2024-04-19
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaJaurlaritzak hezkuntza politika murriztatzailea aldatu ezean mobilizazio fase bati ekingo diogu

Jaurlaritzak hezkuntza politika murriztatzailea aldatu ezean mobilizazio fase bati ekingo diogu




LAB, STEILAS eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika murriztatzailea errotik aldatzea eskatzen diogu. Orain arteko negoziazio mahaietan murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertu. Bere jarrera aldatu ezean otsailaren 16an hiru sindikatuok mobilizazio fase bati ekitea erabaki dugu.

Steilas, LAB eta ELA sindikatuon oharra
Irakaskuntza publikoko irakasleen aurkako murrizketa politikak aldarazteko mobilizaziora deitzen dugu Steilas, LAB eta ELA sindikatuok

Eusko Jaurlaritzak eta Hezkuntza Sailak hezkuntza sistemaren kalitatea eta lan baldintzen duintasuna ez du lehentasunen artean.

Irakaskuntza publikoko irakasleen mahai sektorialean azaldu ziguten moduan, hezkuntza sistemak behar duen inbertsioari heldu ordez, bankuekin duen zorra kitatzeak lehentasuna izango du, langile, ikasle eta familiekin duen ardurari muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak gure aberastasunaren %3,6 besterik ez du bideratzen hezkuntzara (EB28k %5). 2009tik 222 milioi euro murriztu duelarik aurrekontua, inbertsioaren %4,3tik %3,6ra pasa da. Zorraren ordainketa aldiz %0,8tik %11,1era pasa da, 1.086€ gehiago, alegia.

Urtez urte, Madrilgo eta Gasteiz gobernuak murrizketak bata bestearen gainean ezarri dizkigute hezkuntza sisteman eta irakasleon lan baldintzetan egoera jasan ezina bilakatu arte.

Honen ondorioz,hezkuntzako gainontzeko eremuetan bezala, Irakaskuntza Publikoko irakasleon lan baldintzek okerrera egin dute nabarmen azken urte hauetan.

Azken urteetako matrikulazioak nabarmen gora egin duen arren plantilak ez dira neurri berean hazi. Ikasle gehiago geletan sartzearen ondorioz, hezkuntza sistemak behar dituen baino 1.800 irakasle gutxiago ditu.

Irakasleen artean %31koa behin-behinekotasuna, horrek hezkuntzaren kalitatean, ikastetxeen antolakuntzan eta langileen lan-baldintzetan dituen ondorio larriekin. Jaurlaritzak, ordea, ez du inolako asmorik agertu arazo hau behin betiko konpontzeko.

Plantila beharrak asetzeko eta behin-behinekotasuna nabarmen gutxitzeko 6.000tik gora lanpostu behin-betiko egonkortu beharko lituzke jaurlaritzak.

Honi lotuta, ordezkapenik ez da egiten edo kasu askotan astebeteko atzerapenez egiten dira. Ondorioz, milaka irakastordu galtzen dira urtero, gainerako irakasleen lan-kargak handitzen dira eta ehunka ordezko geratzen dira lanik gabe.

Erretiro aurreratua edota 58 urtetik aurrera irakastorduen gutxitzea ezinezko bihutu du Hezkuntza Sailak. Horrek, irakasle lanetan ari direnen bataz-besteko adina izugarri handitzea ekarri du eta plantilen berritzea eragozten du. Kontutan izan behar dugu irakasle finkoen bataz-besteko adina 50 urtetik nabarmen gora kokatzen dela.

Hezkuntza Sailak gaixotzea zigortzen jarraitzen du, sarritan gaixorik ere lan egitera bultzatuz soldata murrizketarik ez jasateko.

2010az geroztik soldatak murrizteaz gain eroste-ahalmen galera izugarria inposatu digute hezkuntzako langileoi. %13tik gorako eroste-ahalmena galdu dugu, hau da 2010etik 24.000€tik 40.000€ra bitarteko galera kidego eta talde ezberdinen baitan. Oraindik 2012an kenduriko abenduko ordainsariaren %75 bueltatzeke du gobernuak. Eta hau horrela izanik, %1eko soldata igoera lotsagarria besterik ez digu eskaini. 

Hezkuntza Sailak gai hauen guztien inguruan ez du inolako elkarrizketa eta negoziaziorik buru nahi. Orain arteko negoziazio mahaietan aipaturiko murrizketak inposatzen jarraitzeko asmoa besterik ez du agertzen.

Are eta gehiago, murrizketei bide eman zien gutxiengo sindikalarekin sinaturiko 2010-12 akordioa bera aldebakarrez aldatzen ari da murrizketak areagotzeko ikastetxeetako lanpostuak murriztuz, lan baldintzak okertuz eta irakasleon lan zama handituz.

STEILAS, LAB eta ELA sindikatuok Eusko Jaurlaritzari bere hezkuntza politika errotik aldatzea eskatzen diogu, hezkuntza inbertsioa igoz, plantilak handituz, lanpostuak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik eginez, 58 urtetik aurrera irakastorduak murriztuz eta erretiroa erraztuz, gaixotasun bajak ez zigortuz eta galduriko eroste-ahalmena berreskuratuz.

Hezkuntza Sailak bide honetan pausorik ematen ez duen heinean, sindikatuok mobilizazio fase bati hasiera emango diogu datorren otsailaren 16tik aurrera.

  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.

24 orduko jardunaldiaren ostean bi orduko lanuztea egingo dugu gaur Ugaon, Envases enpresako langileek eta gizarte eragileek deituta

Envases enpresako langileak greban daude apirilaren 8az geroztik, multinazionalak duela hilabete baino gehiago aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espedientea dela eta.

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.