Garraioan ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, HIRU eta Kurpil) mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzen aurrean, sektoreko langileek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatzeko.

Urteetako eskaera bat da, langileon jubilazio adina aurreratzearena. Aldarrikapen horrek, gainera, inoizko gaurkotasuna dauka, non langile hauen bizi baldintzak guztiz prekarizatuak dauden, zaintzarako denborarik gabe edota langabezia tasa oso altuekin. Bestelako jendarte eredu batean, non bizitza bizigarriak ditugun helburu, ezinbestekoa da lana banatzea, lan guztiak banatzea, baita zaintza lanak ere. Horrek, bestelako neurriek lagunduta joan behar du, hala nola, enpleguko lan jardunak murriztea edota jubilazio adina aurreratzearen neurriekin.

Zentzu honetan, zilegia da, Euskal Herrian mahai gainean jartzeko, lan baldintza neketsu edota arriskutsuak dituzten horietan aurreratze hori eskatzea, kasu honetan, gidari profesionalek egin bezala, eta bide batez erraztea administraziotik beraien jubilazio adina aurreratu ahal izatea, beste arlo batzuekin egiten den bezala (itsas langileak, burdinbidekoak, meategiak…).

Mobilizatu diren langileen adierazi bezala, “gizarteari mugikortasun zerbitzu bat ematen diogun langileak gara, lan txandatan, egun osoan zehar eta urteko egun guztietan, horrek dakarren nekatze fisikoarekin. Gaineratu behar da errepideen egoera dela, eta lan egiteko ergonomia medio, guztiok gaude bizkarreko minak jota, nekea, gaixotasun muskulo esletikoak eta psikosozialak pairatzen, hala ziurtatzen dute txosten mediku ugarik”.

Arazo hauek medikura joatean beti lotzen dituzte ogibidearekin, baina inoiz ez da aitortu gaixotasun profesional bezala: “Gehitu behar da gure lan orduetan jarri behar dugun arreta errepide eta inguruan eta beharrezko erreflexuak istripuak ekiditeko, egunero ekiditen ditugun bezala, eta zalantzarik gabe, erreflexu hauek adinarekin galtzen goaz. Norbaitek pentsa dezake zein erreflexu gaitasun izan dezakeen 65 urteko pertsona batek, gainera goizeko 4:30tan jaiki denean, zerbitzua ematera joateko?”.

LAB sindikatuak begi bat Madrilen jarrita dauka, gure bizi baldintzetan eragin zuzena duten erabaki asko bertatik inposatzen ari dizkigutelako. Bide horretan, euskal alderdiak presionatu behar ditugu euskal langileon lan baldintzen alde egin dezaten.

LAB Garraioko Sindikatu Koordinatzailearen (CST-Plataforma por la jubilación a los 60 años) partaide da 2020ko otsailetik, baina LAB sindikatuak bi oinak Euskal herrian ditu. Madrilen ez delako posible bizitza bizigarriak bermatzea. Hori soilik Euskal Herrian borrokatuz lortuko dugulako. Euskal Herritik eta Euskal herrian eragiteko garaia da, bertako gobernuak interpelatu eta Lan kode Propio eta Gizarte Segurantzako Lege propioak eskatuz. Hori da gure alternatiba, gure kanpaina propioa eginez, garraio enpresetan, enpresa komite eta sail sindikalen atxekimendua lortuz.

Garraioko Sindikatu Koordinatzaileak (CST) deitutako mobilizazioekin egin dugu bat, baina ez dugu ahaztu behar gure bide propioa egin behar dugula.