2024-11-10
HomeIrakaskuntzaHaur EskolakHAURRESKOLETAN MURRIZKETARIK EZ!!

HAURRESKOLETAN MURRIZKETARIK EZ!!

Momentu honetan, krisi egoeran gaudenean eta azken urte honetan gertatu diren hainbat gertaera ikusirik, Haurreskolak Partzuergoko langileok beharrezkoa ikusten dugu , geure aldarrikapenak eta gure kolektiboak pairatzen duen egoera publikoa egitea.
2003. urte amaieran Eusko Jaurlaritzak hainbat udalekin batera, 0-3 urteko haurrak dituzten familientzako plan bat plazaratu zuen, honen helburua lan eta familia bizitza uztartzea eta kalitatezko hezkuntza zerbitzua bermatzea zen. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta udalen arteko hitzarmena sinatu zuten non eraikinen mantenua, garbiketa eta zaintza udalen esku geratzen zen, eta langileen kudeaketa, ordea, Hezkuntza Sailaren menpe. Honen ondorioz, 2003ko abenduan 30 haur-eskola ireki ziren eta urtez-urtez eskaintza handituz joan da, gaur eguneko argazkira iritsiz. Gaur egun EAE-n Haurreskolak Partzuergoa 222 haur-eskolak eta 1500 haur hezitzaile inguruk, horietatik 735 finko, osatzen dutelarik. Haurreskoletako langileak, laboralak gara eta gure lan baldintzak Hezkuntza Saileko pertsonalgoarekin alderatuta alde izugarria dago, urteko lan ordu kopuruan (1570 ordu eta honen barne, 100 ordu formakuntzarako), soldatan, eta abar. Kontuan izan behar dugu zerbitzu honen ordutegia eta egutegia askoz zabalagoa dela, soldatan ere aldea gero eta handiago da, eta azken finean lan bera egiten dugu. HAURREN hezkuntzaz eta arretaz arduratzen den zerbitzu publiko bakarra dugu. Publikoa izateak ez du esan nahi unibertsala eta doakoa denik, gurasoek, aldiz, ondo dakite zein garestia den zerbitzu hau. Adibidez, hileko kuota, 5 ordu edo gutxiagoko zerbitzua aukeratuz gero, 151 euro ordaindu behar dute familiek eta 198 euro, gehienez 8 ordukoa hautatua bada. Gainera, bazkaria aparte doa.

LAB eta STEE-EILAS bi sindikatuon artean langileon % 87,59 ordezkaritza dugu. Momentu honetan sektore honek ezin du erantzun dagoen eskaerari, zonalde batzuetan plaza nahikoa dago eta ez dago haurreskolak hornitzeko arazorik, baina beste zenbait zonaldetan plaza nahikorik EZ eta hainbat familiak zerbitzu pribatura jo beharra dauka, hileko kuotan alde handirik ez baitago. Hala ere, haurreskola berriak ari dira zabaltzen: Bizkaian zein Gipuzkoan eta baita Araban ere. Baina murrizketak direla eta ikusten ari gara zerbitzuen kalitatea hobetu beharrean kaltetzen ari dela eta lan zama gero eta handiago dela hezitzaileentzat.

Eusko Jaurlaritzak 2010eko uztailaren 5eko "Ley de modificación de presupuestos" delakoa onartzearen ondorioz, gastu publikoa murrizteko aplikatutako neurrien artean langileon soldata jaitsiera aurreikusi zuen irtenbide eraginkorra bezala.

Haurreskolak Partzuergoak, 2009ko igoerarekin langileen soldataren kontura %1 aurreztu bazuen ere, oraingoan etekina handiagoa izango da. Gainera, oraingoan enpresak alde sozialarekin murrizketaren aplikazioa ( soldata jaitsieran eta ordezkapenak gutxituz) adostu nahi izan du alde soziala konplize bilakatzen saiatuz eta eurek sortutako krisia langileok ordainaraziz. Azkenean, ordezkaritza dugun sindikatu guztion ezetz borobila jaso ostean, Partzuergoak soldata jaitsieran eta ordezkapenak betetzeko kontratazioetan aplikatuko du murrizketa. Lan legepeko langile guztiei, hau da, ikastolak, heziketa berezia, itunpeko ikastetxeak eta zerbitzuetako langileei aplikatu zaien % 0,8ko igoera guri ere ezartzea eskatu genuen baina enpresaren erantzuna berriro ezetza izan zen. Hemen gauden sindikatuon aldarrikapen nagusienetariko batzuk ondoko hauek dira: hezkuntza kalitatea handitzea, bi sektore hauen artean dauden aldeak gutxituz, soldatak parekatuz, ratio egokiak ezarriz eta ordezkapenak betez.

Beraz, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok argi dugu ez dugula inolako murrizketarik onartuko, are gutxiago gure babesarekin. Azken bi jaitsierak agindu bidez izan dira negoziazio kolektiboari inongo tarterik utzi gabe eta langileon eskubideak zapalduz. Murrizketa hori errekurritu dugu, gatazka kolektiboaren bidez, eta epaileen erantzunaren zain gaude.

Soldatan izateaz gain, neurri murriztaile hauek dagoeneko aplikatzen hasi dira eta langileen lan baldintzetan zein haurren ongizate eta heziketa eskubidean eragin itzela dute. Adibide gisa, egokitzapen aldia egin ostean zenbait hezitzaile zentroz aldatu dituzte, geletako erreferenteak galduz eta irizpide pedagogikorik kontutan hartu gabe. Halaber, ordezkapenak ez jartzeak prestakuntzarako denbora gutxitzea ekartzen du eta gehienetan, gelan haurrekin antolatutako jarduerak egitea ezinezkoa da hezitzaile bakar batekin eta are gutxiago, materiala erosteko diru gutxiago ematen dutenean. Era berean, prestakuntza eta koordinazio lanak egiteko denbora gutxiago dugu eta askotan, lan orduz kanpo egin behar ditugu. Gainera, bazkalorduetan hezitzaile gutxiago daude haur kopuru berdinari jaten emateko eta egunero gurasoekiko hartu-emanak laburragoak izan behar dira nahita nahiez Laburbilduz, murrizketa hauek haurreskoletako antolaketa eta funtzionamendua kaskartu egiten du eta hala ere, familiek zerbitzu eskasagoagatik kuota berdina ordaintzen jarraitzen dute.

Bestetik, LAB eta STEE-EILAS sindikatuok argi dugu etapa honek daukan berezitasunengatik hezigarria izateaz aparte asistentziala dela, gainontzeko etapak bezala, haurrek heziketa jasotzeko eskubidea berezkoa dutelako. Ziklo honen garrantzia azpimarratu eta jendarteratu nahi dugu, 0-3 urteko bizitza tarte honetan, balio, jarrera eta oinarrizko gaitasun eta trebetasunak eskuratzen baitira. Xede honetarako, haur hezitzaileok haurreskoletan aukera, espazio eta baliabideak haurren eskura jartzen ditugu eta gure egunerokotasunean murrizpen hauek oztopatzen dute gure jarduera pedagogikoa. Momentu honetan Haur hezkuntzako bi zikloetako langileen funtzioen artean ez dago ezberdintasun handirik, gainera aipatu beharra dago ezberdintasun horien artean 0-3an lan egiten dutenen funtzio kopurua handiagoa dela. Haurreskoletako langileak haurraren garbitasunaz, elikaduraz eta atsedenez arduratzen baitira. Egoera honetan, lan berdina eta funtzio berdinak egiteagatik lan baldintza berdinak eskatzen ditugu.

Aski dela esateko garaia ailegatu da eta horrexegatik hemen gaude gure aldarrikapenak plazaratzeko eta mobilizazioetara joko dugula esateko.

Bihar Partzuergoko Zuzendaritza Batzordea elkartuko da Lakuan eta gu bertan izango gara gure eskaerak luzatzeko asmoz . Aldi berean, jendarte osoari zerbitzu honen kalitatea bermatzeko ezinbesteko eskaerak direla adierazi nahi diogu.

HAURRESKOLETAN MURRIZKETARIK EZ!

Euskal-Herrian, 2011ko otsailaren 23an 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Patronalak absentismoari buruz egindako jardunaldien hurrengo egunean hil da urteko 52. langilea

Gaur goizean, A.S.O. 57 urteko langilea hil da Tubacexeko Amurrioko Aceralava enpresan, istripu ez traumatikoan. Hildakoa Construcciones Jagoba Zamalloa SL enpresako langilea zen. Gaurkoarekin, gutxienez 52 dira urte hasieratik Euskal Herrian hildako langileak. LABek bere elkartasuna adierazi nahi die hildakoaren senide, inguruko eta lankideei.

Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua: bidea zabalik pribatizatzeko

LAB sindikatutik, Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektua zehatz-mehatz aztertu ondoren (une honetan ekarpenak egiteko fasean dago), egiaztatu dugu ezen, onetsiz gero, zailtasun asko egon daitezkeela osasun zerbitzu publikoari eusteko eta herritar guztiei osasun arreta egokia emateko, bai eta langileek gaur egun dituzten lan baldintzak eta eskubideak mantentzeko ere.