2026-03-10
HomeEkintza SindikalaJai egunetan irekierarik eta erosketarik ez egiteko eskatu dugu

Jai egunetan irekierarik eta erosketarik ez egiteko eskatu dugu

Nafarroako merkataritzan lanean ari diren langileek agerraldi bat egin dute gaur, Iruñeko Decathlon dendaren aurrean, jai egunetan erosketak ez egiteko eskaera luzatzeko kontsumitzaileei. hain zuzen ere, jai eguna bada ere, zenbait merkataritza gune apirilaren 13an irekiko dutela iragarri dute egunotan. Horren aurrean, jai egun eta igandeetan 0 irekiera egoteko aldarrikatu dugu. Bestalde, Donostian ere ibili gara gure aldarria zabaltzen, Erdialdeko kaleetatik barrena, Aste Santuko oporren etorrerarekin dendek ireki ez dezaten eskatzeko.

Iruñean egindako agerraldian, LABek gai honen inguruan lanean jarraitzen duela nabarmendu dugu, jai egun eta igandeetan 0 irekiera egoteko. Merkatal guneei datorren apirilak 13 ez irekitzea exijitu diegu, eta erosketak egiteko asmoa duen jendeari ez erosteko eskatu ere. Hausnar dezaten ea beharrezkoa den jai egunetan erosketak egitea eta, modu honetan, nafar asko lan egitera behartzea.

Jai egunetan irekitzeak ez du enplegua sortzen, langileen lanaldia luzatu baino ez du egiten. Irekiera hauekin ezinezkoa da bizitza laborala familiarekin edo aisiarako denborarekin uztartzea.

Merkataritza gune handien onurako baino ez da. Merkataritza txikia kaltetu eta saltoki txikien itxieran eragiten du. Gehiegizko kontsumoa bultzatzen du. Ordutegi komertzialak jada nahiko zabalak dira erosketak egin ahal izateko.

Honengatik guztiagatik, erosleei dei egin diegu jai egunetan ez erosteko, merkatari txikien itxieran eta egun hauetan lan egitera behartuak gauden langileen prekarietatean eragin zuzena baitu honek.

Bestetik, Nafar Gobernuari argi eta konplexu gabe jokatzea eskatu diogu, jai egunetan irekitzearen inposizioaren kontra kokatzea eta merkataritzako langileen alde egitea, aldaketaren lau alderdiek sinatutako akordio programatikoa islatzen duen moduan. Kontsumitzaile eta merkatariei zuzendutako kontzientziazio kanpaina bideratu dezala eskatu diogu, jai egun eta igandeen 0 irekierari bideratuta, denek gure aisialdia disfrutatzeko eskubidea izan dezagun.

Hau guztia gertatu arte, LABek langileen ondoan jarraituko du, kalean, jai egunetan lan ez egitea eta ez erostea eskatuz.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Lanuzteak eta greba Hazten eta Sortulekun, emakume eta adingabeentzako zerbitzuen narriaduraren aurka

Hazten eta Sortuleku baliabideetako langileok, otsailaren amaieran egindako azken batzarraren ondoren, martxoan bi lanuzte eta bi greba egun deitzea erabaki dugu, bi baliabideek bizi...

Ibaiondoko langileek benetako negoziazioa aldarrikatu dute eta askatasun sindikalaren aurkako jarrera salatu

Gaur, Ibaiondo zentroko langileek Eusko Jaurlaritzako Alorreko Mahaiaren hasiera oztopatu dute Lakuan, azken asteetan mobilizazioetan erabilitako “Ibaiondo Borrokan” lelodun txalekoak jantzita eta euren aldarrikapenak...

AEBek eta Israelek egindako azken eraso inperialista gaitzesten du LABek

Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek enegarren eraso militar inperialistari ekin diote Ekialde Hurbilean. Palestinako herriaren aurkako genozidioari eusten dioten bitartean, Iran eta Libano jarri...