2025-05-16
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Tindategi eta Ikuztegien Hitzarmenerako CECOVI-ATILAVI patronalak eginiko proposamenak baztertu ditugu sindikatuok

Bizkaiko Tindategi eta Ikuztegien Hitzarmenerako CECOVI-ATILAVI patronalak eginiko proposamenak baztertu ditugu sindikatuok

Bizkaiko ikuztegien eta tindategien azken hitzarmen kolektiboa indarralditik atera zen 2006an. Orduz geroztik, plantillen lan-baldintzak 2007an sinatu eta 2009az geroztik indarrez kanpo dagoen eraginkortasun mugatuko hitzarmen baten bidez arautu dira, edo, ikuztegi handien kasuan, enpresa-hitzarmenen bidez. 2018an, hitzarmena eguneratzeko beste ahalegin bat egin zen, eta pandemiak eten zuen, baina oso zaila izaten ari zen, patronalak atzera pauso garrantzitsuak planteatzen zituelako; besteak beste, antzinatasun-osagarria kentzea.

Beraz, sektoreko soldatek eta lan-baldintzek urteak daramatzate izoztuta. Hitzarmena indarrez kanpo geratu aurretik, soldata-taulak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren oso gainetik zeuden, eta orain, berriz, oso azpitik. Horrek esan nahi du enpresa-hitzarmenik ez duten plantillek LGSrekin biziraun behar dutela. Egoera hori bereziki larria da tindategietako langileen artean; izan ere, oso txikiak direnez, ez dute aukerarik beren baldintzak hobetze aldera antolatzeko eta ordezkaritza sindikala hautatzeko.

Egoera horren aurrean, apirilean sektorean ordezkaritza dugun sindikatuok (LAB, ELA, CCOO, USO eta UGT) erabaki genuen berriro ere negoziazio mahai bat deitzea eta plataforma bateratu bat aurkeztea. Besteak beste, honakoak proposatu genituen: soldatak handitzea, lanaldia murriztea, baja guztiak osatzea, plus berriak sortzea edo baldintzak eguneratzea eta subrogazioa bermatzea.

Maiatzean CECOBI-ATILAVIren erantzuna jaso genuen, eta hain da txarra, ezen berehala baztertu eta beste bat eskatu behar izan baitugu. Soldata-igoera nimiñoak planteatu ditu, eta zer esanik ez proposatzen dituzten lan-baldintzen atzerapausoez: lan-istripuengatiko Aldi Baterako Ezintasunagatiko osagarriaren baldintzak okertzea, tindategietako asteburuko atsedenaldiak kentzea, lanaldia estatuko gobernuak ezartzen duen neurrian bakarrik murriztea, malgutasuna handitzea are Langileen Estatutuak ezartzen duenaren gainetik ere, oporrak baliatzeko baldintza are gehiago jartzea, antzinatasuna 2006ko soldaten arabera izoztea eta bi bosturtekora mugatzea… Hau da, langile askoren lan- eta bizi-baldintzak okertuko lituzkeen hitzarmena nahi dute.

Beraz, espero dugu ekainaren 18an izango den hurrengo negoziazio-mahaian patronalak sindikatuen aldarrikapenak aintzat hartzea eta beste proposamen bat ekartzea, nahiz eta ez duen horretarako konpromisorik hartu.

Argi uzteko ez dugula atzerapausorik onartuko eta, behar izanez gero, kalean aurkituko gaituztela, gaur, ekainak 11, mobilizazioak egin ditugu sektoreko lantoki nagusietan.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LAB, ELA eta UGT sindikatuok EAEko langileon kolektibitateen hitzarmen propio baten alde mobilizatu gara

Pasa den martxoan LAB, ELA eta UGT sindikatuok mobilizazio prozesu bati ekin genion kolektibitateetako enpresei exijitzeko behingoz eser daitezela sektoreko langileentzat EAEn hitzarmen propioa...

LABek hezkuntza publikoan sinaturiko lan-hitzarmenek, langileon lan baldintzak hobetzeaz gain, kalitatean aurrerapauso handiak ekarriko dituzte

Hezkuntza publiko osoan 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzeko, erabakigarria izan da LABen lana, bai akordio laboralean adostutako neurriak eremu bakoitzera eramaten, eta baita grebak eta mobilizazioak sustatzen ere.

LABek José Ignacio Murilloren zuzendaritza jo du Sunsundeguiren egoeraren errudun, eta gertatutakoa sakon ikertzeko eskatu du

LABeko Sunsundeguiko ordezkariek eta sindikatuko Sakanako arduradunak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Iruñean 338 pertsona kalean utziko dituen lantegiaren itxieragatik erantzukizunak eskatzeko.