2024-04-25
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaIndarkeria sexistak baditu milaka aurpegi

Indarkeria sexistak baditu milaka aurpegi

Indarkeria sexista gizon eta emakumeon artean izaten diren botere harreman hierarkikoetan oinarritzen da eta jendarte patriarkal honek sortzen dituen egoera diskriminatzaileetan sostengatzen da.

Ez da zuzena indarkeria sexista indarkeria fisikoa, indarkeria psikologikoa eta indarkeria sexuala oinarri duten erasoekin baino ez identifikatzea. Indarkeria sexista arazo estrukturala da eta gizon eta emakumeon arteko ezberdintasunak eta, diskriminazio egoerak zuzentzeko neurriak ipintzen ez diren bitartean, iraun egingo du.

Emakumeonganako indarkeria eremu politikoan, sozialean, ekonomikoan eta kulturalean pairatzen ditugun erasoek osatzen dute.

Prekarietatea emakumeok lan munduan pairatzen dugun indarkeriaren mila aurpegietariko bat da. Sistema patriarkal honek, sexuaren araberako lan banaketaren inposaqketaren bitartez, emakumeoi etxeko eta zaintza lanak egokitzen dizkigu eta lan merkatu arautuan gure parte hartzea onartzen badu ere, betiere, aitortza sozial eta ekonomikorik gabeko bigarren mailako langile gisa egiten du.

Honen ondorioz, zaintza sistema publiko osoa deuseztatzen da; emakumeoi zuzentzen zaigun lan produktiboa enplegu guztiz prekario eta desegonkorra da eta, sistemaren premien arabera, sortu eta suntsitzen dute; emakumeok pobrezia eta bazterketa soziala pairatzeko daukagun arriskua askoz handiagoa da. hauek guztiak ere indarkeria sexistaren adierazleak dira.

Lan esparruaren barruan indarkeria sexistaren adibiderik agerikoenak sexu jazarpena edo eraso sexuala badira ere, beste hainbat adibide ere badira, nahiz eta identifikatzeko zailagoak izan. Beste hauek ez dira erraz atzematen sexu-genero zapalketa ez delako aitortua izaten eta, hortaz, ikustezin bihurtzen delako. Izan ere, sistema kapitalista patriarkal honi ondo baino hobeto datorkio zapalkuntza eta desberdintasun egoera hau mantentzea, bere onurarako egoera baita.

LABek beharrezkotzat jotzen du errealitate hauek guztiak ikustaraztea, existitzen diren desberdintasun egoeretaz jabetzea eta gure lantokietan suertatzen diren emakumeen kontrako indarkeria adierazpen anitzen kontra lan egin dezagun.

Lan esparruan ere, emakumeon aurkako indarkeriak hamaika aurpegi ditu:

Lan eskaintzetako froga diskriminatzaileak:
– Kutsu sexistak dituzten deialdiak.
– Froga ez objektiboak (test psikoteknikoak, elkarrizketak…)

Kontratu ereduen erabilpen sexista:
– Gehienetan edo ia beti lanaldi partzialeko kontratuak emakumeoi ezartzea.
– Lanbide arteko gutxieneko soldata baino gutxiagoko dirusaria duten kontratuen inposizioa.
Soldata diskriminazioa:
– Kategoria beran soldata ezberdinak egotea sexuaren arabera (plus edota osagarri moduan ezkutaturik).
– Kualifikazio gutxiago eskatzen duten lanpostuak emakumeei zuzenduak egotea.

Formakuntza eta promozioa oztopatzea:
– Lan orduetatik atiko formakuntza eskaintza, emakumeok oraindik ere jasaten dugun lanaldi bikoitza alde batera utzirik.
– Promoziorako deialdietan joera sexistak: emakumeontzat ezinezkoak edo zailegiak zaizkigun baldintzak eskatzea (zeharkako diskriminazioa)

Lana, familia eta norberaren bizitza uztartzeko neurriak hartzeko zailtasunak:
– Lanaldi murriztuari edota edoskitzeari dagokion ordutegia zehazteko trabak ipini, enpresari eragozpenik suertatzen ez zaionean.
– Lanaldia murrizteko edo eszedentzia hartzeko eskaeren ondorioz, kaleratze mehatxua.
– Gizonen artean kontziliazio neurririk ez sustatzea, errol sexisten existentzia betikoturik.

Lan osasun arloko prebentzioa eta aktuazioa alde batera uztea:
– Jazarpen sexual egoerak ez argitu, enpresaren atentziorik eza.
– Jazarpen sexuala edota sexu arrazoiengatiko jazarpena ekiditeko protokolo eta prebentzio neurririk eza.
– Edoskitze eta haurdunaldi arriskuagatiko bajak kudeatzeko zailtasunak.

Elementu sexistetan oinarritutako kaleratzeak:
– Aldi baterako kontratuak ez berriztatzea eta gizonek ordezkatzea kaleratutako emakumeak
– Lanaldia murrizteko edo eszedentzia hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik kaleratzea, edota lanera itzultzean oztopoak ipintzea.
– Intimidazioa eta mehatxuak lanpostuari uko egiteko helburuaz, indemnizazioa gutxienekoa izan dadin.

Horregatik, LABek honakoa esan nahi dizu zuri:

EMAKUME, antolatu eta zeure eskubideen defentsan borrokatu!

GIZON, ez zaitez konplize izan; salatu eta borrokatu gurekin batera pertsona orok eskubide berdinak edukitzeko, behingoz, diskriminazio eta desberdintasun egoerak gainditu ditzagun.

Euskal Herrian bestelako eredu sozioekonomiko baten defentsan borroka dezagun denok batera. Emakume eta gizonen arteko berdintasunean oinarritzen den eredua lortu arte, diskriminaziorik gabeko eta justua den eredua izan arte. Finean, emakumeonganako indarkeriarik gabeko eredua eraiki dezagun.

ASKI DA! EMAKUMEEN KONTRAKO BIOLENTZIAREKIN AMAITU DEZAGUN!
 

LAB sarean
{module[111]}

       

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Denbora agortzen ari da eta Eusko Jaurlaritzak ez du konpromisorik hartzen

Datorren apirilaren 26an, ezustekorik ezean, Stellantis multinazionalak Mecaner enpresaren itxiera aurrera eramateko aurkeztu duen enplegu-erregulazioko espedientearen kontsultaldia amaituko da. Kontsulta-aldi honetan izandako bileretan, Enpresa Batzordearen gehiengoak argudiatu du multinazionalak hartutako erabakia ez dela arrazoi ekonomikoengatik, ez eta ekoizpen- edo antolaketa-arrazoiengatik ere, baizik eta erabaki estrategiko batengatik, eta produkzio-alternatibak planteatzen zituen trantsizio ekosozialeko plan bat jarri du mahai gainean.

Entzierro bat antzeztu dugu Iruñean Nafarroako zahar egoitza pribatuen hitzarmenaren negoziazioen blokeoa salatzeko

LAB sindikatuko zenbait kidek eta zahar egoitzetako langileek entzierro bat antzeztu dugu gaur goizean Iruñeko karriketan barna, protesta-ekintza gisa, Nafarroako zahar etxe pribatuen lehen hitzarmenaren negoziazioek etengabeko blokeoa jasaten dutelako. Helburu berarekin, gaurko bertze greba egun bat deitua genuen.

ZF LEMFORDER TVAn kaleratzerik ez dugu onartuko

LABetik Ermuko ZF LEMFORDER TVA enpresako langile gazte baten kaleratzea salatzen dugu. Enpresak langileari deitu zion antzinatasunagatik hurrengo errelebo kontratua izatea tokatzen zitzaionean, baina, ordea, enpresak jakinarazi zion egun hori zela enpresan lan egingo zuen azken eguna.