Urteko lehen lan istripu hilgarria ez da erantzunik gabe geratu

2025ak atzean utzi ditu lanean hildako 75 langile eta zauritu asko. Tamalez 2026a hasi eta egun gutxitara gertatu da lehen lan-istripu hilgarria. Urtarrilaren 8an, ostegun goizean, langile bat hil zen Urruñako obra batean, eta larriki zauritutako bere lankidea helikopteroz eraman zuten Baionako ospitalera artatua izan zedin.

Prentsan argitaratutako lehen informazioen arabera, 26 eta 30 urteko bi langileek Duhalde eraikuntza-enpresan (Uztaritze) egiten zuten lan, Euskal Hirigune Elkargoarentzat edateko uraren biltegi baten eraikuntza-obran. Istripu hau ez da erantzunik gabe gelditu. 2024an sortutako Ipar Euskal Herriko Lan-istripuen aurkako protokolo intersindikalari* aktibatu dugu. Enpresaren aitzinean elkarretaratzea antolatu dugu langile horiei omenaldia egiteko, haien senideei, lagunei eta lankideei doluminak adierazteko, eta, aldi berean, istripu hau salatzeko.

Eraikuntza sektorean, lanak azkar bukatzeko presak eta arrazoi ekonomikoek maiz arrisku handiak hartzera behartzen dituzte langileak. Enpresaburuak dira egoera larri horien erantzule, eta langileak dira biktimak. Osasuna eta segurtasuna benetan lehentasunak balira, ez ginateke halako egoeren aitzinean egonen. LAB sindikatuak etengabe eskatzen du segurtasun-arauak betetzea eta langileen osasuna bermatzea. Berme horiek eskaintzen ez dituen lanpostu oro onartezina da; besterik gabe, ez da bideragarria.