2026-03-19
HomeEkintza PolitikoaGarbiñe Aranburu: "Zaintzaren iraultza martxan da, eta ez dauka atzera bueltarik"

Garbiñe Aranburu: “Zaintzaren iraultza martxan da, eta ez dauka atzera bueltarik”

LAB sindikatuko koordinatzaile orokorra Hamaika Telebistako Kolpez Kolpe saioan aritu da gonbidatu gisa asteburuan.

Hainbat gairi heldu die elkarrizketan zehar, baina batez ere azaroaren 30ean bizi izan genuen lehenengo Greba Feminista Orokor historikoaz jardun du. Hala, nabarmendu du aitzindaritza markatu dugula geure herrian bertan nahiz geure mugetatik kanpo, eta emaitza “ikusgarria” izan dela gaineratu du. Emaitza horrek, gainera, erakusten omen du “azken urteetan mugimendu feministak eta sindikalismotik bertatik ere feminismoa lantzeko eginiko lan itzela, eta esan dezakegu zaintzaren iraultza martxan dela eta zaintzak behar duen eraldaketak ja ez daukala atzera bueltarik”.

Grebaren ezohikotasuna ere ez du alde batera utzi. Sistemak balioan jartzen ez dituen zaintza lanak ikusarazteko xedea izan du, eta horrek prozesuan bertan ere eragina izan du; besteak beste, “grebaren eragina baloratzeko beste modu bat” ekarri duela aitortu du Aranbururuk, hasteko eta behin, zaintzaren eremuan diharduten askok ez dutelako greba bere horretan egiteko aukerarik izan eta parte hartzeko eta ikusarazteko beste modu batzuk landu direlako.

Bestalde, elkarlanaren pisua ere azpimarratu du. Izan ere, prozesu guztian zehar sindikatuek ez ezik, mugimendu feministak izan du lidergoa, eta lan partekatu horren bidetik jarraitu nahiko lukete bidea, koordinatzaile orokoorraren esanetan.

Elkarrizketan zehar, baina, bestelako gaiak ere jorratu dira, baita modu zirikatzailean jorratu ere. Hala, esate baterako, galdera azkarren tartean Iñigo Urkullu edo Imanol Pradales nahiago ote duen galdetu dio Aranbururi Naroa Iturri aurkezleak. Aranburuk, ordea, ezberdintasun gutxi ikusten ditu bien artean, patronalak diseinatutako “robot erretratua” baita, bere ustez, EAJko hautagai berria, eta, horrenbestez, orain artekoaren jarraipena baino ez dela izango adierazi du. Gaineratu du hurrengo lehendakaria emakumea izatea gustatuko litzaiokela berari, baina feminista ere izan beharko lukeela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.