2026-02-02
HomeEkintza SindikalaCAFeko langileak lanuzteak egiten hasi dira hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko

CAFeko langileak lanuzteak egiten hasi dira hitzarmenaren negoziazioa bultzatzeko

CAFek Beasainen eta Irunen dituen lantegietako batzarrek erabateko babesa eman diote (botoen % 90 baino gehiagorekin) Enpresa Batzordeak egindako mobilizazioen proposamenari. Hala, geldialdia egin dute gaur eguerdian, eta azaroan zehar beste sei egunetan ere hala egingo dute.

CAFek Castejonen (TRENASA) duen lantegiko langileek ere mobilizazio-proposamena berretsi zuten batzarrean. Horrela, CAFek Euskal Herrian dituen tren-fabrikazioko plantek bat egingo dute lehenengo aldiz hitzarmen kolektiboa berritzeko lanuzteen deialdiarekin, hitzarmen hori CAFek Nafarroan duen lantegian ere aplikatu ahal izateko (une honetan, hitzarmen honen aplikazio-eremua Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietarako da).

Hala, gaur bi orduz gelditu ostean, datozen asteetan Euskal Herriko CAFeko 3.500 langile inguruk honako lanuzte hauek egingo dituzte:

– Azaroak 7, asteartea: 3 orduko lanuztea.

– Azaroak 9, osteguna: 3 orduko lanuztea.

– Azaroak 14, asteartea: 4 orduko lanuztea.

– Azaroak 16, osteguna: 4 orduko lanuztea.

– Azaroak 21, asteartea: 5 orduko lanuztea.

-Azaroak 23, osteguna: 5 orduko lanuztea.

Zuzendaritzak egindako hirugarren proposamena ez da nahikoa, eta horregatik aktibatu da LABen ekimenez aurrera atera den mobilizazioen egutegi hau.

Enpleguaren defentsa, lanpostu finkoen sorrera, langile beteranoenen erretiro-baldintzak, konpainiaren errealitatearekin eta bizitzaren garestitasunarekin bat datozen soldata-igoerak, azpikontratak plantillan integratzea, hitzarmena tituludun langileentzat ere aplikatzea, langileen egunerokoan hobekuntza zehatzak egitea, lan-osasunari buruzko hainbat gai, telelanaren baldintzak eta Castejongo lantegia CAF SAren hitzarmenean sartzea dira, besteak beste, hitzarmen honen negoziazioan zuzendaritzarekin konfrontratu beharreko gaiak.

Euskal Herriko lantegietan gehiengoa duen ordezkaritza sindikala LABena da, eta hori da giltzarrietako bat CAFek lan eskubideetan eta borroka sindikalean erreferente izaten jarraitzeko. Patronalarekin aurrez aurre jartzea beharrezkoa da lan-baldintzak hobetzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. IruƱean...

EstaƱos Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako EstaƱos Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen ā€œezkutu sozialaā€ bertan behera utzi dutela salatzekoĀ 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...