2026ko EAEko aurrekontuen eztabaida hasi da Legebiltzarrean eta ezinbestekoa da unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa beste behin ere agerian uztea. Izan ere, 2026rako EHUra bideratutako finantzaketa zertxobait igotzea aurreikusten bada ere, EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Aldi berean, unibertsitate pribatuetara bideratutako baliabideak, izan finantzaketa zuzena izan beste baliabide publikoen lagatzea, gero eta handiagoa da.
Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena.
EHUko irakasle-ikertzaileon oinarrizko soldatak bigarren hezkuntzako irakasleen oinarrizko soldatak baino baxuagoak dira eta erosahalmenaren galera oso nabaria izan da. Datu bat emateagatik, 2008tik irakasle agregatu eta unibertsitate titularren soldatek % 24,3ko galera izan dute. Horri gehitu behar zaio soldatak osatzeko 2006an sortutako osagarriak izoztuta mantentzen direla, urte horretatik hona KPIa % 46,6 igota.
Horrez gain, prekaritate egoera lazgarriak mantentzen dira. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400 eta 800 arteko euro kobratzen jarraitzen dute, egiten dituzten ezinbesteko aktibitate batzuk aitortuak izan gabe. Ikuspegi ekonomikotik, behintzat, unibertsitateko irakasle-ikertzailea izateko egin beharreko fondo-lasterketak ez du erakargarria egiten lanbide hau, eta jakintza arlo batzuetan gero eta irakasle lanpostu berri gehiago hutsik geratzen ari dira. Horrek ondorio larriak izango ditu epe ertain eta luzean, unibertsitate publikoaren sail batzuetan irakasle nahikorik egongo ez baita.
Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) kasuan azken 15 urteetan gauzatutako erosahalmenaren galera % 18,2koa izan da, eta zerbitzu eta sail askotan langile gehiago behar da. Ordainsari-maila txikieneko lanpostuak berrikusi egin behar dira, eta bizitzaren benetako kostuarekin bat datozen soldata-baldintza duinak bermatu. Irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko TEKAZELen lana ezinbestekoa da. Hala ere, Europako beste herrialde batzuetan irakasle-ikertzaile/TEKAZEL ratioa 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa da.
Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da plantilla nahikoa izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea, lan-baldintza duinak izatea eta langileak zaintzea. Beharrezkoa da doktorego-tesietarako kontratu kopurua handitzea, ikerketarako baliabide nahikoa bermatzea, behar diren instalazio berriak martxan jartzea, eraikinen mantentze-lanak egitea (zentro batzuetan ohitu gara urteroko itoginetara…), zerbitzu batzuen pribatizazioarekin bukatzea, baita sailak eta zerbitzuak ondo hornitzea ere.
Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezko finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna da jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantziazioa kemenez defendatzea Eusko Jaurlaritzaren aurrean.
Izan ere, Eusko Jaurlaritzak bideratzen duen finantzaketak oso baxua izaten jarraitzen du. Izan ere, 2025erako EHUri egindako ekarpena 2024ko Euskal Erkidego Autonomoaren Barne Produktu Gordinaren % 0,46 izan da, Unibertsitate Sistema Lege Organikoak 2031erako markatzen duen BPGren %1etik oso urrun. Okerrena da Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzaren sailburuak medio batzuetan egindako adierazpenetan argi uzten duela ez dutela inolako asmorik kopuru horretara hurbiltzeko. Horrez gain, bi hizkuntza ofizialetan aritzen diren unibertsitateek gain-finantzaketa lortzeko USLOk eskaintzen duen aukera ere ez du aipatzen. Europako Estatu askotan unibertsitate publikoen finantzaketak BPGren % 1 gainditzen duen bitartean, EHU finantzatzeko ardura dutenak bere oraina eta etorkizuna kolokan jartzen ari dira kontzienteki.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak alfonbra gorria jartzen die unibertsitate pribatuei, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz. Guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen EHU pixkanaka-pixkanaka hondoratzen ari dira, unibertsitate pribatuen flota gero eta anitzagoa eta indartsuagoa den bitartean, instituzioetatik erraztasun guztiak emanda eta diru publikoz era zuzenean zein ez-zuzenean finantzatuta.
Horregatik, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza batzordean EHUko egoera eta beharrak azaltzen ari gara gaur. Horregatik, aurrekontuak definitzen ari diren honetan, eredu pribatizatzaile eta neoliberalaren aurrean euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa defendatzea eta behar duen finantzaketa bermatzea exijitzen diegu alderdi politiko guztiei eta, bereziki, EHU indartzeko ala ahultzeko erabakia bere esku duten Eusko Jaurlaritzari eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuari.
Unibertsitate publikoaren defentsan, EHUrako beharrezko finantzaketa bermatu!

