2024-04-16
HomeGaituakBatzarraDesgaitasunak dituzten LABeko kideek lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua aldarrikatu...

Desgaitasunak dituzten LABeko kideek lan harremanetarako eta babes sozialerako euskal esparrua aldarrikatu dute

Gaur abenduak 3, desgaitasunak dituzten pertsonen nazioarteko eguna dela-eta, desgaitasunen bat duten LABeko kideen batzarra egin da Donostian. Besteak beste, Madrilen erabaki eta hemen ezartzen ari diren murrizketek eremu desberdinetan duten eragina izan dute aztergai.

Desgaitasunak dituzten pertsonak, banka salbatzeko eta gizarte eredu bidegabea ezartzeko sakrifikatzen ari diren sektore horietako partaide direla gogorarazi dute bertan. Gehiengo sozialaren kaltetan gutxiengo baten pribilegioei eusteko politikak onartzen dituztenei aurre egiteko konpromisoa berretsi eta aldarrikatu dute garaia dela Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren oinarriak jartzeko.

DESGAITASUNAK DITUZTEN LABeko LANGILEEN ADIERAZPENA

«Gaur, 2012ko abenduaren 3an, desgaitasunak dituzten pertsonen nazioarteko egunean, LAB sindikatuak adierazi nahi du:

Nagusi diren botere ekonomiko eta politikoek menderatzen eta bultzatzen gaituzte, pertsona bakoitza eta gizartea, sufrimendu handiko egoera batera. Ekonomiaz eta gizarteaz, guk erabakiak hartu ahal izatea ukatuz, Madrilen ezartzen ari diren erabakiak gure gizarte-eskubideen aurkakoak dira eta gure aniztasuna gizartean gizartean txertatu eta gehitzea ezinezko egiten dute.

Desgaitasunak ditugun pertsonak, banka salbatzeko eta gizarte eredu bidegabea eta elkartasunik gabea ezartzeko (gutxi batzuren onerako, pribatizazioetan eta desberdintasunetan oinarritua), sakrifikatzen ari diren sektore horietako partaideak gara:

Soldata kaskarragoak eta segurtasun-eza ezarriz zigortzen gaituzte gu ere. 2012. urtean, Euskal Herrian kontratatu diren ezgaituen kopurua %23 jaisteaz gain, %1,1ari bakarrik egin diote kontratu mugagabea.

Lan merkatuak trabatzat edo gutxiago ordaintzeko eta diru-laguntzak jasotzeko aukera gisa hartzen diren langile horien artean gaude; diru publikoa jasotzen duten enpresetan erabakiak hartzerakoan hitza eta iritzia ematea ukatzen zaien langileen artean gaude.

Norberaren autonomia sustatzeari dagokionez, murrizpenen jasaileak gara. Menpekotasuna zaintzera bideratzen diren diru-laguntzak eta zerbitzuak murriztu dizkigute, Gipuzkoa salbu gainerako herrialdeetan norberaren laguntzailearen irudia ez dute garatzen, eta gero eta pertsona gutxiagok eskura ditzakegu prestazioak.

Osasun alorrean, murriztapenaren jasaileak gara, botikak berriz ordaindu behar izanaren eta material ortopedikoa garestitu izanaren jasaileak gara; lehen, Osakidetzak %100ean finantzatzen zituen botikak ordaindu behar izanaren eta osasun-mentalaren gailuak garatu eta sendotu ez izanaren jasaileak gara.

Hezkuntzan aurrekontuak murriztu izanak eragiten digu, irakaslegoa eta hezkuntzako laguntzaileen kopurua urritu izanaren jasaileak gara, aniztasunaren, integratzearen eta aukera berdintasunaren aldeko lana arriskuan jarriz.

Guri ere, beste askori bezala, pentsioaren balioa —balioa duten pentsioen kasuan— jaisten ari zaigu; beste zenbaitetan, berriz, ditugun pentsioek ez dute pobrezia-atalasea gainditzen eta beraz, duintasunez eta autonomiaz bizitzerik ere ez dugu.

Desgaitasunak izanik gutxiespenak, paternalismoa eta gehiegizko babesa jasan duten emakumeen artean gaude gu ere.

Madrileko nahiz Gasteizeko eta Iruñeko Gobernuek egingo duten krisialdi ekonomikoaren kudeaketak, jadanik txarrak diren gure lan eta gizarte baldintzen okerragotzea areagotuko du. “Oparoaldian” bazterketa eta gure aniztasunaren integratze eza baino ezagutu ez genuenok, egungo egoerak ikusezinagoak izatera, miseria eta bazterketa handiagora, jendarteko bizitzetik baztertuak izatera zigortuko gaitu.

EGOERA HONEN AURREAN:

Aurreko greba orokorren kariaz, desgaitasunak ditugun langileok ez dugu etsiko. Hori dela eta, konpromisoa hartzen dugu bazterketei eta bidegabetasunei aurre egiteko, eta otzan nahi gaituztenei eta gehiengoaren gizarte-ongizatea zigortuz, gutxiengo baten pribilegioei eusteko politikak onartzen dituztenei aurre egiteko.

Madriletik eta bertan egiten diren politikengandik ezer espero ez daitekeela jakinda, gure ustez, gastu soziala eta berdintasun politikak egin behar direla eskatuz, gure lanpostuak babesteko egunero egin behar den borrokarekin batera, oraingoa garai egokia da Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren oinarriak jartzeko. Hori dugu bide eta aukera bakarra:

Gure herriaren gehiengoak dituen interesi erantzungo dien eredu ekonomiko eta soziala eraiki ahal izateko.

Desgaitasunak dituzten pertsonen lan eskubideen eta eskubide sozialen defentsa sustatu ahal izateko.

Desgaitasunak dituzten emakumeek, oraindik orain, intentsitate handiagoz jasan ohi dituzten bazterketei aurre egin ahal izateko, prestakuntza eskuratzerakoan, nahiz enpleguan, norberaren autonomian eta ekonomikoki burujabe izateari dagokionez.

Komunikazioan, mugigarritasunean, prestakuntzan, jendarteko harremanetan, enpleguan, aisialdian, etxebizitzan,… topatzen ditugun oztopoak ezabatu ahal izateko.

Maila denetan aktiboki eta zuzenean parte hartu ahal izateko, aukera berdintasuna eraginkortasunez bermatu ahal izateko, gizarte-ongizate handiagoa eta gizarte-eskubideak osoki garatu ahal izateko.

Donostian, 2012ko abenduaren 3an»

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ernaik gazte blokea osatuko du Maiatzaren Leheneko Iruñeko manifestazioan

Ernai gazte antolakundeak gazteentzat bizi baldintza duinak aldarrikatuko ditu Maiatzaren Lehenean, eta bat egingo du LABek deitu duen mobilizazio nazionalarekin. 11:00etan Trinitarios plazatik abiatuko den gazte blokean parte hartzera dei egin diete gazteei. Gazteen mobilizazioak Sarasate pasealekuan egingo du bat LABen manifestazioarekin.

Envases Metalurgicos de Álava enpresan bi langile kaleratu dituzte azken 6 hilabeteetan

Pasa den martxoaren 27an egin zuen Laudioko enpresak azken kaleratzea.

Kontzentrazioa Bizkaiko Grafikagintza sektoreko patronalaren aurrean

Apirilaren 29an eta 30ean eta maiatzaren 22an eta 23an greba deitu dugun LAB-ELA-CCOO-UGT sindikatuok CEBEKi eskatu diogu datorren osteguneko bileran sindikatuen plataforma bateratuari erantzun positiboa emateko.