2026-02-01
HomeEkintza SozialaAniztasun FuntzionalaEnplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea eskatzen dugu

Joan den irailaren 23an, EHLABEk, enplegu-zentro berezien patronalak, Mikel Torres EAEko lehendakariordearen eskutik, sei urteko gizarteratze eta laneratze proiektua aktibatu zen. Honen helburua aniztasun funtzionala duten 2.000 pertsona baino gehiago prestatzea, gizarteratzea eta laneratzea da; Lan-Aukera izena eman zaio, eta Europar Batasunak finantzatuko du, 10 milioi eurotik gorako aurrekontuarekin.

LABetik salatu nahi dugu administrazioek aniztasun funtzionala duten pertsonen integrazio soziolaboralari buruz hitz egiten duten bitartean, enplegu zentro berezietako langileek akordio horien eraginkortasunik eza eta hauen atzean dagoen negozioa salatzen jarraitzen dutela. Berriro ere errepikatu nahi dugu urteak aldarrikatzen daramaguna, aniztasun funtzionalaren sektoreko lan- eta bizi-baldintzak benetan hobetzea ekarriko duten proiektuak eta akordioak behar ditugu.

Lan Aukera proiektuak ez die erantzuten gure sindikatuaren aldarrikapen historikoei. Eusko Jaurlaritza zein Aldundiei benetako neurriak eta politikak eskatu dizkiegu enplegu-zentro berezietako lan-baldintzak hobetzeko, enplegu arrunterako benetako trantsizioa sustatzeko, LGSari lotutako soldaten prekaritatea gainditzeko, behin-behinekotasuna murrizteko, eskulan merkea izateari uzteko, soldata-eskala desberdinak gainditzeko (soldata txikiagoarekin lan bera egiten baidugu), gure aldi baterako ezgaitasunen osagarriak hobetzeko, eta abar. Horren aurrean ikusezin mantendu dituzte beti sektoreko langileak eta entzun ere ez diete egin.

LABetik inplikatutako eragileekin, hau da, erakundeak eta patronalarekin, benetako elkarrizketa eraginkorra izatea eskatzen dugu. Enplegu-zentro berezien sektoreak milioiak mugitzen ditu, eta aniztasun funtzionala duten pertsonen prekarizazioan eta bazterketan oinarritzen da.

LABen borrokan jarraituko dugu honako aldarrikapenen alde:

Eredu eta politika aldaketa. Enpresen onura ekonomikoa bultzatzen duten eta neurri baztertzaileak sustatzen dituzten erakundeen aurrean borrokatu behar dugu. Haien legeek betikotzen dutelako langile hauen diskriminazioa.

Estatalizazioari aurre egitea eta lan-baldintzak parekatzea. Hego Euskal Herrian ez dago erreferentziazko lan-hitzarmenik sektorean. Aniztasun funtzionala duten langileen lan eta bizi-baldintzak hemen erabakitzeko eta adosteko, EAEko eta Nafarroako enplegu zentro berezietako lan hitzarmen baten alde borrokatu behar dugu. Izan ere, lan-baldintzak oso desberdinak dira enpresaz enpresa, eta alde handiak daude sektoreko langileen artean.

Enplegu arrunterako igarobidea bermatzea. Horrek gizarteratzeko eta laneratzeko benetako aukera izan behar du.

Premiazkoa da enplegu-zentro berezietako langileen lan-eskubideak benetan eta eraginkortasunez arautzea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...