2026-06-22
HomeEkintza SindikalaDomusVi eta Avanvida desgaitasun zentroetako langileek hitzarmenean jasotako 2022ko soldata igoera eskatu...

DomusVi eta Avanvida desgaitasun zentroetako langileek hitzarmenean jasotako 2022ko soldata igoera eskatu dute

Desgaitasuna duten pertsonei laguntzeko DomusVi eta Avanvida enpresetako zentro itunduetako langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Iruñean, Garapen eta Pertsonen Autonomiaren Nafarroako Agentziaren egoitzaren parean (GPANA), 2022. urteko soldatei dagozkien atzerapenak ordain diezazkieten eskatzeko. Kontzentrazioaren deialdia egin dugun sindikatuok —LAB, ELA, CCOO eta UGT— erantzunkide egiten dugu GPANA, bi enpresa horiek sortutako egoerarengatik.

Indarrean dagoen DomusVi eta Avanvida enpresen hitzarmena 2020ko abendutik dago sinatua eta urte bakoitzeko KPIaren igoera bermatzen du. Beraz, argi dago gai honek ez dituela ezustean hartzen bi enpresa horiek. Aurtengo ia bederatzi hilabete iragan dira, eta bi enpresa horietako langileek 2021eko soldatak kobratzen jarraitzen dute, hau da, KPIaren igoera aplikatu gabe (%6,6). Hitzarmen horretan sartuta dauden bertze enpresa batzuek dagoeneko eguneratu dituzte langileen nominak; ez, ordea, DomusVi eta Avanvida enpresek. Zergatik ez?

DomusVi-n eta Avanvidan ordezkaritza dugun sindikatuok —LAB, ELA, CCOO eta UGTk— azalpenak eskatu dizkiegu enpresei eta GPANAri, baina batzuek eta bertzeak pilota alde batetik bertzera pasatzen dute. Eta bitartean, langileek beti bezala jarraitzen dute lanean, baina ez dute kobratzen lan hori egiteagatik dagokien guztia.

Nork du langileen dirua? Bada, ez dakigu. Enpresa horiek hitz politez betetzen dute ahoa zaintza lanei buruz hitz egiteko, pertsonengan zentratutako arretari buruz, baina alderdi ekonomikoa kudeatzeko orduan, langileei ordaintzeko eta helburuak lortzeko, kasualitatez-edo atzeratu egiten dira.

Horregatik guztiagatik, GPANAri eskatzen diogu erakunde publiko kudeatzaile gisa ardura dadila enpresa horiek ikuskatzeaz eta mugak jartzeaz. Era berean, atzerapenak ordaintzeko eta nominak eguneratzeko berehalako konponbidea eskatzen dugu. Langile guztienganako errespetu kontua dela uste dugu, haien lanari balioa ematea, baita erantzukizun politiko eta soziala ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Aniztasun funtzionala duten pertsonen eskubideak eta bizi-kalitatea mehatxatzen dituzten dekretuen aurrean, elkarrizketa exijitu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari

Aniztasun funtzionalaren sektoreko LABeko delegatuek eta dekretuek eragiten dieten familiek esku-hartze publiko bat egin dute Batzar Nagusietan, eta 2026ko apirilaren 1ean onartutako Foru Dekretuen eragina aztertu dute.

75 ekarpen egin dizkiogu Nafarroako Unibertsitate Sistemaren Foru Lege Aurreproiektuari sistema publiko, propio eta euskaldunago bat bultzatzeko

Era berean, Euskal Herriko gainerako unibertsitateekin lankidetza handiagoa izango duen unibertsitate-sistema propioaren eskumenak indartzea proposatu dugu. Joan den ekainaren 12an amaitu zen Nafarroako Unibertsitate Sistemaren...

Gaur, berriro ere Udalhitzeko mahaia blokeatu dute EAJk eta PSEk, aurrerapausorik ez dutelako eman euskararen gaian zein zerbitzu publikoen kudeaketan

EAJk eta PSEek, Enplegu Publikoaren euskal Legearen moldaketaren eztabaida aitzakiatzat erabiliz, lan-hitzarmen batek jaso ditzakeen klausuletan ez dute aurrera egin nahi izan, eta merkantilizazioa...