2026-08-04
HomeEkintza Soziala Mugak Zabalduz: Errege Magoak, gerrak eta Euskal Herria

[IRITZIA] Mugak Zabalduz: Errege Magoak, gerrak eta Euskal Herria

LABeko Ekintza Sozialeko kide Miriam Diaz de Tuestak eta Mikel Alvarezek iritzi artikulu bat idatzi dute Mugak Zabalduz karabanaren etorrera dela eta.

Errege magoak ekialdetik datozela txikitatik kontatu digute; gerrak soilik ekialdean gertatzen direlaren kontakizunarekin hazi izan gara betidanik; eta gaur egun, behin eta berriro errepikatzen digute Euskal Herriak ez duela zerikusirik Ekialde Hurbilean ematen ari diren eraso inperialistekin. Errege magoak, gerrak eta gure herria. Nobela baten izenburua izan liteke, baina ez, bizi dugun errealitate gordinaren isla besterik ez da.

Euskal Herritarrok ordea, ez gaude prest beste alde batera begiratzeko eta ezer gertatzen egongo ez balitz bezala geldirik egoteko. Ez dugu ahaztu nahi orain dela hamarkada batzuk euskaldun ugarik ere, goseak jota, beste herrialde batzuetara migratu behar izan zutela, gudatik ihes egin behar izan zutela, euskaldun asko ere errefuxiatuak izan zirela eta badirela oraindik ere.

Gaizki deituriko “errefuxiatuen krisia” hau hasi zenetik milioika pertsonek beraien herrialdeak utzi behar izan dituzte arrazoi ezberdinengatik, ekonomiko, politiko edota klimatikoak direla medio hain zuzen ere. “Errefuxiatuen krisia” bezala kontzeptualizatzen dugunean, atzean dauden ardura politikoak izkutatzeko arriskuan erori gaitezke. Errefuxiatuak dira, hain zuzen ere, gutxi batzuen pribilegioen eta etekinen alde abiaturiko gerra hauen aurpegirik krudel eta latzena. Errefuxiatuak dira, gure barnera begiratzera behartu eta herri bezala, gure posizioa berrikustera bultzatu gaituztenak.

Kapitala garatzen ari den mundu mailako ofentsiba total honek aurpegi anitza duen arren, bi elementu garbi dira mahai gainean jarri direnak. Alde batetik, emakumeak direla beste behin ere kaltetuenak, haien jaioterrian, ihes-bidaian zehar, Atzerritarrentzako Zentro Itxietan etab. pairatzen duten indarkeria era askotarikoa da. Bestaldetik, gaizki deituriko “lehen munduko” langile klasearen lan eskubideak geroz eta murritzagoak diren bitartean, “hirugarren munduko” langileen kontrako erasoak interbentzio inperialisten eta biolentziaren bitartez gauzatzen ari dira. Azken errealitate horretatik eratortzen dira, hain zuzen ere, errefuxiatuen azken uholdeak eta besteak beste, Mediterraneoan ematen diren tragedia humanitarioak.

Ezin dugu ahaztu Euskal Herria zentro inperialista horretan kokatzen den herria dela eta zentzu horretan, gure herriak zuzenean parte hartzen duela oinarrizko eskubideen kontrako ofentsiba horretan. Mugak Zabalduz Karabana EH honen berri ematera dator: orain arte kanpoan salatu ditugun errealitate horiek gure herrietan ere presente daudela. Apirilaren 28tik 30era garatuko den ekimen honetan, giza eskubideen urraketa anitzak izango dira jomugan. Hendaiako Atzerritarrentzako Zentro Itxia, armak produzitzen dituen SAPA enpresa Andoainen, Iruñean Polizia Nazionalak eraildako Ndiaye senegaldarraren kasua, Bardeetako tiro poligonoa, Gasteizen hezkuntzan ematen den segregazioa, Bilboko portuan jazotzen ari diren giza eskubideen kontrako eraso larriak…

Eskubide guztiak pertsona guztientzat. Esaldi hori ez da soilik eslogan bat; esaldi hori aldarrikapen zehatz bat da. Jendarte berri bat denon artean eraikiko dugu, benetan Euskal Herri berri anitz eta justua lortu nahi badugu. Hemen bizi eta lan egiten dugunok gara, zentzu horretan, herri hau osatzen dugunak. Lan eta bizi duin bat bermatuko duen herri duin batean bizitzea da gure helburua. Euskal Herrian helburu horren alde borrokatzen ari gara eta aldi berean, gainontzeko herri langileekiko elkartasun internazionalista praktikara eramatea da gure konpromisoa. Azken finean, hauek dira egin ditzakegun ekarpenik onenak bestelako mundu baten aldeko borrokan.

Sindikalgintzak munduko langile guztien defendatzailea izateko bokazioa du, edo bestela, ez da ondo kokatuta egongo errealitate geroz eta globalizatuago honetan. LABetik argi daukagu… gora munduko langileria!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Afiliazioaren jaitsierak eta langabeziaren igoerak sistemaren narriadura erakusten dute

Iazko uztailean baino 902 langabe gehiago daude Hego Euskal Herrian, horrela, 134.433 langabe daude izena emanda. Ekainarekin alderatzen badugu ere langabeziak gora egin du,...

SOS Nafarroako langileek ohartarazten dute polizien deiak 112ra bideratzeak arriskuan jarriko duela larrialdien arreta

Informazio eta komunikazio falta langileei Lehenik eta behin, SOS Nafarroako langileen ordezkari den Langileen Batzordeak bere haserrea, kezka eta harridura adierazi nahi du komunikabideen bitartez...

Ikuskizun eta ekitaldietako teknikariek greba egingo dute Araban abuztuaren 5ean

Joan den ekainaren 21ean iragarri bezala, Ikuskizun eta Ekitaldien lehen Hitzarmena negoziatzen ari garen sindikatuok 3 greba-egun deitu ditugu EAEko hiru lurraldeetan, hiru hiriburuetako...