2025-12-05
InicioAcción SindicalLABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura...

LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezan lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, diru publikoarekin ordaindu dutena

LAB sindikatuak arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat jo du CENeko enpresariek diru publikoa erabiltzea (60.000 euro) modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko. Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina.

LABen iritziz, gainera, onartezina da kanpaina horrek Nafarroako Gobernuaren babesa izatea eta ideia horiek Enplegu Planaren eszenaratzearen parte izatea. Eta hori guztia egin dute Nafarroa Garaiak oso egoera latza bizi duelarik: iragan urtean 26.000 lan-istripu aitortu zituzten, horietatik 26 hilgarriak, eta aurten dagoeneko 12 langile hil dira lanean.

CEN patronalak bertzeren erantzukizun gisa ikusten du laneko arriskuen prebentzioa. Nahiz eta enpresen zuzendaritzek erabakitzen dituzten lan eta enplegu baldintzak. Espainiako Estatuari egokitutako Europako lan-osasunaren araudiak hiru hamarkada daramatza hori argi eta garbi uzten: “enpresaburuari dagokio bere langileen segurtasunaren eta osasunaren bermatzaile izatea”.

Legeak enpresariari ematen dio erantzukizuna eta, aldi berean, hori aurrera eramateko tresnak ematen dizkio. Hala, enpresaburuak langileak zigortu ditzake segurtasun arauak betetzen ez badituzte; langileek, berriz, ez dute inolako tresnarik enpresaburuei lan baldintza seguruak berma diezazkieten eskatzeko. Azken batean, Espainiako Lan Ikuskaritza bat dute, 9 ikuskariz osatua, Nafarroan lan egiten duen 311.400 pertsonako biztanleria batendako; bistan denez, baliabide horiek oso urriak dira.

Kanpaina propagandistiko hori akatsez jositako agerraldi batean aurkeztu zuten. “Ví ve te” leloa baloratzen hasi gabe –beraiek jakinen dute zer erran nahi duten–, LABen iritziz, amorragarria da CENek prebentzioaren ardura langileei egoztea, ebidentzia zientifikoak eta arauak seinalatzen dituzten arriskuen jatorriko neurri kolektiboen aurrean. Enpresarien betebeharrei buruz eta langileen eskubideei buruz hitz egiteari uko egiten diote. CEN ohiko jokabidea da hori, erruz erabiltzen duena, fokua kalteen benetako sorburutik aldentzeko.

Zergatik daude lan istripu gehiago Nafarroan?

Oso deigarria da kanpainak totum revolutum batean istripu zergatien inguruan egiten dituen balorazioetan –batzuk zuzenak, bertze batzuk okerrak eta bertze batzuk zuzenean gaizki planteatuak– ez aipatzea lan prekaritate orokortua, ezta enpresek prebentzio legea ez betetzeko duten ohitura ere.

Lan arloan Nafarroako Gobernuak alderdikeriaz jokatzeari utzi behar dio, CEN, UGT eta CCOOren Gobernua izateari utzi behar dio. Diagnostiko eta eztabaida zintzorik gabe ezinezkoa da egoera aldatu eta hobetzea. Elkarrizketa Sozialak ez du balio. Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Izan ere, nola kalkulatu du 2028. urterako istripu-tasa %20 murrizteko helburua? Zer diote azken bi urteetako «Prebentzioko Lurralde Ordezkaria» programaren eraginkortasunari buruzko ebaluazio-txostenek?

Enpresarien kanpainak proposatzen dituen neurri guztiek egungoaren antzeko agertokia sortzen jarraituko dute. Enpresariek araudia betetzen ez duten bitartean, eta Maria Txibite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bortz axola zaizkiela.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB ha participado en el congreso de la central sindical chipriota PEO

El coordinador general de LAB, Igor Arroyo, se ha sumado a la reivindicación de unidad y autodeterminación de Chipre en en el congreso de...

La pretensión de llevar la Ley de Empleo Público al Tribunal Constitucional español supone un agravamiento de la ofensiva judicial contra el euskera

En contra de la opinión de la sociedad vasca y de la mayoría de los empleados públicos, la resolución podría prohibir situar el euskera...

LAB denuncia de forma rotunda que hayan dejado a 111 personas en la calle en el barrio de Martutene de Donostia

LAB recuerda que toda la ciudadanía tiene derecho a tener una vida que merezca ser vivida, y ha reclamado a las instituciones que lo...