Metalgintzan negoziazio kolektiboak bizi duen egoeraren inguruko gogoeta helarazteko agerraldia egin du LAB sindikatuak Bilbon. Besteak beste, Confebask izaten ari den jarrera izan du hizpide eta aurrera begira sindikatuak abian jarriko dituen dinamikak aurkeztu dituzte.

FVEM, ADEGI, SEA (CONFEBASK) NOR ORDEZKATZEN DUZUE?
Joan de uztailean, EAEko hiru enpresaburuen elkarteek (ADEGI, FVEM eta SEA) metalgintzako sektorean ematen ari ziren negoziazioak bertan behera uztea erabaki zuten, mahaiak itxitzat joz eta sektorea inoiz ez bezalako segurtasun juridiko eta laboral ezara bultzatuz.

Era berean, uztailak 5 zituenean, hitzarmen kolektiboen indarraldiari eutsiko liokeen Lanbide arteko Akordioa sinatzera ukatu ziren.

Gaur egun, oraindik orain, enpresaburuen elkarte hauek ez dituzte onartzen aipatutako hitzarmen kolektiboen indarraldia eusten dituzten epaiak eta hauen aurkako epai guztiei helegiteak aurkezten dizkiete.

Hots, ez dute euren jarrera ezertan aldatu. Jendaurrean arduratsu eta zuhur agertu nahi badute ere, okertu gabe esan dezakegu lan desarautzearen aldeko jarrera irmoa erabaki dutela, 30 urte baino gehiagotan egindakoa deseginez eta gure sektorean dauden kohesio laboral eta sozialen esparruak, metalgintzako sektore hitzarmenak alegia, suntsituz.

Argi eta garbi diogu, Confebaskek soilik metalgintzako hitzarmenak nahi ditu baldin eta langileen eskubideak murrizteko tresnak bihurtzen badira.

Eta metalgintzako hitzarmenak ez berritzeari buruzko erabakiak ondorio zuzenak dakarzkie ere enpresei. Enpresari txiki eta ertainei, batez ere, igortzen ari zaizkie haien arduraren zama (gure herriaren industria ehunaren %80a baino gehiago dena), jakin dakitenean, enpresari horiek ez dutela bitartekorik ez eta gaitasunik euren enpresetan berezko lan-negoziazio esparrua sortzeko. Ondorioak, oraindik xumeak izanagatik, nabaritzen hasiak gara: enpresen arteko lehia bidegabea ematen ari da, eta horren ondorioz, gure lurraldeko hainbat enpresa suntsitzeko arriskuan geratu dira. Langileekin egin nahi duten antzera, enpresak elkarren etsai bihurtu nahi dituzte. Hori bai dela guztiz kaltegarria enpresen lehiakortasunarentzat!
Sektoreko hitzarmenak gutxieneko oinarriaz langileak hornitzeaz gain, enpresak esparru ziurraz eta egonkorraz hornitzen zituen ere. Hau guztia suntsitu nahi du Confebaskek.
Ziur aski, enpresaburuen elkarte horri benetako ekonomia, enpresa txiki eta ertain pilo horrek eragiten duena, bost axola zaiolako izango da. Patronalak enpresari handiak bakarrik ordezkatzen dituelako, enpresaburuen elite horrek gainerako enpresa eta langileei hitzarmena ukatzen dien bitartean, euren enpresetan LABek herrialdeko hitzarmenarentzat proposatzen dituen baldintzetan hitzartzen dituzte itunak.

Ultraktibitatearen gutxieneko legezko 12 hilabeteko epea areagotzea, enpresek, euren kabuz, nahi dutenean, ez daitezkeela hitzarmenari ez lotzeaz askatu eta KPI-a erreferentziatzat hartuz, soldatak handitzea bezalako gaiak, eztabaidaezinak direla esaten duten horiek, indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren “aurka joatea” dakartelako, hala ere, euren enpresetan baldintza horiek betetzen dituzten akordioak lotzen dituzte.

Guk behintzat ez deritzagu gaizki enpresetan gisa horretako itunak lotzeari, aitzitik, gure herriak behar dituela uste dugu. Dena den, gaizki deritzagu gainerako langile eta enpresei lan segurtasunaz eta egonkortasunaz hornitzea eragozteari. Zergatik zure enpresarentzat ona dena ez da ona gainerakoentzat? Zergatik eragozten duzue guztiontzat izango den hitzarmena?

Zergatik, euren enpresetan negoziatzen dutenean, gatazkak baino, akordioa lotzeko beharra hobesten dute, eta aldiz, “enpresako lobbyaren” ordezkari bezala dihardutenean, euren enpresetan erabiltzen ez duten lan araudi baten, Rajoyren PPk erditu duen lan erreformaren babesle sutsu bihurtzen diren?
Honen adibiderik argienak Pello Gibelalderenak (Adegiren lehendakaria) eta Jose Javier Arteche Zubizarretarenak (FVEMen lehendakariordea) ditugu.

Milaka langile hitzarmenik gabe uzten dituzten eta ehunka enpresa txiki eta ertainetara gatazka eramaten duten bitartean, LABek herrialdeko hitzarmenarentzat proposatu dituen antzeko akordioak lotzen dituzte euren enpresetan.

Gauzak honela, honako galdera egiten dugu: zein zilegitasunaz ordezkatzen dituzue enpresariak? Edo hobeto esanda, nor ordezkatzen duzue?

Baina bi adibide hauek soil besterik ez dira. Duten garrantziagatik, aipagarrienak izan daitezke, baina inolaz ez bakarrak.

Euskal Herriak bere bidea
LABek ez du etsiko. Urrats berriak emango ditugu, jakinda, gure errealitate industrialak eta laboralak bere bidearen beharra dutela eta Madrilek eta Euskal Herrian dituen sukurtsalek (FVEM, ADEGI, SEA) (gurean gutxiengoa ordezkatzen dutenak) ezarri nahi diguten bestelako bidearen beharra dutela. Ez dute zilegitasun politikorik ez eta sozialik; ez diezaiegun eman sindikatuok! Patronala egiten ari den xantaiaren irtenbidea ez datza, sindikatuak, patronalaren neurrira eginak diren eta gutxiengoan hitzarmenak sinatzean, ez baitu ezer konpontzen ez eta bermatzen ere.

LAB sindikatua datozen egunetan:

• Confebaskek duen “aurpegi bikoitza” lantoki guztietan salatuko dugu, langileek zein enpresariek egoera hau jakin dezaten.
• Jendarteko iritziari jakinaraziko diogu, Confebasken darabilen diskurtso ofizialez gain, enpresa askotan, patronalak adierazi nahi digun bestelako bidea egiten ari dela.
• Era berean, sektoreko hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresaburuen gehiegikeriak salatuko ditugu.
• Aurrerantzean ere, mobilizatuko gara, metalgintzako hitzarmenen alde eta Euskal Herriak berezko lan harremanetarako euskal esparrua izan dezan.
• Erakundeak eta batez ere, Eusko Jaurlaritza interpelatuko dugu, aurrerantzean ez dezan berma CONFEBASKek negoziazio kolektiboaren bitartez darabilen xantaia eta trabatze estrategia
 

LAB sindikatuaren dinamikak
» Confebaskek duen “aurpegi bikoitza” lantoki guztietan salatuko dugu.
» Jendarteko iritziari jakinaraziko diogu enpresa askotan, patronalak adierazi nahi digun bestelako bidea egiten ari dela
» Sektoreko hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresaburuen gehiegikeriak salatuko ditugu.
» Metalgintzako hitzarmenen alde eta Euskal Herriak berezko lan harremanetarako euskal esparrua izan dezan mobilizatzen jarraituko dugu.
» Erakundeak eta batez ere, Eusko Jaurlaritza interpelatuko dugu, aurrerantzean ez dezan berma CONFEBASKek negoziazio kolektiboaren bitartez darabilen xantaia eta trabatze estrategia.