2026-09-02
HomeEkintza SindikalaGreba erregistratuta egonik, borrokaren bidez akordio hobea lor zitekeen Gipuzkoako elikaduran

Greba erregistratuta egonik, borrokaren bidez akordio hobea lor zitekeen Gipuzkoako elikaduran

Gaur, LABek erregistratutako eta ELA azken unean gehitutako grebarako egun eta erdi falta den honetan, CCOOk, ELAk eta UGTk akordio bat sinatu dute, elikagaien merkataritza eta industria sektoreko langileek eskubideak apur batzuen truke salduz.

Negoziazioan urtebete baino gehiago eman ondoren, 15 bilera egin ostean, Adegik negoziazio-mahaia deitu du grebarako 24 ordu baino pixka bat gehiago falta zirenean, plantillak kikiltzeko eta gatazka kalera ateratzea saihesteko asmo argiarekin. CCOO, ELA eta UGT sindikatuek amore eman dute eta aurreakordioa sinatu dute, baina LABek uste du ez dela nahikoa, eta, gainera, ziur gaude akordio hobea lor zitekeela.

Soldatari dagokionez, ikusten dugu ez dela nahikoa, eta are gehiago, horrelako sektore batean, Gipuzkoako Elikagaien Merkataritza eta Industrian, urtez urteko KPI osoak bermatzen ez direnean. Hazten ari den sektoreaz ari gara, pandemian salmentak denbora errekorrean biderkatu dituen sektore batez, erosketa-saskia % 16 ‘5 garestitu duen sektoreaz. Eta ez al dira gai urte bakoitzeko KPIa bermatzeko? Ezin dute, ez. Ez dute nahi! Eta, gainera, atzerapenak ordaintzeko 2024. urtearen amaierara arteko epea ematen zaie. Lotsagarria.

Lanaldia murriztea ere aldarrikapen historikoa izan da. Eta arlo horretan aurrerapausoak eman badira ere, urtean 2 orduko beherapena, guztira 4 ordukoa, miseria hutsa da. LABen aldarrikapena urteko lanaldia Uvescoko enpresa guztiek dutenarekin (1719 ordu urtean) parekatzea zen; hitzarmenak orain arte zuena baino 12 ordu gutxiago, besterik ez. Are, murrizketa hori eginda ere sektoreko langileek astean 37 ‘7 ordu lan egiten jarraituko luketela kontutan hartuta.

Gaur egun, langileei gero eta gehiago kostatzen zaie lanera joatea, eta, beraz, garraio-plusa beharrezkoa zen LABentzat, eta hori ere ez da lortu. Ezta lanaldiaren amaiera abenduaren 24an eta 31n aurreratzea ere.

Zalantzarik gabe, oso garrantzitsuak dira lizentziak hobetzea, ultraaktibitate mugagabea eta gaueko plusa. Azken hori, gainera, aldarrikapen historikoa da, eta orain arte itun bidez eta enpresetan lortutako hitzarmenen bidez baino ez da bermatu.

Baina LAB sindikatuan zinez sinesten dugu borrokaren bidez gure helburuak lortzean. Langile ordezkariek hamaika bisita, batzar eta eztabaida egin ondoren, langileak kontzientziatzea eta borrokara aktibatzea lortu dugu. Horrek dakarren esfortzuaz kontziente —batzuen kasuan, gainera, hobekuntza horiek eragingo ez zietela jakinda, itun propioak dituztelako— mobilizatzeko prest zeuden, Gipuzkoako elikaduraren sektoreko langileak kalera ateratzeko prest zeuden. Baina CCOOri, ELAri eta UGTri ausardia eta konbikzioa falta izan zaizkie. CCOOren immobilismoak, sektorean ordezkaritza handiena duen sindikatua, plantillekin egin beharreko lana baldintzatu du. Aldiz, ELAren jarrera ez dugu ulertzen. Apirilaren 5eko greba erregistroan egindako akatsa, 29rako proposatutako grebarekin bat ez egitea, azken unean iritziz aldatu eta bat egin, baina gero grebarik egin gabe akordio bat sinatzen amaitu? Argi eta garbi, Adegirekin duen bake sozialerako paktuan berresten gaitu honek. Langileekin izan duen zintzotasun falta gogor kritikatzen dugu.

LABetik aitortza egin nahi diegu lehen minututik hitzarmen honen alde borrokatu duten ordezkari guztiei. Zubiak eraikitzen eta gainerako sindikatuekin lan egiten saiatu dira etengabe. Eta bakarrik egonda ere, aurrera egiteko konpromisoa erakutsi dute! Baita txalotu ere, beren baldintzengatik edo elkartasunagatik antolatu diren, eta grebara joateko prest zeuden pertsona guztiei. Gaur mahai gainean zerbait egon bada, zuek posible egin duzuelako izan da. Zuek zarete ezinbestekoak.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.