2026-08-01

Iraultzen 168

agur eta ohore

AUPA LAGUN!

Kaixo Igor! Ostirala da, azaroaren 29an gaude, eta eguerdiro bezala bazkaldu ondoren berehala “txabolora” joan naiz eguneko azken berriak ezagutzeko asmoz. Ohitura izaten dut informatiboren bat entzuten nagoen bitartean teletextoko aipamenak arakatzen joatea. Bat-batean, inoiz ikusi nahi ez nuen berria azaldu da: “Fallece el Responsable de Relaciones Internacionales de LAB Igor Urrutikoetxea”. Astindua jaso dut, gorputz osotik deskarga elektriko baten antzeko zerbait pasa zait eta aldi berean buruan arrapaladan azaltzen hasi zaizkit zurekiko oroitzapenak eta bizitako une asko.

Banekien, duela aste batzuk istripu madarikatu baten ondorioz egoera larrian zeundela, baina konfidantza neukan hortik ateratzeko gai izango zinela. Azkenean ez, entzun nahi ez genuena etorri da. Joan zara. Brasilera joan zinen, langileen eskubideak eta ametsak sustatzeko ahaleginetan FSM erakundean zenituen ardurak direla eta; eta orain, ezezaguna den nonbaitera hasi zara bidai berria egiten.

Zure gutunaren zain nengoen duela hilabete pare bat ingelesez bidali nizun nire aurreneko idatziaz ea zer iruditzen zitzaizun jakiteko. Erakutsi nahi nizun nola nindoan hasitako ikasketan. Azkenean eskutitz hori jaso gabe, erantzunik gabe, joan zara. Seguru aski zure etxeko buzoian edo familiaren eskuetan izango da. Zurekin izandako azken “solasaldia” izan da. Gustora gordeko dudana, zutaz oroitzeko.

Espetxean nagoenetik harreman ugari izan ditugu gutun bidez. Erronkaz betetako kidea zinen, nekaezina harremanetan, arduratsua eginkizunetan, sentikorra injustizia eta eskubideen urraketa guztien aurrean… Abertzale zintzo eta ameslari sozialista.

Azkenaldian frantsesa ikasten zenbiltzala esan zenidan eta zenituen beste arazo zein helburuez iritziak ematen zenizkidan, gustura jasotzen nituen eskutitzetan. Lehenago aipatutakoa. Ingelesezko gutun horretan, irakurri gabe utzitako horretan, eskerrak ematen nizkizun Bartzelonako nazioarteko sindikatuen arteko jardunaldietan nire egoerarekiko erabaki zenaz eta, aldi berean, animoak igortzen nizkizun zure erronkei begira. Horretarako zeunden Brasuken, FSMk (Munduko Sindikatuen Federazioa) antolatutako metalgintzako batzarrean.

Joan zara Igor. Pena handia hartu dut. Malko batzuk ere isurtzen ari zaizkit hau idazten ari naizen bitartean. Ziur nago une honetan daukadan samin berbera izango dutela azken urte hauetan munduan zehar izan zaren toki askotako lagunek, zure heriotzaren berri jakiterakoan. Eta, nola ez, gure sindikatuan kolpe handia izan da denontzat.

Asko eman duzu Igor, Euskal Herriaren alde, langileen alde, sozialismoaren alde. Hutsune handia da LABen eta FSMn uzten duzuna. LABeko historian eta nire oroimenean oso itsatsita geratuko dira zure lana, ekarpen, jarduera eta jatortasuna.

Beno Igor, banoa. Beste kasu askotan esan ohi dugun bezala Euskal Herriko zeruan beste izar gorri eta distiratsu bat azaldu zaigu. Zauden tokitik segi gure herria eta herri guztien borroka bultzatzen. Mila esker Igor.

With these lines I just wanted to thank you Igor. Farewell, my countryman and friend.

Rafa Diez Usabiaga
El Duesoko espetxetik

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.