2026-10-02

iraultzen 169

EUSKAL HERRIAK BERE BIDEA



Langabetuen erdiak ez du inolako prestaziorik jaso-tzen. Lanean dauden 10 langiletatik 2 pobreak dira. 200.000 lagun baino gehiago pobrezia egoeran bizi dira. 35.000 familia baino gehiago inolako diru sarrera barik bizirauten dira. Eskandaluzko zenbakiak dira denak. Are eskandalagarriagoak gutxi batzuen irabazi mailen datuek ere azken urteotan etengabean gorantz egin dutela ikusita.

Muturreko egoerak biderkatzen ari dira. Euskal Herrian gosea pasatzen ari da. Gehiengoaren pobrezia eta prekarietate laboral zein sozialean oinarritutako sistema finkatzen ari dira: herritarrak eta herritarren eskubideak zapaltzean eta gehiengoaren kontra bortxakeria ekonomikoa aplikatzean oinarritzen den eredua. Eta hau guztia kapitalak aginduta, Europatik planifikatuta, Espainiatik inposatuta eta Euskal Herriko gobernuek aplikatuta burutzen ari da.

Krisia aitzakia, gestio guztiz antidemokratikoa egiten ari dira. Hori delako euren eredua inposatzeko daukaten modu bakarra. Hor ez dago krisiaren irtenbiderik; aitzitik, Euskal Herria krisi sakon eta luzera zein menpekotasunera kondenatu nahi dute, ez dagoelako pobrezian oinarritutako eredu sozial eta ekonomikotik Euskal Herriarentzat etorkizun posiblerik.

Eredu propio bat behar dugu, Madriletik edota Parisetik, banka handiaren eta multinazionalen eskutik, inportatu edo inposatuko ez dena. Eredu benetan demokratikoa, langileriaren parte hartze efektiboaz eraikiko dena.

Erantzuna eta mobilizazioa dira gai hau Euskal Herriko gobernuen agenda politikoan kokatzeko daukagun tresna eta krisi hasieratik mobilizatzeari ekin diogu, 6 greba orokor tarteko. Eta, eredu horren funtsa izango den karta soziala amaiturik, tresna hori eskutan daukagula, bigarren faseari ekingo diogu: herriaren aldarrikapena errespetatzera behartuko ditugu instituzioak, herriaren aginduak direlako jarraitu eta bete behar dituzten bakarrak

Bide hori  egiteko prest daudenekin gu ere bide horretan gure babes osoa emateko prest gaude, instituzioek, herri osoarekin batera, ezetz borobila esan diezaieten kapitalaren aginduei eta Madrileko zein Pariseko inposaketei.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du. Bagoaz bide bide hori egiten. Eta bide horretan langileriaren, langile klase osoaren, herriaren, protagonismoa funtsa izango da Euskal Herria eraikitzeko. Gure indarrez eraikiko da ala ez da izango. Langileriaren Euskal Herria izango da ala ez da izango.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.