2026-09-19
HomeEkintza SindikalaIdoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu berriarekin bilduko gara

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu sailburu berriarekin bilduko gara

LABek Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailarekin biltzeko eskaera jaso du, Idoia Mendia sailburuak bidalita. LABek sailburu berriarekin egingo duen lehen bilerara joateko asmoa duela adierazi nahi du. Oraindik datarik ez duen bilera honetan, sindikatuak Lan eta Enplegu arloan dituen lehentasunak azalduko ditu, zehazki. Era berean, fiskalitatearen eta sektore publikoaren alorrean sindikatuak egindako proposamenak azalduko ditugu.

LABek argi utzi nahi du zerga-politikaz hitz egitea ezinbestekoa dela, aurrekontuetan murrizketa berririk egon ez dadin, Osasungintza eta Hezkuntza arloetan beharrezko inbertsioak egin daitezen edo ugaritzen ari diren behar sozialei erantzun egokia eman ahal izateko. Politika fiskal berri bat behar da, diru gehiago eta modu progresiboagoan bilduko duena, gehien dutenei ahalegin fiskal handiagoa eskatuz.

Era berean, Gobernuarekiko harremanak izan beharko lituzkeen baldintzak azpimarratu nahi genituzke. Gure baldintzen artean, LABen diagnostikoak eta proposamenak helaraztearekin batera, Eusko Jaurlaritzak sindikatuekin zer-nolako harremanak izan nahi dituen eta gure zeregina nola ulertzen duen jakin nahi dugu; hau da, proposamenak egiteko eta eztabaidatzeko benetako aukerarik izango dugun ala ez, eta gehiengo sindikala errespetatuko duen ala ez.

Argitu nahi dugu, halaber, Madrilekiko erabateko mendekotasuna duen elkarrizketa-eredu bat eskaintzen duen edo ez, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzen joateko, konpromisoa hartzen duen edo ez bere esparruan lor daitezkeen akordioak errespetatzeko, Estatuaren aldetik inolako esku-sartzerik gabe.

Halaber, LABek berretsi nahi du ez duela parte hartuko EAEn gaur egun indarrean dagoen delako elkarrizketa sozialeko mahaian; izan ere, esparru hori hasieratik dago kutsatuta, eta gobernuaren eta patronalaren politikak zuritzea beste helbururik ez du izan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Sidenorren akordio markoaren negoziazioaren eratzea eten dadila eskatzen dugu, langileoi hitza emateko

Basauriko lan zentroan erreferenduma egitea eskatu dugu, marko horretan jarraitu beharko litzatekeen edo ez erabakitzeko.

Voestalpine Railway Systems JEZ-en langile baten diziplinazko kaleratzea salatzen dugu eta beldurra kudeaketa-tresna gisa erabiltzeaz ohartarazten dugu

Sindikatuaren ustez, erabakia justifikaziorik gabea eta neurriz kanpokoa da, eta ohartarazi du horrelako erabakiek presio giroa eta segurtasunik eza sortzen dutela langileen artean.

Ekialdebuseko lankide batek jasandako erasoa salatzen dugu

Ez da halako zerbait gertatzen den aldia, eta segurtasun arazoa salatu du Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko autobus zerbitzuko LABek. Oraingoan E05 linean gertatu da, Errenteriako Beraungo anbulatorioaren parean.