2026-11-19
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketaGarbialdi enpresak erakutsitako errespetu falta salatu dute

Garbialdi enpresak erakutsitako errespetu falta salatu dute

Bizkaiko Aldundiko garbiketaz arduratzen den Garbialdi azpikontratako langileek elkarretaratze bat egin dute gaur Bilbon, aldundiaren aurrean, eta hitzarmenaren negoziazioa 2012. urteaz geroztik blokeatuta dagoela salatu dute berriro. Azken bileretan enpresak ez duela proposamen berririk egin nabarmendu dute. "Oraingo honetan, gainera, ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin", adierazi dugu LAB, ELA, UGT, CCOO eta ESK sindikatuotako ordezkariok.

Hauxe da gaur kaleratu duten oharra:

Pasa den abenduaren 5an astero burutzen ari garen mobilizazioak martxan jarri genituen, Garbialdi eta Foru Aldundiko garbitzaileen arteko hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzeko borondatearekin.

Hitzarmen hau 2012an hasi zen negoziatzen eta ordutik hainbatetan salatu behar izan dugu enpresaren immobilismoa, bere interes falta eta, oro har, mahaian erakusten duen fede txarra. Bere eskaintza erraz laburbildu daiteke: egunean 0,14 euroko soldata igoera lanaldi osoa dutenentzat. Partzialitateak gogor jotzen duen sektore honetan, kontuak atera!

Abenduaren 5etik geroztik, birritan batzartu gara Garbialdirekin, jarrerak gerturatzeko balio zezakeen eskaintza berri bat entzuteko itxaropenarekin. Ez da horrelakorik gertatu. Enpresak ez du proposamen berririk egin eta oraingo honetan gainera ez du ezta aitzakiaren bat ipintzeko ahaleginik egin. Gainera, mahaian dauden ordezkariei eskubide sindikalak ukatzen dizkiete eta, are gehiago, aurrera eraman ditugun mobilizazioen inguruan komentario kritikoak egitera ausartu dira.

Euren jarrerak langileenganako errespetu falta izugarria erakusten du eta negoziazioa aurrera eramaten saiatzen ari garenontzat iraingarria bilakatzen hasi da.

Hasieran esan genuen eta oraingo honetan errepikatuko dugu: ez baduzue aditu nahi, behintzat entzun egingo gaituzue.

Mobilizazioekin aurrera egingo dugu, astero eta amorerik eman gabe; eta azkenean ere, ulertu behar izango duzue langileen baldintzak hobetzeko ardura duzuela.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako ardogintzaren sektorea mobilizatu egin da hitzarmenaren alde

Gaur izan da udazkeneko lehen mobilizazioa.

Anbulantzietan 1400 milioi euroko pribatizazioa geldiaraztea #LortuDugu eta zerbitzuaren publifikazio osoa exijitzen diogu EAEko Osasun Sailari

Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) arrazoia eman dio sindikatuari, eta bertan behera utzi ditu bai larrialdietako anbulantzien (LGSS), bai anbulantzia ez-asistentzialen lizitazioak. Ebazpenek berretsi dute Osasun Sailak ez duela justifikatu baliabide propiorik ez izatea, eta gogorarazi dute legeak kudeaketa publiko zuzena lehenesten duela.

Nafarroako Enplegu Zentro Berezietako lan-prekaritatea salatu dugu eta diru publikoaren gaineko kontrol handiagoa eskatu dugu

LAB sindikatua mobilizatu egin da gaur goizean Nafarroako Enplegu Zentro Berezien (EZB) sektoreakin, Nafarroako Foru Komunitatean arlo horretako langileek pairatzen dituzten lan-baldintza prekarioak publikoki salatzeko. Sindikatuak Nafarroarako berariazko arau-esparru bat eskatu du, sektoreko langile guztientzako lan-baldintza duinak bermatzeko eta plantillen arteko desberdintasunak saihesteko.