2024-04-26
HomeLan Osasuna IdazkaritzaApirilak 28Emakumeek* pairatzen duten osasun galera ikusgarri egin dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Emakumeek* pairatzen duten osasun galera ikusgarri egin dugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatu gara, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian, langileen lan osasuna urtez urte okerrera egiten ari dela salatzeko. Aurten emakumeen* gaixotasunak ikusgarri egin nahi izan ditugu, lanean zein maila sozialean pairatzen duten berdintasunik ezaren ondorioz sufritzen dituzten osasun ondorioak jakitera emateko. Hala, LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hitza hartu du Donostiako mobilizazioan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eta ezinbestean hartu beharreko neurriak aipatu ditu; gaitz ergonomiko, piskosozial eta kimikoei ikusgarritasuna ematea, besteak beste.

Donostian Mutualiaren aurrean bildu gara, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean amaitu dugu mobilizazioa; Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean elkartu gara; Gasteizen, Osakidetzako zerbitzu zentralean; eta Iruñean, CEN patronalaren egoitzaren aurrean.

Mobilizazio hauetan guztietan, emakumeen* eta gorputz ez binarioen osasun galeran jarri dugu arreta, ikusezin egin nahi duten errealitatea baita; hots, ikusezin bilakatu nahi dute sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeei* inposatzen dien diskriminazioa eta lan osasun kaskarra, segurtasun eta lan osasun arloei dagokienez.

Ildo honetan, Garbiñe Aranburuk adierazi du, sexuaren araberako lan banaketaren ondorioz, emakumeek* arrisku desberdinei egin behar dietela aurre eta, ondorioz, lan gaixotasun desberdinak garatzen dituztela. "Salatzen ari garen ikusezintasun horrek beharrezkoak diren prebentzio neurriak ez hartzea ekartzen du; horregatik, lan egiten jarraituko dugu gaixotasun hauek ikusgarri egiteko eta gaixotasun horiek saihesteko neurriak har ditzaten eskatzeko", esan du LABeko idazkari nagusiak.

Protestari oztopoak, Gasteizen
Gasteizen IMQ mutualitatearen aurrean amaitu du LABek bere protesta, eta bertan, performance baten bitartez irudikatu dugu emakumeok* pairatzen ditugun gaixotasunak eta arriskuak lanean.

Pankarta bat itsatsi dugu mutualitatean eta bengala batzuk piztu. Orduan etorri zaigu Ertzaintza, bi kide identifikatuz. Mobilizazioaren parte zela eta berau komunikatuta zegoela adierazi zaien arren, haiek barrura sartu eta hango langile bati esan diote larrialdietara dei egiteko kea mutualitate barrura sartu delakoan. Handik minutu gutxira agertu dira suhiltzaileen bi kamioi, kotxe bat eta anbulantzia bat sirenak piztuta. Ikusi dutenean deitu dietela duela ordu erdi kalean bi bengala piztu direlako (futbol partidetan sarri erabiltzen diren horietakoak) eta ezer ez zegoela bertan, alde egin dute.

Langile-klasea kalean egoteak, lan osasunaren defentsan, antza, sistema gogaitu egiten du. Aldarrikapen laboral eta sozial anitzen presentziak gogaitu egiten du sistema, borroka sindikalak gogaitu egiten du. Sistemak gero eta tresna gehiago dituela bere eskura: mozal legea, ordenantzak eta, oraingoan egin bezala, identifikazioak; hori guztia, gogaitu egiten duen guztia eragotzi ahal izateko.

Berdintasunik eza
Neurri batean, generoen arteko berdintasunik ezaren jatorriak lanean gertatzen den sexu banaketan du oinarria, non gizonezkoei zuzentzen zaizkien lan produktiboa eta soldatapeko lanak eta emakumeei* lan erreproduktiboaren eta zaintza lanen ardura (soldatarik gabekoa). Honek emakumearen* bizitza erabat baldintzatzen du, lan arloan zein gainontzeko esparruetan, eta ondorio kaltegarriak ditu euren osasunean.

Sexu banaketa honek gizonak eta emakumeak* sektore, jarduera eta kategoria profesional desberdinetan egotea ekartzen du. Lan merkatuaren segregazio horizontalaren ondorioz, emakumeek* okupazio aukera gutxiago dituzte, eta tradizioaren izenean familiarki eta sozialki izendatu zaizkien lan eta rolen luzapena diren jardueretan aritu ohi dira, zaintzarekin lotura dutenak, (sektore sozio-sanitarioan, irakaskuntzan, garbiketan…). Jarduera hauetan, gainera, sistemak soldata baxuagoak ezartzen ditu.

Bestalde, lan merkatuaren segregazio bertikala dago, hau da, boterearen eta harremanen banaketa hierarkikoa, non emakumeak* hierarkia profesionalaren barruko beheko kategorietan dauden. Emakumeak* “kristalezko sabaiarekin” topatzen dira aurrez aurre, ikusezin den muga batekin, zenbait lan kategorietara eta erabakitze postuetara jauzia ematea baliogabetzen duena. Hain zuzen ere, zoru itsaskor bati lotuta geratzen dira, eta horrek azpiko lan kategorietan eta kualifikazio gutxiagoko postuetan itsatsita uzten ditu, bertatik ihes egin ezinik, esparru “pribatuan” zaintza lanen ardura izaten jarraitzen baitute.

Zentzu honetan, etxeko langileen ahultasun egoera salatzen dugu. Sektore feminizatua da, pertsona migrantez osatuta gehienbat, eta eskubide sozial eta laboral gutxiago aitortzen zaizkie, Gizarte Segurantzako Erregimenean daudenak, bertan badaude, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen aplikaziotik kanpo daudelarik.

Gizonak eta emakumeak* baldintza eta kokapen sozial desberdinetan daude lan merkatuan, eta horrek esan nahi du emakumeek* lan arrisku desberdinak dituztela, eta, ondorioz, lan osasun arazo desberdinak ere.

Gizonek, neurri handiago batean, segurtasun arriskuei aurre egin behar diete; emakumeek* egiten dituzten lanetan, berriz, arrisku ergonomikoak (arazo muskulu-eskeletikoak) eta psikosozialak edo lan antolaketarekin lotutakoak izaten dira nagusi. Emakumeek* osasunean jasan ditzaketen ondorioak epe luzean agertzen dira, eta arrazoi anitzengatik ager daitezke; hortaz, ikusezin bilakatzen dira, eta, gainera, mutua patronalek gaitzek lanarekin duten lotura ez dute onartzen. Irudimenari edo faktore hormonalei erantzuten dietela esan ohi dute, menopausia edo hilekoa, kasu, eta, modu honetan, lanarekin zerikusia duten gaitzak osasun sistema publikora bideratzen dituzte.

Lan osasun arloko politikek emakumeek* lan produktiboetan dituzten arriskuak gutxietsi eta baztertu egiten dituzte, eta lan erreproduktiboa bera ere ez dute aintzat hartzen.

Gaur egun, lan arriskuen inguruko prebentzioari buruz emakumeek* jasotzen duten arreta haurdunaldira eta edoskitzarora mugatzen da, eta horrek argi eta garbi uzten du zer nolako ikuspegia dagoen lan osasun arloan, sexu eta generoari dagokionez. Mutuek euren boterea erabiltzen jarraitzen dute eskubideak murrizteko, aurtengo urtarrilean egin duten bezala, haurdunaldian egon daitekeen arriskuarekin.

Lan osasunean, generoaren gaian dagoen ustezko neutraltasunarenpean, gizonezko langilearen irudia erreferente bezala hartzen dute edo generoa kontutan hartzeko aldaera bat dela ukatu egiten da, desberdintasun biologiko eta antropometrikoak dauden arren (lanpostuak eta lan tresnak gizonezkoentzat daude diseinatuak), horrek arriskuen aurreko erantzuna erabat baldintzatzen duenean. Eta ez bakarrik emakume* eta gizonen artean, generoaren binarismotik at dauden beste gorputz batzuen existentzia bera ere ez baitute kontutan hartzen.

Emakumeak* pisu emozional eta psikosozial handiagoa duten enpleguetan daude. Emakumeen* lana da:

-Monotonoagoa
-Parte hartze gutxiagorekin, planifikazioari dagokionez
-Exigentzia gehiagorekin
-Jazarpen moral gehiagorekin
-Sexu jazarpen gehiagorekin
-Jendaurrekoari begirakoa gehiago
-Promoziorako perspektiba gutxiagorekin
-Lan prekarietate gehiagorekin -behin behinekotasun altuagoarekin-
-Lanaldi partzialeko lanekin eta soldata arrakalarekin

Eta emakumeek* jasaten duten lan berdintasunik eza honek ondorioak ditu osasunean.

Beharrezko neurriak
Egoera hau ikuspegi desberdinetatik jorratu behar da. Osasun publiko eta lan osasun politiketan ondorengo ezaugarri hauek hartu behar dira kontutan:

-Osasuna, lanarekin zerikusia duten politika guztietan
-Ikusgarri egin ezkutuan dauden arrisku eta kalteak. Izan ere, ikerketa ezak prebentzio eza ekartzen du eta, horrenbestez, arriskuaren pertzepzio okerrago bat
-Lan arriskuen prebentziotik osasun, ongizate eta lanera
-Kontziliazio politikak sustatu, korrespontsabilitatea bultzatzeko eta familia eredu desberdinak kontutan hartzeko xedearekin
-Benetako berdintasun planak egin, eraginkorrak, negoziatuak eta beteko direnak
-Ikusgarritasuna eman gaitz ergonomiko eta piskosozialei
-Osasunarekiko kalte guztiak ikertu (indarkeriagatik, estresagatik eta abarrengatik eratorritako lesioak)
-Emakume langileen parte hartzea sustatu prozesu guztietan. Arriskuak aztertzeko metodologia kualitatibo eta parte hartzaileak erabili, generoa kontutan hartuta
-Esposizioen datuak jaso eta erregistratu; sexu, lan egindako ordu, sektore eta okupazioaren arabera.

Datu orokor batzuk
Apirilaren 28aren etorrerarekin, hots, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren etorrerarekin, datu orokor batzuk eman ditugu, langileek pairatzen duten odolustea agerian uzteko. 2018. urtean, Hego Euskal Herrian, 105.127 lan istripu gertatu ziren, egunero 288; horietatik 283 larriak izan ziren eta 67, hilgarriak. Azken bost urteetan, 268 langilek galdu dute bizia lan istripuen ondorioz. Datuak eskandalagarriak dira, lan istripu gehienak saihestu daitezkeela kontutan hartzen badugu, bereziki.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.

Euskara baztertzailetzat jo eta hizkuntzaren normalizazio prozesua kolpatzen duen enegarren epaia

Euskal administrazioa euskalduntzeko prozesuaren aurka pairatzen ari garen oldarraldiaren barruko epai berri bat ezagutu dugu. Kasu honetan, Donostiako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiak Eibarko udaltzain lanpostu baterako euskara-eskakizuna frogatu beharretik salbuetsi ditu hautagaiak ezohiko egonkortze deialdi batean, hautagaietako batek jarritako helegitea partzialki onartuta.