2024-04-19
HomeMaiatzaren Lehena 2017Burujabetza aldarrikatuko dugu eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko

Burujabetza aldarrikatuko dugu eredu ekonomiko eta sozial berria eraikitzeko


Aurtengo hau izan daiteke garai berri baten atariko Maiatzaren Lehena: “Euskal Herrian eta gure mugetatik harago ematen ari diren gertakariek aukera berriak zabaltzen dituzte. Erronka ekonomiko eta sozialei aurre egin ahal izateko, burujabetzarako bidea egiten ari dira Catalunya eta Eskozia. Gurean ere gero eta gehiago gara geure lan eta bizi baldintzen gainean erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugunok”. Prentsaurreko bidez Igor Arroyo Nafarroako bozeramaileak adierazi duenez, “badira bi urte Nafarroan aldaketa instituzionala gauzatu zenetik. Aurrera egin da, nabarmen, gure herrialdearen demokratizazioan. Bazterketa sozialaren kontrako hainbat neurri hartu dira. Alabaina, aldaketa soziala eginkizun dago oraindik; berau gauzatzeko, bi oztopo nagusiri aurre egin behar zaie”.

Lehenengo oztopoa Nafarroan bertan legoke: Patronala. “Frankismoan nahiz posfranksimoan aberastu den elite ekonomikoak botereari eusten dio” adierazi du Arroyok. “Bere estrategia, batetik, lan erreformak emandako baliabideen bidez lan baldintzak prekarizatzean datza; eta bestetik, ahalik eta zerga gutxien ordaintzean. Honela, lan kosteak murriztuz eta zergei ihes eginez, bere etekinak areagotu nahi ditu. Ez da egongo aldaketa sozial sakonik, Patronalaren politikari muga jartzen ez bazaio eta momentuz Nafarroako Gobernuak ez du horretarako asmorik agertu”.

Bigarren oztopoa Madrilen dago LABen arabera. “Azken hamarkadan hartutako erabakiek agerian utzi dute Nafarroaren ustezko autogobernua erabat mugatua dagoela. Sektore publikoaren garapena oztopatzen duten hamaika arau ezarri dizkigu Espainiako Gobernuak. Nafarroako Parlamentuak onartutako 17 legeren kontrako helegiteak aurkeztu ditu, tartean frackinga debekatzeko eta desjabetzeekin amaitzeko lege bana. Bestalde, Nafarroak ez du lanbidearteko gutxieneko soldata finkatzeko edota eskubide laboralak bermatzeko eskumenik”.

Arroyok adierazi duenez, “Herri galdeketarik gabe Foru Hobekuntza ezarri zenetik 25 urte igaro direnean, nafarrok geure etorkizunaren inguruko erabakiak har ditzagun garaia da. Estatus berri baten inguruko eztabaida instituzional eta soziala irekitzeko konpromisoa hartu zuen Gobernuak, Akordio Programatikoan jasotzen denez. Konpromiso hori gauzatzea eskatzen diogu LABetik. Zabal dadila behingoz eztabaida. Jar ditzala mahai gainean nork bere proposamenak. Gure aldetik ez dugu zalantzarik: estatu propio bat eratzea da nafar langileon lan eta bizi baldintzen hobekuntzarako bide emankorrena. Menpekotasunak sozialki kaltetzen gaitu. Murrizketa, prekarietate eta inposaketen garaia gainditu eta berri baten bila goaz: langileon garaia, burujabetzaren garaia, aldaketa sozialaren garaia”.

Iruñeko manifestazioa

LABek hiru manifestazio egingo ditu Euskal Herrian, eremu administratibo bakoitzeko bana: Baiona (11:00etan, geltokitik), Bilbo (12:00etan, Zabalburutik) eta Iruñea (12:15ean, Gaztelu plazatik). Azken honetan, lau bloke antolatuko dira, lan baldintzak aldatuko dituzten neurri zehatzak hartu ahal izateko, burujabetzaren beharra nabarmentzeko. Ernai gazte antolakundeak bosgarren bloke bat antolatuko du eta martxan zehar “pikete feministak” ere (lan arloko diskriminazio egoerei aurre egiteko LABek diseinatutako tresna berria) presentzia izango du.

Lau blokeak oinarrizko lau aldarrikapenen inguruan antolatuko dira: 35 orduko lan astea, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publikoen garapena. Jarraian azaltzen da horietako bakoitzaren inguruko ezaugarritzea.

Burujabetza osoaz… 35 ordu

Kapitalaren logika Bizitzaren logikaren kontrakoa da. Milaka lagun lanik gabe dauden bitartean, enpresek gehiago ekoiztu nahi dute jende gutxiagorekin, dela robotizazioaren bidez (Industria 4.0 eta abarrak), dela malgutasunaren eta lanaldiaren luzapenaren bidez. Zentzugabekeri horri amaiera jartzea premiazkoa da, 35 orduko lan astea ezarriz. Kontrako bidea egin behar da inposatutako lanaldi partzialei dagokionez; horiek mugatzea da gure eskaria, Europako hainbat herrialdetan bezala gutxieneko lanaldi bat finkatuz.

Burujabetza osoaz… LGS 1200 euro

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata 707 eurotan dago. Horrekin ez dago bizimodu duin bat izaterik Estatuan eta gutxiago Nafarroan, hemen bizitzaren kostea handiagoa baita. Gutxieneko soldata hileko 1200 eurotaraino igotzea, prekarietatearen kontrako borroka nagusietako bat da. Lantokiz lantoki eta sektorez sektore aritu behar gara horren alde. Baina langile guztientzat ezar dadin, Nafarroak lan arloko eskumenak izatea nahitaezkoa da.

Burujabetza osoaz… 1080 euroko gutxieneko pentsioa

Duela gutxi, Pentsionistak Martxan plataformak sustatu eta LABek babestutako Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu zen Nafarroako Parlamentuan. Bi eskari egiten zituen: nafar orori gutxieneko pentsioa bermatu eta horretarako Nafarroan Gizarte Segurantzako kutxa propioa kudeatu. Alabaina, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak bat egin zuten UPN-PP-PSNrekin, horretarako eskumenik ez dagoela argudiatuz. Galdera beraz honako hau da: nafar orori pentsio duin bat bermatzen ez dion “autogobernua” ontzat eman behar al dugu?

Burujabetza osoaz… Zerbitzu publiko duinak

Nafar guztien hezkuntza, osasun arreta eta babes soziala bermatzeko zerbitzu publiko duinak behar ditugu. Horretarako UPNk ezarritako eredua errotik aldatu beharra dago, zerbitzuen publifikaziorako plan bati ekinez, administrazioa demokratizatuz eta behin behinekotasuna %5era murriztuz. Gaurdanik urratsak eman daitezke norabide horretan, izan ere LAB hainbat hobekuntza lortzen ari da. Hala ere, Espainiako Gobernuak krisiaren aitzakiaz inposatutako salbuespenezko legediak Nafarroako zerbitzu publikoaren garapena mugatzen du.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ez du sinatu EAEko anbulantzietako aurreakordioa, hilabete luzetako borrokan planteatutako gutxieneko hobekuntzak ez baititu jasotzen

Anbulantzietako langileentzat Osakidetzako lankideekiko homologazioa eta soldataz haragoko bestelako hobekuntzak alde batera utzi dituzte azken asteetan LABi bizkar emanda aritu diren ELA, CCOO eta UGTk. LABek ez du sinatu aurreakordioa.

Patronalaren eta instituzioen utzikeriak dirauen bitartean prekaritateak hiltzen jarraitzen duela salatu dugu Gasteizen

Iragan asteburuan bi Euskal langileren heriotzen berri izan dugu, garraiolari bat Lleidan eta langile autonomo batena, Gasteizen. Gure elkartasuna eta besarkada beroena hurbilekoei.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak iragarritako Herri Ekimen Legegileari babesa adierazi dio LABek, gutxieneko pentsioak 1080 eurotara premiaz osagarritu daitezen

Atzo, apirilak 19, milaka euskal pentsiodun atera ziren kalera. Gasteizen egindako mobilizazioan, 1080 eurotako gutxieneko pentsioa behingoz berma dadin 170 udaletan baino gehiagotan aurkeztutako mozioak izan zituzten hizpide, baita horren segida izango den lantzen dabiltzan Legez besteko Proposamena ere. LABek mugimenduaren aldarriekin bat egiten du eta ekimen berri hau babesten duela adierazi du.