2026-02-03
HomeBBVA Sail SindikalaAlbisteakISTORIO NEOLIBERAL BAT

ISTORIO NEOLIBERAL BAT

ZER EGIN? BETIKO DILEMA

Eta zer egin dezakegu bankako langileok bizi dugun egoera honetan?
Gehienok hiru tximinoena egiten dugu: hobe ez ikusi, ez entzun eta batez ere ixilik egon. Erreakzio naturala egia esan, gaur egungo egoera txarrean: “ezagutzen den txarra ez da hain txarra”. Baina jarrera honek ez du arazoa konpontzen, orduan “Besteen gaitzetan ipiñi begiak ta ikusi nondik diran etorriak”… eta badatoz bankara ere.

90. hamarkadatik hona estatuko bankan birmoldaketa “bigun” bat bizi izan dugu lanpostu zuzen asko galdu izan direlarik (80.000 inguru) baina galera horren gehiengoa era “leunean” egin da, aurrejubilazioen bitartez. Orain, berriz, neurri latzagoak ari dira hartzen plantila murrizteko. “Bankarizatutako” kutxa edo porrot egindako bankuetako langileek, Banco de Valencia bezalakoak derrigor onartu behar duten trasladoa edota “adostutako” kaleratzearen arteko “hautua” egin behar izan dute, eta kasu batzuetan ezta hori ere, kalera eta kitto. Guzti hori estatuko edo korporatiboak diren sindikatu mantsotuek onartutako EEEn (enplegu erregulazio espedientea) bitartez. Baina balizko kaudimendunak diren bankuetan ere EEEak planteatzen ari dira, Caixabanken kasu, edota gauzak larritzen hasiak dira. Santander eta BBVAn, adibidez, “produktibitate bajua”argudiatuz lehen urriak ziren kaleratzeak areagotzen ari dira. Eta hurrengoa… zein izango da?

Etorriko dena latza izango dela susmatzeko bi argudio nagusi ditugu: bat, aurrejubilazioak despidoak baino garestiagoak direla, eta bi, giro soziala eta lan arloko legislazioa gero ta errezago egiten dute neurri gogorrak ezartzea langileen kalterako. Zer egin, beraz?. Gure iritziz, ostrukarena ez du balio orain ekaitzari aurre egiteko. Arazoari era kolektiboan erantzun behar diogu, irtenbideak adostuz eta indarrak batuz. Ez da erreza izango, badakigu. Banakakeria muinetara sartuta dugu, bai pertsonalki zein sindikalgintzan. Baina bizi dugun egoera larriak bat egitea eskatzen digu, behartzen zaitugu, premia haundiz gainera, bestela are txarragoa bihurtuko da. Denon artean ezinezkoa bada, burua erabat ustela ez dugun pertsonen arteko eta zorroa hipotekatuta ez dugun sindikatu eta erakundeen arteko ekintza bateratua ezinbestekoa dugu.

Bankako LAB Sail sindikalak bi ardatz edo lan-ildo nagusiak planteatzen ditugu:
• Bat, bankako langile gisa ditugun oinarrizko interesak defendatzea. EZ NEURRI GOGORRIK, EZ DESPIDU EZTA BEHARTUTAKO TRASLADORIK. Finantzar arloko birmoldaketa egin behar ba da, borondatezko neurrien bidez izan dadila, aurrejubilazioak batez ere. Gaur BONUS eta DIBIDENDOTAN banatzen duten diruak NEURRI EZ TRAUMATIKOAK FINANZIATZEKO izan behar dira. Ez da bidezkoa batzuk neurribako aberastasuna pilatzea langile batzuk kale gorrian geratzen diren bitartean.
• Bi, gure zilborrari begira geratu barik, gizarteari ere elkartasunaren mezua bidali behar diogu, langileak eta hiritarrak garelako. Beraz, BANKAREN KONTROL PUBLIKOA aldarrikatzen dugu, eta egoera latz honegatik ARDURAK ESKATZEN DITUGU ere bankako zuzendariei. Islandiako eredua adibidetzat har dezakegu.

Bankako langile gisa, hauexek dira LABeko kideok izango ditugun lan-ardatzak. Beste erakunde, sindikatu eta langileekin elkartu eta bat egiten saiatuko gara, hemen Euskal Herrian, eta beste herri zein estatuetako langile eta erakundeekin ere. Beharrezkoa dugu. Aurrera bolie!.


AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...