2026-03-19
HomeEkintza SindikalaEuskal patronalek ez dute kimika sektorean bertako negoziazio esparrua irekitzeko asmorik erakutsi

Euskal patronalek ez dute kimika sektorean bertako negoziazio esparrua irekitzeko asmorik erakutsi

LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, bilera egon da gaur Lan Harremanen Kontseiluan, Euskal Autonomia Erkidegoan ordezkaritza duten euskal patronal ezberdinekin. Sindikatuek kimika sektorerako euskal negoziazio esparru bat irekitzeko beharra azaldu dute, kolektiboki bertako errealitateari hobeto erantzuteko aukera emango lukeelako eta, gainera, Euskal Herriko ordezkaritza sindikalak sektore honetako langileentzako lan baldintza hobeak lortzea ahalbidetzen duelako.

Bileran parte hartu duten euskal patronalek (CONFEBASK, ADEGI, CEBEK, SEA eta AVEQ KIMIKAk) ez diote baiezkorik eman eskaera horri. Argudio juridikoen aitzakipean, Araban Bizkaian eta Gipuzkoan negoziazio eremuak irekitzeko aukera itxi dute. Sindikatuek beste behin ere adierazi diete, aitzakiak alde batera utzita, borondate kontua dela eta eragile sozial diren heinean, kimika sektoreko langileen lan baldintzak Euskal Herrian negoziatzeko beharra ikusiko balute, hau posible izango litzatekeela. Tamalez, euskal patronalek ez dute horretarako borondaterik erakutsi eta estatuko negoziazioaren esparruan eroso sentitzen direla erakutsi dute.

LABek beti defendatu izan du sektore guztietan, baita kimika arloan ere, euskal negoziazio esparrua edukitzeko beharra. Hala, zailtasunak izan arren, LAB prest dago hori lortzeko borroka muturrera eramateko. Gaurko bileran euskal patronalek emandako erantzunaren ostean, sindikatuok berriro elkartuko dira eman beharreko hurrengo urratsak aztertzeko.

Nafarroaren kasuan, LABek planteamendu bera defendatzen du, nahiz eta UGTk eta CCOOk ez duten EAEko jarrera berdina, gaia eztabaidatzeko deitutako intersindikaleko bileretan ere parte hartzeari uko egiten diotelarik. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, LABek bide hori jorratzen jarraitzeari uko egingo dionik, ezta Nafarroako sektoreko patronalak interpelatzeari utziko dionik ere.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.