2026-09-26
HomeEkintza SindikalaIbaiondoko langileek benetako negoziazioa aldarrikatu dute eta askatasun sindikalaren aurkako jarrera salatu

Ibaiondoko langileek benetako negoziazioa aldarrikatu dute eta askatasun sindikalaren aurkako jarrera salatu

Gaur, Ibaiondo zentroko langileek Eusko Jaurlaritzako Alorreko Mahaiaren hasiera oztopatu dute Lakuan, azken asteetan mobilizazioetan erabilitako “Ibaiondo Borrokan” lelodun txalekoak jantzita eta euren aldarrikapenak karteletan erakutsiz. Ibaiondo zentroa, epaileak hala aginduta, internamendu egoeran dauden adin txikikoen hezkuntza zentroa da.

Langileek benetako negoziazioa eskatu dute hainbat gairen inguruan. Alde batetik, Ordutegi Bereziari buruzko Akordioari dagokionez, helburua lanaldiak eta lan-baldintzak modu berezian arautzea da. Bestetik, lan-poltsen araudia eta langileak funtzionarizatzeko proposamena dira mahai gainean dauden gaiak.

Langileek salatu dutenez, duela gutxi arte koordinazio-bilerak modu telematikoan egiteko zuten aukera kendu diete. Aukera hori galdu ondoren, mobilizazioak hasi dituzte eta euren protestetan “Ibaiondo Borrokan” lelodun txalekoak erabiltzen hasi dira.

Ondoren, txalekoak erabiltzeagatik mehatxuak jaso dituzte. Gainera, Ibaiondoko enpresa-batzordeak —LAB, ELA eta CCOO sindikatuek osatua— salatu du zentroko zuzendaritzak debekatu diela txaleko horiek jantzita lan-eremuetara sartzea, “adingabearen interesaren” aitzakiarekin. Batzordearen arabera, neurri honek askatasun sindikalaren aurkako jarrera adierazten du, mobilizazioak eta lan-gatazka ikusezin bihurtzeko asmoz.

Enpresa-batzordeak azpimarratu du orain arte egindako mobilizazioek ez dutela hezkuntza-esku-hartzean edo zentroaren segurtasunean interferentziarik eragin, eta adingabeekin dituzten zereginen garapen normala errespetatuz egin direla.

Hori guztia dela eta, Ibaiondoko langileek negoziazio kolektibo erreala eta eraginkorra eskatu dute, eta mobilizazioekin jarraituko dutela adierazi dute lan-baldintza duinak bermatu arte.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Udalhitzeko negoziazioari atea itxi diote EAJk eta PSEk, EHBilduk negoziatzen jarraitzeko borondatea agertu duen bitartean

Urriaren 8ra bitarteko epea daukate edukiak ekarri eta langileen ordezkariekin adosteko. Bestela, udal sektore osoak grebara joko du.

Greba mugagabean dauden ITASUAko langileei babesa erakusteko manifestazio jendetsua Bergaran

Dagoeneko 77 egun daramatzate greban Zarauzko eta Bergarako Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren (IAT/ITV) zerbitzuko beharginek, eta enpresa mugiarazi eta negoziazioaren blokeoa eten arte borrokan segitzeko...

LABek eta ELAk bilera eskatu diogu Pradales lehendakariari, 1.500 euroko gutxieneko soldataren alde patronalari aurre egin diezaion eskatzeko

Gutxieneko soldata Hego Euskal Herrian erabakitzearen aldeko 145.000 sinadura jaso eta greba orokor arrakastatsu bat egin ondoren, LABen eta ELAren iritziz Eusko Jaurlaritzak ezinbestean gizartearen nahiari bide eman beharko lioke eta Imanol Pradales lehendakariak lidergo argia erakutsi beharko luke patronalaren zein PSE-EEren eta EAJren betoa gainditzeko.