2026-03-23
HomeEkintza SindikalaHezkuntza Sailak mahai sindikala deitu izana positiboki baloratzen dugu

Hezkuntza Sailak mahai sindikala deitu izana positiboki baloratzen dugu

LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa defendatzen du, sare bakar, burujabe, euskaldun eta deszentralizatuan antolatuko dena. Hori ezin da egun batetik bestera egin, trantsizio bat egin behar da eta konfluentzia da bidea.

Bide hori egiteko, Hezkuntzak eraldaketa sakonak eskatzen ditu eta zentzu horretan, EAEn Hezkuntza lege baten eztabaida ireki izana positiboa dela esan eta lege on bat ateratzeko apustuan murgildu da sindikatua.

Lege Aurreproiektuarekin, ereduari dagokionez, hainbat desadostasun eta hobetu beharreko aspektu identifikatu eta hobetzeko ekarpenak egin zituen LABek. Baina, batez ere, bi hutsune nagusi izan ditu prozesu honek bere hastapenean. Batetik, eremu politikoan eraiki daitezkeen adostasunez gain, ez dela egon hezkuntza komunitatearen parte diren sindikatuekin eztabaida eta adostasunak bultzatzeko inolako gunerik. Bestetik, hezkuntzan egin beharreko eraldaketetan ezinbestekoak dira langileak, eta beren lan baldintzen inguruan ez da ezer jaso. Horregatik, LABek Mahai Sindikal baten beharra azpimarratu izan du.

Sindikatuak argi izan du presiorik gabe hutsune horiek zuzendu eta lege on bat ateratzea ezinezkoa zela. Hainbat greba eta mobilizazio egon dira, eta horrek aukera berriak ireki ditu.

LABek gehiengoa du Eskola Publikoan, baita Ikastoletan ere. Azken hilabeteetan lan eskerga egin du eta lan horrek bere fruituak eman ditu. Hezkuntza eremu osoko (Eskola Publikoa, Gizarte Ekimena, Ikastolak, Azpikontratak) langileen lan baldintzak hobetzeko, Hezkuntza Sailarekin oinarrizko adostasun bat lortu du. Abiapuntua jarri du, eta bere bokazioa adostasun horiek zabaltzea da, ondoren negoziazio mahai bakoitzean garatu daitezen.

Horretarako Mahai Sindikal bat deituko da. Atzo bertan jaso zuen LABek Hezkuntza Sailetik deialdia, eta bertan parte hartuko duela baieztatu du.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Confebaskek gutxieneko soldataren negoziazioari betoa ezartzen jarraitzen du

LAB eta ELA sindikatuek martxoaren 17ko greba orokorraren ondoren Confebaskekin gutxieneko soldata negoziatzeko bilera deitu zuten. Confebaskek bere izaera autoritarioa eta probokatzailea berretsi du,...

Nafarroako grafikagintza sektoreak lanuzteak eta mobilizazioak deitu ditu AEGRANek hitzarmena berreskuratzeari uko egin diolako

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek dei egin diete sektoreko langileei datozen hilabeteetan mobilizatzera, AEGRAN patronalak urte bat baino gehiago daramanean Nafarroako Grafikagintzako hitzarmenaz...

Udalhitzen negoziazio mahaira edukiak ekartzeko, mobilizazioak iragarri ditu LABek

Udalhitzen negoziazioa blokeatuta dago, eta azarotik hona ez da izan aurrerapauso nahikoa. Horregatik, martxoaren 26rako mobilizazioak deitu ditu LABek, eta apirilaren 17rako eta 23rako...