2024-09-20
HomeEkintza SindikalaGarbitzaile eta sukaldarien ordezkapenak bete gabe jarraitzen du EAEko Hezkuntza Sailak

Garbitzaile eta sukaldarien ordezkapenak bete gabe jarraitzen du EAEko Hezkuntza Sailak

Azkenengo asteetan, LABetik, behin eta berriz salatzen ari gara EAEko Hezkuntza Sailak zuzenean kudeatzen dituen eskoletako sukalde eta garbiketa-zerbitzuan ordezkapenak ez direla betetzen ari.

Pandemian zehar oinarrizko zerbitzuak izendatu arren (ondorioz, kolektibo honi %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkiote deitutako greba egunetan), azken asteetan ikastetxe ezberdinetatik salatzen ari dira ordezkapenak ez betetzearen ondorioz izaten ari diren arazoak, zerbitzuaren kalitatea murriztea eta lan-karga handitzea.

Arazoak konpondu barik jarraitzen du eta egoera okerrera doa. Ikasleek oporrak hartu badituzte ere, ikastetxeetan jarduerak jarraitzen du, eta sukalde zein garbiketako langile-kolektiboak bestelako lanak ere baditu, sukaldeetako eta geletako garbiketa orokorrak, besteak beste. Pandemia garaiko kontingentzia planak bete ezinik, honek langileengan sortzen duen presioari ezin eutsi dabiltza.

Bestalde, zerbitzu hauek kontraten bidez pribatizatu diren kasuetan, arrazoi batengatik edo bestearengatik langileak falta direnean, Hezkuntza Saileko langileei egokitzen zaie lan-karga. Biak ala biak zerbitzu feminizatuak dira eta funtsezko langileek egiten dituzte, baina ikusezinak direnek.

Egoera hauek ahalik eta lasterren konpontzea exijitzen dugu. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari ardurak bete eta erantzukizunez joka dezala eskatzen diogu.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bilboko hiribilduaren mantentze elektrikoari buruzko agiri teknikoa inpugnatu dugu, hitzarmena ez betetzeagatik

2024ko irailaren 4an, Bilboko Udalak argitara eman zituen Bilboko argiteria publikoaren eta instalazio elektriko eta osagarrien mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuaren lizitazio berriaren agiri teknikoak. Agiri horietan, Bilboko Argiakeko 39 langile agertzen dira langile subrogagarri gisa, eta subrogazio-zerrendatik kanpo geratzen dira mantentze elektrikoko zerbitzuko obren atalari atxikitako 9 pertsonak.

Karrera profesionala guztiontzat exijitu dugu

Sindikatuak Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin du gaur goizean helburu bikoitz bati jarraiki: batetik, ateez bestaldean izenpetu behar zen akordioa ospatzeko, zeinaren bitartez Osasunbideko 3.000 langile baino gehiagorentzako karrera profesionala onartuko baita; eta bestetik, eskubide hori bera gainerako langileentzat ere zabal dadila aldarrikatzeko. Egun historikoa dela nabarmendu dute, borroka sindikalaren beharra eta garrantzia azpimarratzearekin batera.

Pentsioen inguruko akordio berriak erretiro adina atzeratzen du eta pauso berri bat suposatzen du gizarte segurantzaren pribatizaziorantz

Gaur, Pedro Sanchez buru dutela, sinatu dute CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek pentsioen alorrean adostutako akordio sozial berria. Akordio hori estatu-mailan egin da, eta legezko adina eta kotizazio-urteak igotzen jarraitzea du helburu, erretiro adina atzeratzea sustatuz. LABen uste dugu akordio honek ez diela erantzuten euskal gehiengo sindikalak eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurkeztutako premiazko eskaerei. Aitzitik, Espainiako Gobernuak aurrera egiten du Bruselatik garatutako politika neoliberaletan, betiere patronala babesten duten sindikatuen bermearekin.