2024-05-16
HomeEkintza SindikalaBizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz...

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

Joan den martxoaren 27an, LABek eta ESK-k proposamen berri bat argitaratu genuen. Proposamen hori martxoaren 18ko negoziazio-mahaian Gizardatzek eta Geroanek egin zutenari erantzutera zetorren. LABen eta ESKren proposamena langileei bidali zitzaien, baita erakunde guztietako zuzendaritzei eta Gizardatz eta Geroan erakundeei ere. Apirilaren 16an Lan Harremanen Kontseiluan erregistratu zen. Gizardatzek eta Geroanek martxoaren 18an negoziazio-mahaian egin zuten proposamen zitalari erantzutea zen ekimen horren helburua, akordiorako aukera oro urruntzen duen proposamena, alegia. Gizardatzen eta Geroanen erantzuna apirilaren 17ko greba-egunaren deialdiaren aurretik langileei zuzendutako informazio-buletin bat izan zen. Bertan, alderdi honi edozein proposamen aurkezteko “bide ofizialak” erabiltzea eskatzen zaio, baina LABen eta ESKren proposamen berriaren edukiak baloratu gabe.

LABek eta ESK-k uste dugu ez dagoela “modu estraofizialik”, are gehiago, uste dugu garai honetan bide guztiak beharrezkoak direla. Eta Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu boikotatzeko jarrera hori alde batera utz dezatela, dagokien erantzukizuna beren gain hartzeko eta negoziazio-klabean jartzeko.

Horregatik guztiagatik, LABek eta ESK-k mobilizazioen ziklo berri bat ireki dugu, Gizardatzek eta Geroanek Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena blokeatzeari utz diezaioten eskatzeko:


• Gaur, apirilak 29, kalejira Foru Aldunditik Lan Harremanen Kontseiluraino. Bertan, Bizkaiko Esku-hartze sozialeko 32. negoziazio-mahaia egongo da.

• Mobilizazioak areagotuko ditugu hainbat erakunderen aurrean, sektorea hitzarmenik gabe egotearen erantzule direla adierazteko.
• Maiatzaren 13an, 24 orduko itxialdia.
• Maiatzaren 14an, sektoreko greba.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako itunpeko ikastetxeetako eta ikastoletako langileak mobilizatu egin gara, benetako negoziazio eraginkorra lortzea xede

LAB, SEPNA-FSIE, UGT eta ELA sindikatuok jakinarazi nahi dugu, Nafarroako Hezkuntza Ituna duten ikastetxeetako langileen lan baldintzak arautzen dituen akordioa laster amaituko den honetan, ez dugula ez aurrerapenik ikusten eta ez dugula berririk akordio horren balizko negoziazioari buruz. Horrek Hezkuntza Departamentuaren eta sektoreko patronalen borondate eza adierazten du.

Nafarroako Hezkuntza Departamenduak benetako negoziazioa ahalbidetu behar du behingoz

Aurreko ikasturtean (2022-23), sindikatuok premiazkotzat jotzen ditugun eskari batzuk planteatu genituen, ikasgeletako hezkuntza-kalitatea eta irakasleon lan-baldintzak hobetzeko: ratioak jaistea, lan-gainkarga murriztea, interinitatea arintzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea; Administrazioak berak % 15ean aitortu eta tasatu egin du.

Enplegu publikoa eta lan-baldintzak hemen erabaki daitezen, emendakinak aurkezteko eskatuko diegu sindikatuok alderdi politikoei

LABek, ELAk, CCOOk, STEILASek eta ESK-k alde biko bilerak deitu ditugu Espainiako Estatuko azken hauteskundeetan EAEn ordezakaritza lortu zuten alderdi politikoak, maiatzaren 20an. Bilera horietan sindikatuok proposamen bat aurkeztuko diegu alderdiei, Espainiko Diputatuen Kongresuan zuzenketa bat aurkez dezaten. Zuzenketa hori onartzeak euskal langile publikoen enplegua eta soldatak erabakitzea ahalbidetuko luke.