko arazo larriekin. Horrelako kontratazioak, egiten badira, oso berandu egiten dira, zoritxarrez. Eta batzuetan enpresa pribatuetara ere jotzen dute kontratazioak egiteko. Horrek tentsio larria eta gainkarga handia eragiten die langileei, horretarako beharrik izan gabe.

Bilboko udal eraikinetako garbitzaileek udalari exijitu diote behingoz ardura har dezala gatazkan

Lan baldintzak hobetzeko bederatzi greba aste egin ostean, atseden hartzeko unea iritsi zaie, baina ohartarazi dute datorren ikasturtean indartsu berrekingo diotela borrokari.