2026-03-19
HomeEkintza SindikalaBizkaiko esku-hartze sozialeko beharginak kalera atera dira grebaren lehenengo egunean

Bizkaiko esku-hartze sozialeko beharginak kalera atera dira grebaren lehenengo egunean

Pribatizazioaren aldeko joera tarteko, Bizkaiko esku-hartze sozialeko 4.000tik gora langile ahaztuta utzi dituzte herri-administrazioek (Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, udalak…), Gizardatz eta Geroan sektoreko patronalen onespenarekin. Halaxe salatu dute gaur, greba eguna, Bilboko kaleetan egindako manifestazioan. Bihar ere greba egingo du sektoreak.

Instituzio eta patronalek hartzen dituzten erabakiek prekarizazioa dakarte eta langileen zein zerbitzua jasotzen duten pertsonen osasuna arriskuan jartzen dute. Eztabaida sozialetik at utzi nahi dute zenbateko premia dagoen lehentasuna emateko lana kalitatez egiteko moduari. Esan gabe doa, zaintzaren beste eremuetan bezala, lan hori emakumeen esku geratzen dela.

Azken urteetan gertatu izan den moduan, urteko egun guztietan baliabide oso urriekin ari gara lanean. Langile eskasia, arrisku psikosozialen ebaluaketa ezdeusa (edo ez egitea), bereziki babestu beharreko zentro eta jardueren irizpideak txertatu eta zehazteko borondate eza eta baldintza ekonomikoen pobretzea dira, besteak beste, langileok mobilizazioak eta grebak deitzera eraman gaituzten arrazoiak.

Eta orain zer? Lan-hitzarmenik gabe urte eta erdi luze joan delarik, negoziazio-mahaiaren 19 bileretan patronalak aurrerapausorik emateko borondaterik ez du erakutsi; proposamen ekonomikoek urte bakoitzeko KPI errealaren pareko igoera ere ez dute bermatzen; atzerakinik ez, lehenengo egunetik egindako ordezkapenik ez… Beraz, iritsi da salaketarako unea: gu gabe sistemak porrot egiten du.

Horregatik, deitoratzekoa da herri-administrazioek eta patronalek gure lanaren balioa ez aitortzea eta, areago, sektoreko beharrizanak osatzeko aldarrikatzen ditugun eskariei erantzunik ez ematea, horrela abandonatuta uzten gaituztelarik egunez egun gure eginbeharra betetzen dugun 3.500dik gora langileok, baita zerbitzuaren erabiltzaileak ere.

Egoera hori izanik, sindikatuok (LAB, ELA, CCOO eta ESK), langileen kolektiboarekin batera, salaketa irmoa plazaratu nahi dugu. Herri-instituzioei eta patronalei galdegiten diegu negoziazio-mahaian jarri ditugun aldarriei irtenbide estrukturala eman diezaiotela.
Aldarrikapen horiekin honako puntuak bermatu behar dira, besteak beste: KPIa bermatzea 2022-2023 urteetarako, funtsezko aldaketetarako langileen ordezkariekin akordioa bermatzea, kontziliazio neurrien hobekuntza, bajak osagarritzea, ordezkapenak lehen egunetik egitea, lan-egutegian eta horren antolaketan hobekuntzak, berdintasun planak…

Hala, bihar ere kalera aterako dira Bizkaiko esku-hartze sozialeko beharginak, eta manifestazioa deitu dute, 10:30ean Bilboko Udaletxetik atera eta Foru Aldundiraino joango dena.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.