2026-01-23
HomeEmakumeakMartxoak 8Karta soziala feminismotik eraikitzen

Karta soziala feminismotik eraikitzen

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta eraldaketa sozioekonomikorako tresna bat da; aliantza sozio-sindikal herritar zabal batetik abiatuta, Hego Euskal Herriko erakundeei interpelatu eta exijitu egiten die erabakiak har ditzaten, egungo desberdintasun sozial egoera konpontzearren. Hainbat antolakunde, mugimendu sozial eta sindikatutako feminista ugarik hartu dugu parte prozesu honetan, eta adierazi dugu Kartaren ardatz nagusietako bat feminismoa izan beharko dela emakume eta gizonen arteko zinezko berdintasunaren aitortzarekin batera.

Prozesu ireki horretan izan gara, eta bagaude ere oraindik. Esaterako, iazko urtarrilaren 11en Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta, Bilbon asanblada feminista arrakastatsu bat antolatu genuen eta han Kartaren printzipio eta alternatibetarako ekarpen asko bildu ziren. Era berean, urte bereko otsailaren 1an 20 nazionalitate desberdinetako emakume migratzailerekin egindako tailer-topaketan beraien ekarpenak jasotzeko aukera egon zen. Ariketa kolektibo honek gure presentzia eta ekarpenak islatu zituen Kartaren esparru eta ardatz guztiak eraikitzerako orduan.

Feministok baditugu proposamenak aurrekontu-politiketan; arlo fiskalean; enpleguaren eta sozialki ezinbestekoak diren lanen birbanaketan; ingurumen- eta kultura-politiketan; aniztasunen aitortza eta errespetuan; biolentziarik gabeko bizitza baten defentsan; sexu- zein ugaltze-eskubideetan; krisiaren eragin negatiboa genero ikuspegitik aztertzerakoan; zaintzen aitortza eta berrantolaketa sozialean.., baita bizitzaren iraunkortasuna eta bizitza onaren aldeko apustuari dagokionez ere, besteak beste. Gure agenda ez da “emakumeen kontu”etara mugatzen; osotasunaren zati bat gara, eta ez da txorakeria gogoratzea biztanleriaren erdia ere bagarela.

Halaber, datorren martxoaren 7an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, berriro bilduko gara, norabide horretan parte hartzen eta aurrera egiten jarraitzeko.

Bestalde, ohartzen gara arrisku bat badagoela, alegia, emakumeen beharrizan eta aldarrikapenak errebindikazio orokorren multzoan baztertuta geratzea. Premiazkoa eta garrantzitsua zer den, bien arteko hautua, hor dago beti, eta horri dagokionez adi egon behar gara errebindikazioen bat egiteak eta imajinario sozial bateratuak begirada feminista ere aintzat har dezan.

Aliantza sozio sindikalaren abiapuntu hainbat errealitate eta ikuspuntu dira, zeinek agerian uzten dituzten eguneroko bizitzan aurrez aurre topatzen ditugun zapalkuntza desberdinak: klasea, arraza, adina, kultura, hautu sexuala, jatorri geografikoa edota egoera administratiboa, aniztasun funtzionala.., eta, noski, sexu-genero sistema bera ere, dominazio ardatz desberdinak zeharkatzen dituena.

Ikusten dugunez, agerikoak dira arrazoiak eta bat egiteko beharra organizazio, mugimendu sozial eta sindikatu desberdinentzat ibilbide kolektibo honetan sortuko diren zailtasun guztiei aurre eginez.

Aurtengo martxoaren 8 honetan, feministok aldarrikatzen dugu beste eredu ekonomiko eta sozial baten eraketan emakumeok nahitaezko subjektu politikoak garela eta Euskal Herriko Karta Sozialaren eraikuntzan feminismoa ezinbestekoa dela. Hau dela eta, Martxoaren 14ean emakumeok ere kaleak okupatuko ditugu aldaketa feminista ez bada ez delako benetako aldaketa izango.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

1.500 ordezkari baino gehiago elkartu ditu LABek egunotan, martxoaren 17ko greba orokorra lantzeko

Greba orokorrerako deia herriz herri, auzoz auzo eta lantegiz lantegi ari da zabaltzen LAB. Egunotan, eskualdez eskualde batzarrak egin ditu, eta ehunka ordezkari elkartu ditu.

Arabako ardogintzako hitzarmena berritzeko mahaia osatu da

Gaur, Urtarrilak 23, negoziazio berria martxan jarri da, LAB-ek gehiengoa duen sektorean. Bilera honetan, aurreko hitzarmenak jasotzen zuen KPI berrikuspen klausula dela eta, %2ko igoera...

Martxoak 3: langile memoria zaindu eta sindikalismo soziopolitikoari eusteko deia egin du LABek

Martxoaren 3aren urteurrenaren harira, egitarau oparoa antolatu du LABek, hitzordu nagusia martxoaren 3ko ekitaldi nazionala eta mobilizazioa izango dituena. Duela 50 urte nola, sindikalismoak...