Bizkaiko Industriako enpresen irabaziak 1.300 milioi eurokoak izan ziren 2016an.

LAB sindikatuko Industria Federazioko kide Asier Goitiak, Iratxe Azkuek eta Eulate Zilonizaurrekoetxeak agerraldi bat egin dute gaur Bilbon. Hain zuzen ere, Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren negoziazio mahaia aitzakiatzat hartuta, LABetik ez dugula miseriarik onartuko eta lan duin eta hitzarmen duinak aldarrikatzen jarraituko dugula nabarmendu dugu. 

Patronalaren blokeo estrategia
Bide horretan, argi salatu nahi dugu, tokian toki patronalak daraman hitzarmen eta akordioak blokeatzeko estrategia.

Blokeo estrategia hori Bizkaiko metalean urteak daramagu sufritzen; kontutan eduki, hitzarmen horrek 55.000 langileri eragiten diola eta horietako %66ak ez duela hitzarmena eguneratua eta urte luzez soldatak izoztuak dituzte. Horren adibide 2008tik 2015era langile horiek %5eko eros ahalmena galdu izana Autonomia Erkidegoan. Gainera, milaka dira ere lantokiz lantoki, hitzarmen berriak edota berritzeko blokeoarekin aurkitzen diren langileak.

FVEM aberatsago eta langileak prekarioago
Patronalak, Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM), argi dauka bere norabidea zein den, 1.300 milioi euro garbi banatu zituen 2016an, eta, beraiek diotenez, 2017a hobea izan omen zen. Eta hitzarmenetan eskaintzen digutena; segurtasun eza, aberastasuna banatzeko borondate falta eta prekarietate gehiago da. Adibidez, 2016tik 2017ra behin behineko kontratu kopurua %29,3tik 32,0ra igo da eta FVEMek esan du 3.000 lanpostu sortuko direla 2018an eta Jaurlaritzak kontratuen %90a behin behinekoak izango direla. Hau da, 2.700 kontratu prekario egitea nahi dituzte; egoera are eta gehiago larrituz.

LAB akordio eta hitzarmen duinen defentsan
Guzti horregatik, LABetik ez du edonolako hitzarmenik onartuko; hitzarmen eta akordio duinak defendatuko ditugu lantokiz lantoki eta sektorean ere:

– Ez dugu langileen lan baldintzetan atzera pausurik onartuko.
– Negoziazio kolektiboko erreformatik babestuko gaituzten neurriak.
– Prekarietatearen aurka behin behineko kontratazioa mugatzea, malgutasunik onartuko ez duena, edota azpikontratazio eta ABLEak mugatu eta desagertaraziko dituena.
– Emakumeen kontratazioa bultzatu eta lan baldintzak duinduko dituena.
– Edota subrogazioa bermatuko duena.

Badakigu, ondo jakin ere, gure eskubideak defendatzeko eta lan baldintzak hobetzeko ezinbestekoa dela indarrak batzea (hain zuzen horregatik, metaleko herrialdeko azken bileran, sindikatu guztiekin bilduko ginela esan genuen) eta borrokak piztea eremu ezberdinetan eta enpresetan, helburu horiek lortzeko.

Bi mezu; langileei bata eta patronalari bestea
Maiatzaren Lehenaren bezperan, langileak antolatzera eta borrokara deitu nahi ditugu. LABek gure hazia jarri dugu Bizkaiko Metaleko mahaian eta aldarrikapenerako gutxienekoak zehaztu ditugu prekarietatea gainditu nahi badugu. Guk gaur, aldarrikapen horiek nonahi defendatzeko konpromisoa hartu nahi dugu. Hala ere, arazo horiek dira zuen lantokietan, egunero sufritzen ari zaretenak; horregatik enpresaz enpresa borrokak hirukoiztu behar ditugu; konfrontazioa delako gure lan baldintzak eta eskubideak bermatu eta bizitza duina izateko tresna eraginkorrena.

Beraz, Patronalak 1.300 milioi euro horiek atera ditzatela poltsikoetatik eta duintasunean inbertitu dezatela; lehenago edo beranduago egin egin beharko dute, LAB aurrez aurre edukiko gaituzte eta.