2026-02-02
HomeEkintza SindikalaEuskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei...

Euskarari pizkunde berri bat emateko, LABek ere abenduaren 27an Miribilla betetzera dei egiten du

Euskara larrialdi linguistikoan dagoela gero eta nabarmenagoa da. Gero eta ikerketa gehiagok agerian uzten dute euskarak ez duela etorkizuna ziurtatuta. Hau da, aldaketa sakonik egon ezean, euskaldunok euskaraz bizi ahal izatea ez dugula ziurtaturik, ez gaur egun eta ezta etorkizunean ere. Euskararen transmisioa ez dago bermatuta, eremuz eremu euskara erabili ahal izatea ez dago normalizatuta, eta eremu sozioekonomikoan edo lan munduan euskararen hedapena bereziki urria da. Hori gutxi ez, eta, azken garaian, euskararen eta euskaldunon hizkuntza-eskubideen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko bereziki erasokorra indartzen ari da, hurrengo urteetan areagotzeko zantzu guztiak dituen oldarraldia.

Agertoki kezkagarri horren aurrean, XX. mendearen erdialdetik aurrera egindakoaren antzera, euskararen aldeko pizkunde berri bat sustatzeko premia dago, eta, euskalgintzarekin batera, LABek ere hori sustatzera dei egiten ditu euskal herritarrak; bereziki, euskal langileria. Herriz herri eta lantokiz lantoki euskara normalizatzeko ekimenak biderkatu behar ditugu; gure hizkuntza-eskubideen defentsa irmoa egin behar dugu, eta, finean, euskaraz lan eta bizitzeko konpromisoari tinko eutsi behar diogu.

Pizkunde hori euskaltzaleon aktibazioarekin eta mobilizazioarekin sustatzeko hainbat ekimen jorratuko dira datozen hilabeteetan. Horien artean kokatzen da datorren abenduaren 27an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilboko Miribillan egingo duen ekitaldia. Hau euskaltzaleon indar eta batasunaren erakustaldia egiteko ekitaldia izango da; euskaldunei aktibatzeko deia egin eta hizkuntza politiketan jauzi sendo bat aldarrikatzeko ekitaldia. Ondorioz, LABek euskaltzaleei dei egiten die abenduaren 27an Miribilla lepo betetzera eta hurrengo hilabeteetan euskararen aldeko borrokari bultzada berri bat ematera. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...