2025-12-05
HomeEkintza SindikalaIndustria politikan 180 graduko aldaketa eskatu du LABek

Industria politikan 180 graduko aldaketa eskatu du LABek

Trantsizio ekosozialerako industria politika garatzeko proposamena aurkeztu du LABek, lurraldearen behar sozialei erantzungo diena eta ekologikoki jasangarria izango dena. Jaurlaritzaren plana enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematera baina betebehar gutxiago ezartzera bideratuta dagoela salatu du sindikatuak.

Trantsizio ekosozialari erantzungo dion industria politika zein oinarriren gainean eraiki behar litzatekeen jasotzen duen proposamena aurkeztu du LABek, Bilbon. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak azaldu duenez, modu honetan labur daitezke egungo politikak: “diru publiko gehiago eta betebehar gutxiago enpresentzat”. Horrek, baina, ez ditu ez trantsizio ekosoziala eta ezta enplegua bermatzen ere, azaldu duenez: “Enpresek laguntza gehiago eskatzen dituzte, irabaziak lehenesten, trantsizioa moteltzen eta enplegua prekarizatzen duten bitartean”.

Horren aurrean, 180 graduko aldaketa behar dela nabarmendu du Arroyok eta gure lurraldearen behar sozialei erantzungo dien ekologikoki jasangarria izango den eta, aldi berean, langileen enplegurako eskubidea bermatuko duen industria politika garatu. Horretarako, hainbat sektore eraldatu beharko lirateke, isuriak, energia eta materialak gutxituz, azaldu duenez.

Lau oinarriren gainean egin behar litzateke industria politikak behar duen aldaketa, LABen ustez:

1. Armagintza industriaren hedapenari ez, sozialki beharrezkoa eta ekologikoki jasangarria den industriari bai. Armagintza sektorearen hedatzearen aurka dago LAB, sozialki beharrezkoak diren baliabideak lapurtzen baititu eskalada belizista elikatzeko, eta irmo kritikatzen du Eusko Jaurlaritzaren hipokrisia, bakeaz eta balioez hitz egiten duen bitartean gerra makineria bultzatzen duelako. Berrarmatzeak ez du segurtasuna areagotzen, alderantziz baizik.

2. Esku-hartze publikoa, industria-trantsizioa planifikatzeko: jabetza publikoa, baldintzazkotasuna eta deslokalizazioaren aurkako legeria. Inbertsioak sozializatu eta etekinak pribatizatzen dituen logika perbertsoa amaitu egin behar da. Korporazio handiak politika fiskalaz, laguntzez, azpiegituraz eta ABEEz baliatzen dira, eta haien jarduera ez da lurraldera itzultzen. LABek benetako planifikazio industrial bat eskatzen du, sindikatuen parte hartze erreal eta loteslearekin. EAEko eta Nafarroako gobernuek, bestalde, jabetza publikoa duten proiektu industrialak garatu behar dituzte, eta laguntzak jasotzen dituzten enpresei jarritako baldintzetan egon behar dute dibidenduak banatzea galaraztea eta enplegua bermatzea. Era berean, deslokalizazioen kontrako legeria indartu behar da, eta eragotzi laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitu edo kaxkartzea. Hala izanez gero, zigorra jaso behar dute.

3. Negoziazio kolektiboa deskarbonizaziora eramatea eta inbertsio pribatua leihatzea. Enpresek enpleguari buruzko erabakiak hartzen dituzte deskarbonizazio planetan oinarrituta, baina plan horiek betetzeko inolako bermerik ez dago. Industriaren deskarbonizazioan sindikatuek parte hartzeko aukera eman behar da. Horrez gain, milioi askoko irabaziak dituzten enpresek irabaziok trantsizio energetikoak eskatzen duen inbertsio produktibora bideratu behar dituzte.

4. Lanaldiaren murrizketa eta enplegu duina: banatu, birmoldatu eta birkualifikatu. 30 orduko lan asterantz egin behar dugu aurrera, lan karga birbanatzeko eta eraldaketak arintzeko. Era berean, industrian emakumeen* kontratazioan eta sustapenean diskriminazio oro ezabatzearen aldeko apustua egiten du LABek. Horrekin batera, enpresek enplegua duintzen duten lan hobekuntzak bultzatu behar dituzte; hala nola azpikontratazioa mugatzea, subrogazioa eta lan arriskuen prebentzioa. Produkzio-segmentu berrietarako trantsizioa egiteko prestakuntza eta birkualifikazioa ziurtatu behar dira, eta berrindustrializazio-mahaiek nahitaezkoak izan behar dute jarduera ixtea edo murriztea aurreikusita duten enpresentzat.

Jaurlaritzak, lehengo lepotik burua

LABen proposamenaren zutabe nagusiak aurkezteaz gain, berriki Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Industria Plana ere baloratu du LABek; ez onerako, LABek bere proposamenean eskatzen duen eraldaketari ez baitio erantzuten, Kris Gete LABeko Industria Federazioko arduradunaren esanetan. Izan ere, Jaurlaritzak aurkeztutakoa azken hamarkadetako industria politikaren jarraipena dela esan du Getek: “Errezeta orain arteko berbera da: enpresa pribatuei diru publiko gehiago ematea eta betebehar gutxiago ezartzea”. Egun ondo doakien industriei bideratutako plana dela azaldu du, eta, gainera, ez dituela finantzaketa publikorako kontrol publikoa eta plangintza industriala areagotuko, ezta eraldaketa prozesuetan enplegua mantentzen dela bermatuko ere.

Hain justu, planifikazio industrial egoki baterako Jaurlaritzaren plana ez da nahikoa, Geteren esanetan, hainbat arrazoirengatik: planak barne hartzen dituen proiektu eraldatzaileek dagoeneko martxan dauden enpresa handien proiektuei erantzuten dietelako nagusiki; deskarbonizazio industrialeko plangintza sinesgarri bat izatetik urrun dagoelako; trantsizio energetikoa eta azpiegituren garapena irabazi pribatuen menpe jartzen duelako; industria eraldaketa premiazkoenei buruzko plangintzarik ez dagoelako; eta industria militarrari aipamen espliziturik ez zaiolako egiten, nahiz eta Europa mailan industria militarrari eman nahi zaion bultzada baliatzeko borondatea agertu duen Jaurlaritzak.

Kalitatezko enplegua eta langileen parte hartzea bermatzeko neurrien gabezia “erabatekoa” dela salatu du Getek. Enpresa pribatuei beren eraldaketa industriala bultzatzeko emango zaizkien laguntza publikoetarako baldintzetan ez zaio aipamenik egiten lanpostuak mantentzeari, ezta deslokalizazioa eragozteko hartuko diren neurriei ere. Getek azaldu duenez, gainera, planaren garapenean industriako langileen parte hartzerik ez da izan: “Haien ordezkaritzarik gabeko plana da”.

Amaitzeko, ekintza sindikalaren garrantzia nabarmendu du Getek, “enplegurako eskubidea bermatzeko eta Euskal Herrian benetako trantsizio energetikoa lortzeko”.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Zipreko PEO zentral sindikalaren kongresuan parte hartu du LABek

Zipreren batasunaren eta autodeterminazioaren aldarrikapenarekin bat egin du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, Munduko Federazio Sindikaleko kide den zentral sindikalaren kongresuan. Horrez gain, sindikatuak...

Enplegu Publikoaren Legea Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eramateko asmoak euskararen aurkako oldarraldi judiziala larriagotuko du

Euskal jendartearen eta langile publiko gehienen iritziaren aurka, euskara gazteleraren maila berean kokatzea debekatu lezake ebazpenak, eta euskara bigarren mailako egoera subsidiariotik atera ahal...

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...