2025-04-19
HomeEkintza SindikalaGrebara deitu dugu berriro ekainaren 19an Arabako egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan, negoziazioan...

Grebara deitu dugu berriro ekainaren 19an Arabako egoitzetan eta etxebizitza komunitarioetan, negoziazioan aurrepausorik ez dagoela salatzeko

Lehen hitzarmen probintziala aldarrikatzen duen 35. greba eguna da. Langileek kalejira egingo dute goizean Gasteizko Plaza Berritik Foru Aldundira, eta arratsaldean manifestazioa egingo dute 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta.

Hurrengo ekainaren 19an, asteazkenean, LAB eta ELA sindikatuok greba deitu dugu berriro Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektorean. 35. greba eguna da sektorerako lehen hitzarmen probintzialaren aldeko borroka hasi zenetik.

Greba egun berri honen arrazoi nagusietako bat da joan den ekainaren 3ko negoziazio mahai hutsala. LABek eta ELAk eskatuta deitu zen mahaia, eta ez zuen inolako aurrerapenik ekarri negoziazioan. Sindikatuok prest agertu gara sektoreko 1.000 langile baino gehiagoren lan baldintza eskasak hobetuko dituen akordio bat lortzeko, baina gutxieneko batzuk bete behar direla uste dugu. Ez da gauza bera gertatzen mahaiaren beste aldean. Patronalak eta Arabako Foru Aldundia ez dira gatazka konpontzeko urratsik egiten ari, beren erantzukizuna denean erabat.

LABek eta ELAk prozesuan inplikatzeko exijitzen jarraituko diegu patronalei eta administrazioei. Ezin da onartu zaintza sektore hori erabateko prekarietate egoeran egotea. LGSaren inguruan dauden soldatez, gehiegizko partzialtasunaz, urteko 1784 orduko lanaldiaz, gehiegizko ratioez eta lan osasunaren prebentzio ezaz ari gara.

Hala, hilaren 19an, goizeko 11:00etan kalejira aldarrikatzailea egingo da, Gasteizko Plaza Berritik abiatu eta Aldundiaren plazan amaituko dena. Performance bat egingo da bertan. Ondoren, arratsaldean, manifestazio nagusia egingo da Bilbo plazatik abiatuta, 18:30ean. Ibilbidea Diputazio plazaraino izango da, eta bertan ekitaldi bat egingo da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enviserreko langileek greba gogortu dute, protestaren hirugarren astean

Hiriko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzeko Gasteizko Udalaren kontrata den Enviser enpresako langileek hiru aste bete dituzte greban. Baldintza duinak jasoko dituen hitzarmen propio bat lortzea da beren helburua. Hainbat langilek Gasteizko udaletxearen aurrean pasa dute gaua, azken honen inplikazioa eskatzeko.

LABek ontzat jo du Iruñeko Udalaren eta alokairuzko bizikleten enpresaren artean sinaturiko akordioari esker langileei zor zitzaizkien soldatak ordaintzea

LAB sindikatuak duela bi aste salatu zuen Ride On Pamplona Iruñeko alokairuko bizikleta elektrikoen zerbitzuko langileak egoera larrian zeudela, sei hilabete baitzeramatzaten nominak berandu kobratzen eta, gainera, enpresak bi nomina oso zor baitzizkien. Iruñeko Udalak eta Ride On-ek gaur iragarri duten akordioaren arabera badirudi zerbitzuaren jarraipena bermatuko dutela eta enpresak berehala kitatuko dituela langileekin dituen zorrak.

LABek salatzen du milaka gutun banatu gabe daudela Gasteizen Correoseko langile faltagatik

Langilerik ez kontratatzearen ondorioz, kaosa sortu da azken hilabeteetan posta-banaketan, eta inoiz ikusi gabeko egoetara iristen ari da. Kontratazioan murrizketa hain handia da, kasu askotan ez dela inor ordezkatzen ari. Adibidez, Alde Zaharreko postariak urte erdi baino gehiago darama bajan, ordezkatu gabe.