2024-04-19
HomeEkintza PolitikoaEuskal Herria«Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA»

«Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA»

Independentistak sareak martxoaren 28an 2014ko Aberri Egunaren diseinua iragartzeko prentsaurrekoa eskaini zuen. «Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA» lelopean aurtengo Aberri Eguna apirilaren 20an Iruñean ospatuko da. 12:00etan Manifestazioa abiatuko da Golem Zinemetatik eta arratsaldeko 15:00etan Bazkaria izango da Anaitasunan. Egunean zehar Indifesta izango da Alde Zaharrean.

Aberri Eguna 2014
Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA



Euskal Herriaren etorkizunari begira garai oso erabakiorrak bizitzen ari gara. Gure etorkizuna jokoan dago eta euskal herritarrok momentuaren garrantziaz jabetu gara. Nolako etorkizuna, nolako gizartea, nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzeko garaiak datozela sumatzen dugu. Eskozia eta Kataluniara begira gaude, bere etorkizunaren eraikuntzan urrats sendoak egiten ari direlako, baina argi daukagu gure bidea geuk egin behar dugula. Helburuak finkatu, urratsak zehaztu eta geuk egin behar dugu geure ibilbidea.

Gehiengoa gara erabakitzeko eskubidea, herrien oinarrizko eskubide demokratikoa, aldarrikatzen dugunok. Erabakitzeko garaiak datoz eta erabaki egin nahi dugu. Geuk erabaki nahi dugu gure etorkizuna. Euskal herritarrok erabaki nahi dugu Euskal Herriaren etorkizuna.

Gehiengoa gara askatasuna nahi dugunok. Eskubide guztiak herritar guztiontzat eskatzen ditugu. Herritar libreen herri librea nahi dugu. Askatasunean oinarritutako bakea nahi dugu.

Gehiengoaren nahia da gure etorkizun ekonomiko eta soziala eraikitzea: justizia sozialean eta berdintasunen oinarritutako jendartea; lanpostu duinak guztiontzat; irtenbideak gazteriarentzat; zerbitzu publiko sendoak eta unibertsalak; babes sozialerako sistema indartsua; aberastasunaren banaketa justua; … pobrerik gabeko Euskal Herria.

Gehiengoak nahi dugu ustelkeria, genero indarkeria eta diskriminazioa, arrazakeria, eta abar luzea behin betirako desagertzea. Jendarte berri bat eraikitzea nahi dugu.

Gehiengoaren nahia da herritar eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna, euskaraz bizitzeko aukera, euskararen ofizialtasuna euskal lurralde osoan, euskaldun gisa agertzea munduaren aurrean, euskal kultura garatu eta munduan zabaltzea, geure hezkuntza sistema askatasun osoz eratzea.

Gehiengoa gara demokrazia nahi dugunok. Geure demokratizazio prozesua martxan jarri nahi dugunok. Euskal herritarren eskakizunak, nahiak eta beharrak bere barne hartzen dituen euskal demokrazia nahi dugu, parte-hartzailea, hurbila eta herritarra.

Gehiengo guztiei hauen aldarrikapen, nahi eta beharrei bere osotasunean erantzuten dien alternatiba bakarra independentzia da. Gehiengo independentista hori elkartu, aktibatu eta lanen jartzeko ordua da, hots, euskal Estatuaren eraikuntzarako subjektu berria martxan jartzeko garaia da. Gehiengoa gara independentzia nahi dugunok, behar dugunok.

Aberri Eguna Iruñean. Lema eta egitaraua
Egin dugun gogoetaren haritik, Aurtengo Aberri Eguneko lema "Gehiengoaren nahia, INDEPENDENTZIA" izango da, argi ikusten dugulako independentzia dela euskal herritar guztiontzako alternatibarik onena, eta gehiengoaren nahiei benetan erantzuten diena.

Iruñean egingo da Aberri Eguna apirilaren 20an, eta egun osoko egitaraua izango da. Martxa eguerdiko 12etan hasiko da Golemetan eta Sarasate Pasealekuan amaituko da, eta ondoren, bertan izango da ekitaldi politikoa. Baina ospakizunak segida izango du egun osoan zehar: herri bazkaria Anaitasuna kiroldegian, eta INDEFESTA arratsalde eta gauen zehar Iruñeako Alde Zaharrean. Adin guztietako jendearentzat ikuskizunak eta jaia.

Aberri Egun guztiz zabala eta parte-hartzailea izatea nahi dugu: independentista guztiok aniztasunean elkarturik aldarrikapena eta jaia uztartzeko eguna. Independentista guztiei Iruñeara etortzeko deia egiten diegu, denok batera gure herriaren etorkizuna erabaki nahi dugula adierazteko; independentzia nahi eta behar dugula aldarrikatzeko; gehiengoa garela erakusteko.

Zenbait dei eta ohar
1. Sarearen sorreratik herritarren auzolana eta ekarpenak izan dira mugimendu honen oinarria eta martxaren animazioan parte hartzeko aukera du mundu guztiak. Beraz trikitilari, txistulari, kantu talde, txaranga, batukada zein beste edozein musika taldek ditu ateak zabalik. Berdin dantzari, antzezle edo beste edozein ikuskizun motak. Parte hartzeko asmoa duen orok eman dezala horren berri, lehenbaitlehen, Sarean.

2. Egun osoko egitaraua aurrera eramateko bolondres askoren laguntza beharko dugu, beraz, laguntzeko prest dagoen oro Sarearekin kontaktuan jarri.

3. Aberri Egunerako deialdi-kartela berehala zabalduko dugu herri eta auzo guztietara, baina kartelak pegatzeko laguntza behar dugu. Prest dagoenak adierazi dezala bere izena eta zein tokitan kartel pegadan parte hartu nahi duen.

4. Aberri Egunerako herri bazkaria antolatu dugu Anaitasuna kiroldegian 15:00etan. Bazkarirako txartelak erosteko aukera izango da Aberri Egunaren aurreko astean 943561853 telefonora deituz edo www.independentistak.net webgunearen bitartez.

HARREMANETARAKO
info@independentistak.net
Tfnoa 943 561 853

Iruñea, 2014ko martxoak 28
INDEPENDENTISTAK Sarea

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.