2024-05-06
HomeEkintza SindikalaGlovoko langileen lan-harremana aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko...

Glovoko langileen lan-harremana aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko

Hasi dira Gizarte Segurantzak Glovoren kontrako epaiketa prestatzeko saioak. Zitatutako guztiei dei egin diete ordezkaria izenda dezaten. Honen harira, LAB langile batzuen izenean pertsonatu da eta langileak babesteko mobilizazioa egin dugu epaitegi aurrean, Bilbon.

Bizkaiko Glovo enpresako langileen epaiketa kolektiboa gero eta gertuago dago. Aste honetan, epaiketa horretan zitatutako langileei deitu zaie beren ordezkaritza izendatzeko. 200 langile baino gehiago daude deituta Lan Ikuskaritzak bultzatutako epaiketa kolektibora, eta, beraz, funtsezko puntu baten aurrean gaude, sektorean lana aitortzeko borrokan. Ildo horretan, sindikatuak iragarri nahi du epaiketara deitutako hainbat langileren defentsa gisa pertsonatuko garela, eta berretsi egiten dugu azken urteotan Glovoko langileekin egin dugun lana. Auzitegi Gorenak eta Estatuko beste toki batzuetako auzitegiek ebatzi duten bezala, lan-harremana aitortzea beste epairik ez dago.

Bizkaiko errealitatetik haratago, Nafarroan ere epaiketa kolektiboa izango da laster. Iruñeko Glovon eratutako sindikatu-atala, halaber, sektoreko langileen autoantolaketan sakontzen ari da. Donostian eta Gasteizen ere gune eta esparru espezifikoak prestatu dira sektoreko langileekin informazioa partekatzeko. Gasteizen, zehazki, hurrengo batzarra urtarrilaren 27an egingo da, arratsaldeko 16:30ean, sindikatuaren egoitzan.

Argi daukagu borroka hasi baino ez dela egin. Laboraltasuna aitortzeak lehen urratsa baino ez du izan behar sektoreko lan-baldintzak hobetzeko. LABek autonomoen kuotak, ordutegiak, soldata eta lan-osasuneko bermeak itzultzea beharrezkotzat jotzen du Euskal Herriaren esparruan antolaketa eta borroka-dinamika iraunkor bat ezartzeko, eskubide horiek lortzeko.

Hala ere, borroka hori ez da soilik epaiketa kolektiboan aipatutako langileena. Uberizazioaren fenomenoak eta, beraz, lan-harreman mota horiek beste plataforma digital batzuetan ugaritzeak zuzenean erasotzen die langile-klasearen eskubide guztiei. Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta Estatuko Gobernuari eskatzen diegu lan-araubide orokorra aplika diezaietela mota horretako enpresei eta langileei, eta lan-ikuskaritzak eta beste mekanismo batzuk indartu ditzatela horrelako enpresen iruzurra kontrolatzeko.

LABek borrokan jarraituko du, orain arte egin dugun bezala, plataforma digitaletako langile guztien lan-eskubideen alde, bai epaitegietan, bai kalean ere. Enpresetan uberizazioaren eta autonomo faltsuen aurkako borroka egiten jarraituko dugu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.