2024-04-19
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaBaliabideak eskatu ditugu kalitatezko UPV-EHU baten defensan

Baliabideak eskatu ditugu kalitatezko UPV-EHU baten defensan

UPV-EHUren ikasturte hasierako ekitaldia egin dute gaur Bilbon. Hala, Bizkaia Aretoaren kanpokaldean mobilizatu gara. UPV-EHUren paraninfoaren aurrean, Abandoibarran. “Bizitza eta osasuna erdigunean. Baliabide nahikorik gabe, kalitatezko UPV-EHUrik ez” lemarekin egin dugu protesta.

Gaur, irailak 14, Ikasturte irekiera ofiziala burutu da Bilboko Bizkaia Aretoan, Errektore eta bere taldeko kideak, Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaria eta Hezkuntza Sailburua, EAEko gizartearen eta UPV/EHUren hainbat ordezkari eta kide bertan izan direlarik.

Gogorra izaten ari da pandemiaren ondorioz jasaten ari garena euskal gizartean (osasungintzan, nagusien egoitzetan, komertzio txikian, bihar Greba egingo duen hezkuntza ez-unibertsitarioan), baina baita UPV/EHUn ere. Nahiz eta horren inguruko datuak eskatu ditugun, ez dakigu EHUko zenbat langile kutsatu diren orain arte. Baina jakin badakigu, zenbait lankide Covid 19ak kutsatuak izan direla: garbiketakoak, administrazio eta zerbitzuetakoak, zaurgarriak izanik telelanean jardutea ukatu zitzaienak “normaltasun berria”-ren ondorioz lan presentzialera itzultzera behartu gintuztenean… Guk ospitaleratze kasu gogorrak eta ez hain larriak izan diren zenbaiten berri izan dugu. Lehenik eta behin, haiekiko gure elkartasun eta animoak helarazi nahi dizkiegu, ahalik lasterren guztiz osaturik egon daitezen opa egiten diegularik.

Horregatik, EHUko LABekook, guztion bizitzak eta osasuna erdigunera ekarri nahi ditugu, honako neurriak aldarrikatuz:

-PCR testak unibertsitate komunitatearen kideei egitea.
-Lan-Ikuskaritzak, LABek sartutako salaketari erantzunez adierazitako lanpostu guztietako langileen arriskuen ebaluazioa eguneratzea.
-Langile zaurgarriei babes berezia ematea, telelanean jarduteko aukera eskainiz.
-Izango diren kasu positiboen kontaktuak detektatzeko pertsonal gaitua jartzea.
-EHUko Prebentzio Zerbitzuak pairatzen duen langile eskasia gainditzeko neurri adostuak martxan jartzea.

Bestetik, EHUko Errektore eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari eta Hezkuntza Sailburuari gure erkidego autonomoko unibertsitate publikoaren lan-baldintza duinak bermatzea eskatzen dizkiegu, besteak beste:

-Egun, EHUko langileok pairatzen dugun lan-prekarioaren pandemiari aurre egiteko neurri eraginkorrak bermatzea: egonkortasuna aitortuz urte asko kontraturik kontratu dabiltzan langileei, Lan Eskaintza Publiko bermedunak planteatuz, …
-Programa-kontratuei lotutako Lanpostuen Zerrendatik (LPZ) kanpoko kontratuak LPZkoak bilakatzeko konpromisoa gauzatzea.
-Zaintza lanak eta telelana errazteko sindikatuekin hitzarmen berria adostea.
-Enplegu kopurua ez galtzeko, irakasleen zein administrazio eta zerbitzuetako (AZP) langileen ordezkapenak bermatzea eta eginbehar berriei heltzea.
-UPV/EHUko langile guztien (Irakasle, Ikerlari, AZPko langile, doktore aurreko ikerlari…) lan-sariak hobetzeko behar besteko diru-sarrerak bideratzea, soldatak gutxitzea edota izoztea alboratuz.

Azkenik, unibertsitate publikoak EAEko unibertsitate sisteman duen lehentasunezko papera betetzen jarraitu ahal izateko finantziazio handiagoa bideratzea eskatzen dio Jaurlaritza berriari EHUko LABek. Finantziazio handiagoa duela urte asko Medikuntza Fakultatea Bilbon eraikiko zela konpromiso hartu zenetik errealitate bilakatzeko, atzerapen gehiagorik gabe. Gero eta ikasle euskaldun gehiago duen EHUn euskararen normalizazioan, gizon eta emakumeen arteko berdintasunean zein jasangarritasunean neurri eraginkorrak martxan jarri ahal izateko. EHUko azpiegituren modernizazioan beharrezko inbertsioak egiteko. Langile guztion segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Eta Euskal Herriari behar dituen ekarpenak egiteko merezi duen unibertsitate publikoa izan dezan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Haurreskoletan lan baldintzak hobetuko dituen akordioa sinatu dugu

Akordioa indarrean dago jada, eta ekoizpenagatik kontratuen luzapena, lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura eta adinagatiko murrizketaren garapena dakartza berekin.

Salatu dugu 2023an billabesetan eginiko aparteko orduek 16 lanpostu ezabatu zituztela

LABek Iruñerriko hiri garraioan duen atal sindikalak —herritarrek ‘billabesak’ deitzen dituztenak eta egun TCC enpresak kudeatzen duena— ohar batean azaltdu eta salatu du 2023an eginiko aparteko eta osagarrizko orduen batura 27.608 ordukoa izan zela; kopuru eskandalagarria guztiz, lanaldi osoko 16 lanpostu ezabatzen baititu, eta hori lanaren bidezko banaketaren aurkakoa da erabat.
00:02:29

Amazon eta Alpha North Logistics enpresekin borrokan

Amazon enpresak Trapagaranen duen lan zentroan dauden langileek beste greba ziklo bat hasi dute lan-baldintzak duintzeko. Urtebetetik gora daramate enpresarekin prekarietate gordinetik ateratzeko Hitzarmena negoziatu nahian. Baina multinazionalak jarrera entzungorra izaten jarraitzen du eta negoziazio mahaia hasieratik blokeatu du. Aldarrikapenen artean, Amazonek bere salgaien garraiorako dauzkan enpresa azpikontratatutakoen langileen lan-baldintzak egonkortzea eta enplegua bermatzea dago.