2024-04-19

Iraultzen 168

zuretxokoa

Igor Urrutikoetxeak sekula ez du inor ahaztu, beti izan ditu gogoan bere bidean gurutzatu dituenak. Brasilera irten aurretik Iraultzenera ondoko gutuna helarazi zuen. Bere omenez gutun hau publikatzeko hautu egin dugu.

AHAZTEZINAK

Badira bizitzan batzutan hausnarketa eta gogoetarako sasoi bereziak. Aurtengo udarekin batera hiru lagun joanak zaizkit, eta horrek zer pen-tsatua eman dit. Hirurak adin eta herri zein giro ezberdinetakoak, ibilbide propioa zuen bakoitzak, ezberdintasun eta berezitasun nabarmenekin, baina zer edo zer amankomuna ere bazuten hirurek: LABi eskaini zioten militantzia eta militantziari eskaini zioten esfortzu eta maitasuna.

Ekainaren 29an, udaren atarian, Jabi Amorrortu laguna hil zitzaigun, Cementos Lemonako behargina, LABeko eraikuntzako eta kimika sektoretako arduradun nazionala, oso ezaguna. Nik neuk 2001ean Hego Uribe – Arratiako eskualdean ezagutu nuen, eta hamaika hauteskunde sindikal, greba, borroka txiki zein ertain elkarbanatu genituen urte horietan. Beharra, sindikatuko militantzia eta lagun arteko mementuak ere asko izan ziren: Dimako Indusiko txokoan, Basauriko egoitza berria lortu eta lotu genuenekoa, langileek LABeko delegatu berriren bat aukeratzen zuteneko poza, e.a. Lan kontuekin (kontratuak, nominak…) zalantzak genituenean ere hor aritzen ginen, batak besteari edo hirugarren bati galdetuz, baina beti ere erantzuna topatu gurean. Horrela suertatu zi-tzaigun sindikatuko kide izatetik lagun izatera pasatzea, laguna azken finean norberaren bizitzan txoko aparteko bat duen ezaguna delako, eta Jabik leku berezi hori aspalditik okupatu zuen nirean.

Uztaila erdikaldean bigarren kolpea: Miren Kareaga sondikarrak utzi gintuen. Miren emakume borrokalaria izan zen bere bizitza osoan, eta horrek eremu ezberdinetan konpromezua hartzera eraman zuen; besteak beste, Larrondoko Olarra metaleko enpresan lehen emakume delegatua izan zen LAB ordezkatuz, eta horren ostean 14 urte eman zituen espetxean preso politiko moduan. Txorierriko auzotarrak izanda biak, Villabonako kartzelan ezagutu nuen bisitatzera nindoanean eta, ni bezalako gazte batentzat jada adinekoa zen emakume hark, kristalaren bestekaldetik igortzen zuen indarra eta kemena ez ditut inoiz ahaztuko. Espetxetik 66 urte ingururekin atera zen osasun arazoekin, baina urte luzez lehen lerroan jarraitu zuen bi gauza beti gogoan zerabiltzala: gure presoak eta langileriaren aldeko borroka. Beti galdera bera ezpainetan: Zer, Igortxu, zelan dabil gure sindikatua?
Eta abuztuan Gasteizeko Bixenek, zorigaitzak bere bidean jarri zuen kotxe batek harrapatuta, heriotza ezagutu zuen. Honek ere bapatean eta agur esateko tarte barik. Bixen Fernandez, Esmaltaciones San Ignacioko langilea eta delegatua zen, LABeko metaleko asanbladetan eta mobilizazioetan beti presente, beti laguntzeko eta ekarpenak egiteko gertu. Metalean berarekin topo egitea zortea izan zen, oinarrizko militantziaren garrantzia agerian uzten duenetarikoa baitzen.

Hiru pertsona hauekin nire bizitzako ibilbidean, tarte ezberdinetan, topo egin izana bizitzak berak eman didan oparitzat daukat, inork inoiz kendu ezingo didana. Hirurak oso ezberdinak ziren, baina militantziak umiltasuna eta konpromezua izan behar dituela oinarri erakutsi zidaten. Bakoitzak bere erara, Euskal Herriaren askatasunak langileriaren eta herri xehearen duintasuna eta eskubideen errespetua, hau da, sozialismoa, izan behar duela oinarri argi zuten, baina horretarako egunerokotasunean geure ekarpena egin behar dugula erakutsi zidaten euren biziereduarekin, geure aletxoa besteekin partekatuz. LAB hori ahalbideratzen zuen tresna bezela zekusaten, eta harro zeuden LABen militatzeaz (edo aritu izanaz, Mirenen kasuan).

Eta horixe da, nire ustez, eurengandik jaso beharko genukeen irakaspen nagusienetariko bat: militantziak, konpromezu integralak duen garrantzia, eta berau irribarre eta adiskidetasunarekin uztartzen jakin behar dela benetako zentzua izan dezan. Hori baita LABen dugun kapital hoberena, beharrezkoena eta miresgarriena: egunero egitasmo askatzaile bera konpartitzen dugun milaka pertsonen konpromezua.

Eta zuei, Jabi, Miren eta Bixen… eskerrik asko nirekin zuen bizitzaren zatitxo bat konpartitzeagatik, hor egon izanagatik, eman diguzuen guztiagatik eta nigan utzi duzuen aztarna ezabaezinagatik. Ahaztezinak zarete. Beti eta betirako maitatuko zaituztet, gogo-bihotzez!!

Igor Urrutikoetxea (LABeko kidea)

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.