2024-04-20

Iraultzen 168

elkarrizketa
Bea Martxueta eta Edurne Larrañaga



 Bea Martxueta
LABeko politika sozialetako idazkaria
Edurne Larrañaga
Eskubide sozialen Kartako talde sustatzaileko kidea

 

“PROZESU POLITIKO ETA PROZESU SOZIO-EKONOMIKOA TXANPON BERAREN BI ALDEAK DIRA, BATAK BESTEAN ERAGITEN DU ETA BATAK BESTEA GABE EZIN DU IZAN”

Beste eredu sozial, politiko eta ekonomiko baten alde aurrera egiteko tresna martxan da: Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna. LABen agendan ere gorriz azpimarratutako puntua izango da hau datorren lan-urteari begira. Gutun honen ezaugarrien inguruan eta orain arte jorratutako ibilbideari buruz Politika Sozialetako Idazkaria den Bea Martxuetarekin eta talde sustatzaileko kidea den Edurne Larrañagarekin hitz egiteko aukera izan du Iraultzenek.

Eskubide sozialen gutuna sortzeko prozesua martxan da. Nola definituko zenukete?
Edurne Larrañaga: Gure eredu propioaren alde borrokatzeko tresna da. Aktibazio sozialaz hitz egiten dugunean, honetaz ari gara, herritik eta herritarrentzat sortu den tresna erreal eta erabilgarria izango dena gure eskubideen defentsan eta eskubideok bermatuko dituen eredu berriaren eraikuntzan.
Bea Martxueta: Herriak erabaki eta diseinatzen dituen eskubide sozialen zerrenda da. Tresna honek daukan birtutea hori da, aniztasunetik lortutako emaitza dela. Behin Kartaren elaborazio prozesua bukatuta eta onartuta, eremu ezberdinetara jo beharko dugu, eta onartutakoa praktikan jartzeko gure esku dagoena egin beharko dugu. Adibide gisa, euskal instituzioetara jo beharko dugu eta esan: “hau da guk Euskal Herrian eskatzen duguna eta zuei dagokizue hori bermatzea”. Hauek dira Euskal Herrian lehenetsi behar diren interesak, hauek dira eremu sozialean ezarri behar diren eskubideak, hauek dira Euskal Herrian, behin Estatua denean, bere alor sozialean aurreikusi beharko diren eskubideak.

Nola eta ze helburuz sortu zen?
B.M.: Eskubide sozialen kartaren prozesuaz hitz egin aurretik, atzera begiratu behar dugu. Hasieratik, 2008ko egoera kapitalaren ofentsibatzat diagnostikatu zuen LABek, egun dauzkagun eskubide sozial eta laboralak ustiatzeko asmoz sortutako egoeratzat. Hau da, trantsizio prozesu bat martxan jarri dute langileen eta jendartearen babes maila ustiatzen joateko. Egoera honi eta hartzen ari diren neurriei greba orokorrez erantzun izan diegu. Lehengoa 2009an egin genuen, atzetik beste greba orokor ba-tzuk etorri dira, baita beste ehunka manifestazio, kontzentrazio eta ekimen ere. Gehiengo sindikalak, hasiera batean, eta Euskal Herriko sindikatu eta eragile sozialek, ondoren, hainbat ekimen burutu ditugu, baina momentua iritsi da non, egiten ari diren politiken larritasunaren aurrean, haratago joateko beharra agerian geratu den. Orduan, gogoeta prozesua martxan jarri zen. Honen konklusio nagusia bestelako prozesu sozial bati hasiera eman behar zaiola izan zen, dagoena aldatu nahi duen prozesu sozial bat. Prozesu sozial horri Eskubide Sozialen Kartarekin eman diogu hasiera.

Ze prozesu mota bultzatu duzue? zein dira ezaugarri nagusiak eta zergatik egin da hautu hori?
E.L.: Bizi dugun errealitateak prozesu hau martxan jartzera eraman gintuen, alde batetik, aktibazio sozialerako beharra zegoelako, eta bestetik, eraldaketa helburu hartuta, beste tresna bat behar zelako. Egoera orokorrari erantzuteko ez ezik, nork bere etxetik abiatu beharreko prozesua da. Adostasunak eraikitzeko prozesua da eta, zentzu horretan, anitza, inklusiboa, zabala, irekia, horizontala… adjektiboetan galdu gaitezke; kolektibo ezberdinek parte har-tzea bultzatzen du eta honelako borrokekin lotura zuzena ez duten bestelako sektore batzuetara ere iristea du helburu. Prozesuak berak ematen dizkigu bestelako elementu batzuk, guk hainbat helburu izan ditzakegu, baina urratsak egiten joan ahala, prozesuak berak bidea markatzen digu, prozesua bera da aurrera begirako urratsak gidatzen dituena.

B.M.: Oso prozesu zaila eta konplikatua da, lehenik eta behin, nork bere etxean egin behar duelako, eta batez ere, ariketa hori beste sindikatu eta eragileekin konpartitu behar delako. Zailtasun hori zama da, baina baita prozesuaren aberastasuna ere. Plurala da, horizontala da.

Zergatik da hain garrantzitsua prozesu hau LABentzat?
B.M.: LABentzat prozesu honek sekulako garrantzia dauka. LABek beti jarri izan ditu aldaketa soziala eta politikoa helburu gisa, beraz Karta, aldaketa politiko eta sozialerako tresna den heinean, lehentasuna da sindikatuarentzat. Esan dugun bezala, aldaketa sozialean sinisten dugunok uste dugu gure lehentasunak, sindikatuarenak baita jendartearenak ere, hortan egon behar direla, baina horrekin batera aldaketa politikoa ere kokatzen dugu. Ezin da bata bestea barik ulertu.
LABen papera prozesu honetan prozesua bera babestea, bultzatzea eta prozesua hasieratik bukaeraraino eramaten dugula bermatzea izango da. Egia da oso prozesu konplikatua dela jende eta eragile askorekin konpartitu behar delako eta adostasun batera heldu behar delako. Horregatik diogu LABen papera izan behar dela prozesua bultzatzea eta, batez ere, babestea.

Orain arte ze ibilbide jorratu da?
E.L.: Hasiera batean gune sozial eta sindikalaren iniziatibaz bide honetan urrats gehiago egiteko beharra ikusi zen eta hortik proposatu zen Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalen asanblada era-tzea. Erabakitzen duen subjektua asanblada da. Lehen asanblada Eibarren egin zen, bertan karta egiteko erabakia hartu zen kontsentsuz. Horrez gain, egoeraren zertzelada batzuk kontuan harturik eta diagnostiko batetik abiaturik, karta zergatik eta zertarako beharrezkoa den adierazi zen. Horrez gain, azpimarratu behar da prozesu partizipatiboa den neurrian, adostasunak eraikitzea dakarren duen neurrian, emaitza bezain garrantzitsua prozesua bera dela eta, ondorioz, asanbladatik asanbladara badira hainbat egiteko.

Bigarren asanblada handik hilabetera egin zen Altsasun. Aurrekoan Karta egiteko determinazioa hartu zen eta honetan pertsona batzuk proposatu ziren karta horren lehenengo zirriborroa egiteko: talde sustatzailea. Talde hau osatzerakoan nolabaiteko oreka bilatu zen adina, lurraldea, eragileen izaera… kontuan hartzeko. Horrez gain, zirriborroa osa-tzeko urrats eta epe batzuk zehaztu ziren hurrengo asanbladari begira.

Hirugarren batzarra Donostian egin zen eta, aurreko Asanbladan adostu zenari jarraiki, talde susta-tzaileak eztabaidarako lehen zirriborroa aurkeztu zuen. Zentzu honetan, talde sustatzaileak egindako lanari balioa eman behar zaio, azken hilabeteetan talde lanean sakondu eta eztabaidarako lehen zirriborroa aurkeztu duelako. Asanbladaren erabakiz, zirriborro hori 4 puntuk osatzen dute: alde batetik, hitzaurrea eta printzipioak, prosezuaren izaera eta balioak zehazten dituena, eta bestetik, eskubideak eta tresnak, herriz herri garatuko den eztabaidaren bidez osatuko dena. Horregatik tarte horretan egindako lana hain da garrantzitsua: zirriborro bat egin zen lehen esandako ezaugarri guztiekin, eraldaketa helburu duen zirriborro bat.

Urriaren 5ean izan zen azken batzarra. Ze erabaki hartu ziren bertan?
E.L.: Urriaren 5eko asanbladan zirriborro hori aurkeztu eta hortik aurrerako prozesuari jarraipena emateko, parte hartzean oinarrituriko metodologia proposatu zen, hurrengo urratsa zirriborro hori herriaren esku uztea eta herriaren ekarpenak jaso-tzea delako. Herria diogunean, lehen momentu batean, antolatuta dagoen mugimendu sindikal eta sozialaz ari gara, herriz herri, eskualde mailan, zonaldearen arabera edota nazio mailan antolatzen dena. Noski, kontutan hartu behar dugu, krisialdiak hainbat kolektibo zuzenean kolpatu dituela eta juxtu, hauek direla antolatzeko zailtasun gehien dutenak. Hortaz, kolektiboei ere bere lekua eskaini behar zaie.

Asanblada klabe izan zen gauza asko zeudelako jokoan. Prozesu honek jada ibilbide bat egina zuen, baina iruditzen zitzagun asanblada honetan asko jokazen zela aurrera egite horretan. Egia da asanblada horretara nahiko justu iritsi ginela, adibidez eztabaidarako zirriborroa agindutako data baino beranduago bidali genuen Asanbladako kideei. Honelako prozesu batean, garrantzitsua da proposamena egingo duen taldearen talde izaera indartzea, partehartzean oinarritutako prozesu baten nondik-norakoa ezagutu eta barneratzea. Hori dela eta, prozesuak berak agintzen duen bezala, etengabeak dira birmoldaketak eta egoera berriak eskatzen dituen egokitzepenak egitea. Atzerapenak atzerapen, zirriborroa aurkeztu da, hainbat hobekuntza jaso ari dira eta eztabaida prozesuaren faseak definitu zein adostu dira. Prozesua malgua izateaz gain, oso dinamikoa suertatzen ari da.

Herriz herriko prozesuan murgilduta zaudete, nola doa?
B.M.: Lehenengo egitekoa trebakuntza izan da. Herriz herri talde dinamizatzaileak sortuko dira talde horiek prosezuaren motorra izango dira herrietan, beraiek izango dira herriko mapa egingo dutenak, zenbat eragile dauden, eragileekin proiektua konpartitu, eragile horiekin ekimena landu eta kartaren diseinuan parte hartzera ekarriko dituztenak. Eta hori guztia egiteko urriaren 26an trebakuntza mintegia egin zen. Prozesu honek lan zama handia dauka eta sekulako garrantzia dute trebakuntza mintegi horiek bertan jasotzen dena gero talde dinamizatzaileek praktikan jarri beharko dutelako beren eskualdean. Momentu honetan horretan gaude, talde dinamizatzaileen trebakuntzan eta osaketa lanean.Gero talde dinamizatzaieek eskualdeko mapa osatu beharko dute eta prozesua martxan jarri beharko da, eskubide eta tresnen gaineko ekarpenak jasotzeko.

E.L.: Azkenean, zirriborro bat aurkezten da eta zirriborro hori herriak legitimatzen du. Beraz horrelako ezaugarriak dituen karta sozial bat ezin da geratu eragile edo pertsona gutxi batzuen elkarrizketan, horregatik dauka garrantzia herriz herriko eztabaida horretan ahalik eta jende gehien parte hartzen duela bermatzea, kuantitatiboki ez ezik, baita kualitatiboki ere. Hau azpimarratzen dut indar berezia egin zelako normalean parte hartzeko zailtasunak dituzten kolektiboen (emakume, etorkin, gazte eta bestelako sektore batzuen) partehartzea sustatzeko. Azkenean, prozesu politikoa eta prosezu sozio-ekonomikoa txanpon beraren bi aldeak dira, batak bestean eragiten du eta batak bestea gabe ezin du izan. Horregatik, honelako lanetan ez dauden beste kolektibo edo sektore antolatuetara ere joan nahiko genuke prozesu honen guztiaren integraltasuna ziurta-tzeko.

Zein da datorren hitzordu garrantzitsua?
E.L.: Herriz herriko prozesu honetan hitzaurre eta printzipioen gainean ekarpen eraikitzaileak, dokumentua osatzera datoztenak, jasoko dira azaroan zehar. Eztabaidaren muina, ordea, 3. eta 4. puntuetan kokatzen dugu: hirugarrena, zor zaizkigun eskubideak dira eta, eskubide horiek lortzeko behar ditugun tresnak, laugarren puntua. Hau oinarrizko eztabaidarako zirriborroa da eta hemen bai planteatzen dugu ekarpenak herriz herri jasotzea dokumentua aberasteko, hau bai osatu behar dugu gauza asko falta baitira, gauza asko daude hobetzeko.

Abenduaren 14ean izango da datorren asanblada eta bertan lehen eta bigarren puntuak onartuko dira, asanbladak hala onartuko balu, eta aldi berean, neurgailua izango da aurrera begirako urratsak zehazteko. Ekarpen prozesua, eztabaida prozesua herrietan nola dagoen baloratu, jasotako ekarpenak zenbat izan diren baloratu… Neurgailu bat izango da datozen urratsei begira. Inflexio puntu garran-tzitsua izango da.

Hortik aurrera, Karta esku artean izanda, zein dira LABen ustez egin beharreko urratsak? Ze erabilera eman nahi zaio?
B.M.: Guk abian jarri duguna prosezu soziala da. Honelako prozesu batez adierazi nahi dugu orain dugunarekin ez gaudela ados. Honekin LAB, Euskal Herriko mugimendu eragile sozial eta sindikalekin batera, eraldaketa prozesu batean murgildu da. Prozesu honen lehenengo geltokia karta soziala da, baina prozesu honek geltoki asko ditu. Geltoki horiek zeintzuk izan daitezkeen? Oraingoz prosezua diseinatzen ari gara, denborak esango du. LABek oso argi du prozesu sozial honek bukatu beharko lukeela aldaketa sozial eta politikoa bideratuta direnean.
 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.