Ipar Euskal Herrian, mobilizatzeko deialdiekin hasi dugu kurtso berria. Irailak 10eko blokaketa eguna eta 18ko greba egunaren ostean dator, Euskal Herrian uda hasieratik eraikitako eta urriaren 9rako deitua den medikuntza soziala eta Funtzio Publikoko sektorearen greba-eguna. Egun horiek langileen ahotsa eta haserrea entzunarazi eta justizia sozialaren aldeko borrokatzeko baliatu behar ditugu.
Bayrouk eta Macronek beraiek zulatutako defizitaren faktura ordainarazi nahi digute. Beldurraren diskurtsoan sakrifizioak egitera behartzen gaituzte, ultraaberatsek urte gutxitan beren fortuna bikoiztu dutelarik beren zerga kuotak murriztuz eta enpresentzako, kontrolik gabe, biderkatu diren languntza publikoak erabiliz.
Iragarritako neurrien bortizkeriak antolatzera eta mobilizatzera bultzatu behar gaitu: besta egunak kentzea eta ordaindutako oporren 5. astea kolokan jartzea, pobrezia areagotzen ari den honetan prestazio sozialak izoztea, funtzionarioen eta kontratupeko langile publikoen soldatak izoztea, langabezia-aseguruantzaren erreformatzea, erretetadunen pentsioak jaistea…
Pariseko maskarada politikoaren aitzinean demokrazia eta langileon erabakitzeko ahalmena indartu behar ditugu. Alde horretatik, LABek negoziazio kolektiboko instantziak Ipar Euskal Herrira hurbiltzea aldarrikatzen du. Euskal Herrian gure tresnak sortzea gure indar harremana handitzea da eta gure bizitzak, kapitalaren ordez erabakien erdigunean kokatzea. Guzti hau aldarrikatzeko karrikan izango gara datozen urriak 9an.

