2026-10-02
HomeIndustriaPapergintzaIrailaren 17rako martxarako deia egiten dugu, CELerako konponbidea eskatzeko eta Enkarterri bizirik...

Irailaren 17rako martxarako deia egiten dugu, CELerako konponbidea eskatzeko eta Enkarterri bizirik behar dugulako

Herri edota eskualde baten bizi-mailaren adierazgarriak haren ekonomia garapenean datza, eta hura bereziki baldintzatzen du haren industria garapenak. Enkarterrietan ez dago ez bata, ez bestea. Eskualdeko egoerari buruzko analisia egingo bagenu, ikus genezake Enkarterrian geratzen den enpresa handi bakarra CEL dela. Hura, hala ere, ixteko arriskuan dago erakundeen konfiantza izan zutenek egin kudeaketa txarragatik eta Eusko Jaurlaritzak nahiz Bizkaiko Aldundiak nagikeriaz jardun eta baztertu zutelako.

CELez gain, enpresa txiki batzuk besterik ez dira geratzen (Mondi, Glefaran eta beste gutxi batzuk). Bertako altzairugintza, etengabeko gainbeheran dabilena, ezin daiteke Enkarterriko ekonomia-garapenaren eusletzat har.

Hirugarren sektorea ez dago hobeto: nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak testigantzako izaera hutsa dute, gure eskualdeak dituen gaitasun eta baliabideekin alderatuta. Eta azkenik, zerbitzuen sektorea, izugarri prekarizatua dago, eta neurri handi batez aurreko biren garapenaren menpekoa denez, haren etorkizuna zalantzagarria da, eta aukera urriak ditu. Egoera honen arduradun argiak daude. Enkarterrietarako aisian eta atsedenaldian oinarritzen den etorkizuna aspaldi diseinatu zuten horiek. Hauen planetan ez da sartzen industria jarduera, eta ez sartzeaz gain, 2009/10erako Enkarterria Lurraldeplan Partzialean egin proposamenetan eskualdeko enpresak urruntzeko, ezkutatzeko edota ezabatzeko beharra agertzen zen. Haien planen arabera, Enkarterri atseden leku bihurtu nahi dute, kapitalekoek lo egin dezaten, bigarren egoitza izan dezaten, aisia-leku izan dadin (golf zelaiak barne).

Enpresa handi guztiak desagertu badira ere (Mure, Reckitt, Pastguren,…), EAJk gobernatzen dituen erakundeak ukatu dira egoera hau irauliko duen eta Enkarterriko herritarrei lan etorkizuna bermatuko dien berrindustrializatzeko plana lantzera eta gauzatzera.

Gauzak honela, eskualdeko biztanleoi uzten diguten aukera bakarra, bizitza duina bermatuko digun lanpostua bilatu nahian lan bila emigratzean datza. Eta hortaz, epe motzean, bizilekuz aldatzera ere behartuko gaituzte, gazteek ahalik eta gertuen dagoen herria aukeratuko dutelako lanpostura iristeko. Horrela, egoera aldatu ezean, industria-basamortua jasan behar izateaz gain, etorkizunak, ziuraski, Enkarterriko despopulatze progresiboa ekarriko digu.

LABek Enkarterriko herritar oro animatzen du planifikatu diguten etorkizun horren aurrean etsipenean eror ez gaitezen, lan-etorkizuna bermatuko digun berrindustrializatzeko plana eska dezazuen, non baldintza duinak beteko diren gure ingurunean, ez gaitzaten behartu lanpostua bilatzera handik urruti, ez eta erabateko prekarietatean bizitzera, dagoen lan eskaintza mugatua delako.

Hau guztia eskatzeko eta lehen urrats moduan, alegia, CEL taldearen geroa bermatuko duen irtenbidea bilatze aldera eta hari eutsi diezaiogun, dei egiten diegu langile eta herritarrei irailaren 17an egingo den ibilaldi-manifestazioan parte hartzera. 11:00etan abiatuko da, Zallatik Gueñesera, CEL taldea osatzen duten enpresa batzordeek egin deialdiarekin bat eginez.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.