2024-04-20
HomeErrepresioaDenok kalera. Mozal Legeari ez! #mozalikGabe

Denok kalera. Mozal Legeari ez! #mozalikGabe

Gaur, hilak 30 eta bihar, uztailak 1, mobilizazio ezberdinak burutuko dira Euskal Herrian herritarrak isilaraztea bilatzen duen Mozal Legea salatzeko. LABek euskal langileria eta hiritargoari dei egiten dio Mozala Legea arbuiatu eta eskubide guztien alde aritu dadin.

LABek irmotasunez eta argitasunez arbuiatu nahi du Herritarren Segurtasunerako Lege Organikoa, Mozal Legea izenez ezagutzen duguna, nahiz Zigor Kodearen erreforma. PPk ezarri duen lege berriak eskubide zibilak, sozialak eta oinarrizko askatasunak mugatuko ditu; era berean, hiritargo oro erreprimitzeko modu berria eta gizarte zibil ororen aurkako erasoa ekarriko du berekin.

Alderdi Popularraren gehiengo osoari esker, urgentzia tramite bidez, Espainiako Parlamentuak dagoeneko onartu duen Herritarren Segurtasunerako Lege Organiko berri honek hiritarren oinarrizko askatasunei eraso egin nahi die. Legea zuzenarazi behar da, aurre egin behar zaio, Euskal Herrian ezarriko ez denaren konpromiso argia eta garbia lotu behar da.
PPren gobernuak egin dituen azken astinaldiekin eskubideak desagerrarazi eta murriztu nahi ditu, banakako eta taldeko askatasunak ito nahi ditu, legearen mehatxuaz, alor guztietan, lanekoan nahiz gizartegintzan, hiritarrek jasan ohi dituzten erasoen aurka jardun eta protestatu nahi dutenak isilarazi nahi dituzte. Etsitzen ez direnen eta eskubide guztien alde eta askatasun beraren alde dihardutenekin bat ez datorren ahots erantzunkorra deuseztatu nahi dute.

Mozal Legea lan erreformaren osagarria da, non haren bidez, patronalaren erabateko boterea ezarri nahi duten, beti ere, langileen lan baldintzen lepotik. Negoziazio kolektiborako eskubiderik gabe, oraingo honetan, patronalen erasoen eta gizarte-eskubide murrizketen aurka gauza litekeen erantzun oro isilarazi nahi dute, elkartzeko eskubidea, manifestatzekoa, grebakoa, adierazpen eskubidea ukatuz, sare sozialen bidez egindakoak ere.

Nagusi den ordena neoliberalak zalantzan jar lezakeen guztia zigortuko eta erreprimituko du: arau-hauste motak eta zigorren munta izugarri handitzen dira, egungo isunak garestituz, kartzela-zigorrak gogortuz, etengabeko espetxeratzea ahalbidetuz edota estradizioa are gehiago erraztuz… Honek guztiak Giza-Eskubideen urraketa argia eta nabarmena dakar.
Rajoyren Alderdi Popularrak, isilduko ez garenok, langileak eta hiritarrak izanik, dagozkigun Giza-Eskubideak, Gizartearenak eta eskubide Politikoak babesten iraungo dugunok gaizkile bilakatu nahi gaitu. Ez gaituzte isilaraziko honen antzeko Lege ez-demokratikoekin mehatxuka iraungo balute ere. LABek hiritar guztiak deitzen ditu, eta batez ere, langileria, mehatxuekin kikildu ez daitezen eta langileak, hiritarrak eta Herria izanik, dagozkigun eskubide guztiak babes ditzagun aurrerantzean ere, nahiz eta PP-k eta haren legeek gu isilarazten saiatu.

MOBILIZAZIOAK
EKAINAK 30
Bilbo, Plaza Biribila. 19:00etan

UZTAILAK 1
Bilbo, Plaza Eliptikoan 10.45etan
Iruñea, Merindades. 19:00etan
Donostia, Bulebar. 19:00etan
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.